Emakumeok ere Europako Konstituzioari ez!

Azpeitiko Bilgune Feminista 2005ko ots. 1a, 14:02

Otsailaren 20an Europako Konstituzioaren inguruan herritarrok erreferendum batera deituak izan gara. Inauteriak direla-eta Europa “demokraziaz” mozorrotu nahian edo, eskatu ez dugun eta ezagutzen ez dugun konstituzio iruzurti baten inguruan bozkatzeko eskubidea (edo betebeharra) eman digute.

Talde politiko desberdinek aukera desberdinak bultzatzen dituzte; batzuek ezezkoa eskatzen dute, abstentzioa beste batzuek eta baiezkoa eskatzen duenik ere badago. Baiezkoa eskatzen duten PNVko gizon hauetako baten argudioetako bat zera izan da, “Hobe da teilatu bat itukinez beteta, teilaturik ez edukitzea baino”.

Azpeitiko mugimendu feministatik, konstituzioari buruzko irakurketa desberdinak aztertu ondoren teilatu honek ezezkoa bozkatzeko nahiko itukin badituela ikusten dugu, ondoren adieraziko dugun moduan.

Konstituzioaren testuan zehar ez du emakume eta gizonen arteko parekidetasuna kultur balore europeartzat baieztatzen, ez dio garrantzirik ematen ordezkaritza instituzionaletan partehartze parekideari. Zenbait kasutan gizon hitzaren atzean ezkutatzen gaituzte ikusezin bilakatuz, eta ez da emakumeen egoera diskrimatzailearekin bukatzeko inongo arau behartzailerik, ez baliabiderik, ez estrategia politiko edo juridikorik bideratzen.

Konstituzio honek ez du gerraren aurkako jarrerarik agertzen, aitzitik defentsa militar politika indartzen du NATOren barruan, eta indar armatuen erabilera politikarako instrumentu bezala orokortzen du. Gatazka armatuetan europar batasuneko estatuen inplikazioa areagotzen du. Konstituzio honek, emakumeok sufrimenduaren biktima zuzenak bihurtzen gaituzten gerrak eragotzi baino sustatu egingo ditu.

Euskal Herriko emakume gisa, zuzenean sufritzen dugu gure herrirari egiten zaion autodeterminazio eskubidearen ukazioa eta konstituzio honek ukazio hau elikatu baino ez du egiten.

XXI. mendean eta Europa Batuaren garai hauetan, oraindik ere ez zaizkigu gure osasun eskubideak bermatzen. Aborto edota kontrazepzio eskubideak, besteak beste.

Politika ekonomikoari dagokionez eredu sozial europearra merkatu ireki eta konpetentzia askeko printzipio ekonomiko baten pean kokatzen digu; honek guztiak prekarizazioa, kaleratze errazak, aldi baterako lanaldi inposatuak, etab. suposatzen du. Gaur egun lan baldintza hauetan lan egiten dutenen gehiengoa emakumeak izanik, hauek izango dira egoera honen okertzea zuzenean sufrituko dutenak.

Bestalde pribatizazio eta murrizketak izango dituen lan sektorearen gehiengoa ere emakumez osatutakoa da (osasuna, hezkuntza, gizarte zerbitzuak,...). Lanpostu hauen murrizte eta desagertzeak emakumeen langabezi tasaren igoera ekarriko du, emakumeen pobrezia egoera areagotuz.

Bestalde, ongizate estatuaren desagerpenaren ondorioek ere emakumeoi modu zuzenean eragingo digu. Estatuaren ardura izatea lortu zen zenbait zerbitzu (haurtzaindegiak, helduen eta gaixoen zaintza,...) desagertu edo pribatizatu egingo dira. Berriro emakumeen bizkarrera eroriko den karga bat gehiago izango da.

Konstituzio honek etorkinen egoeraren inguruan, zigor jazarpen eta bazterketa politikak bultzatzen ditu, emakume etorkinen egoera larriagotuz.

Bestalde “emakumeak ezkondu eta familia sortzeko eskubidea” ematean familia eredu tradizional baten inposaketa bultzatzen ari da, familia eredu desberdinei lekurik utzi gabe. Aukera sexual desberdinei biderik eman gabe. Emakumeoi sexu bereko pertsona batekin familia bat osatzeko eskubiderik bermatzen ez zaigularik.

Emakume moduan, baita herritan moduan ere, nahikoa arrazoi baditugu konstituzio honi ezezkoa emateko. Agian itukinez betetako teilatu honekin konformatzen direnak beraiek bustiko ez dituelako izango da. Behin teilatu bat egiten hasita guztiok estaliko gaituen bat egitea exijitzen dugu eta ez emandako lehenegoarekin konformatu!!!

Otsailaren 20an konstuituzioari EZ!!

Azpeitiko bilgune feminista