Utzi bakean Azpeitia, PNV-EA errepresioa gelditu!

Azpeitiko Askatasuna 2005ko urt. 22a, 17:01
  • Sansebastian bezperan, herriko hainbat talderen ahoa itxi eta aldarrikapenak ezkutatuz, eta adierazpen askatasuna ukatuz pankartak kendu zituzten

San Sebastian bezperan gertaturikoa ez da salbuespen bat. Salbuespen egoera baten ispilu bai ordea. Normalean diskrezioz egiten saiatzen direna, ehundaka herritarren aurrean egin zuten ertzainek. Herriko hainbat talderen ahoa itxi eta aldarrikapenak ezkutatu, eta adierazpen askatasuna ukatuz pankartak kendu zituzten.

Pankartak kentzea helburu zuen operazio poliziala burutzeko, ertzainez josi zituzten herriko plaza eta bere inguruak. Batzuk kalez jantzita, besteak furgonetatik jeitsi berriak, armak eskuetan, burua estalita. Pankartak bota edo bota nahi zituztenei tiro mehatxuak eginez, identifikatuz eta irainduz; festaz gozatzen ari ziren umeak beldurtuz eta ain ume ez direnak ere beldurtuz.

Baina zoritxarrez aipaturikoa ez da gertaera isolatu bat, Azpeitian ertzaintzak daraman errepresio dinamikaren eskutik etorri zaigun azken kapitulua da. Laister argitaratuko dute hurrengoa, egon ziur. Sarri kentzen baitituzte herriko taldeek jarritako pankartak, askotan ilegalizatutako elkarteei jarraipenak eginez, gehiegitan manifestazioak eragotzi edota manifestazioetan parte hartzeagatik isunak bidaliz herritarrei (guztira 25.000 euro).

Eta zer diote Azpeitiko Udaleko agintariek egoera honen aurrean? Ezer ez. Ertzaintzari babes osoa eskaintzen diote. Eta hori legealdiaren aurreneko egunetik izan da horrela. Udaletxe azpian Ertzaintzak hainbat herritar jipoitzen zituen bitartean hartu baitzuten udal ordezkariek euren kargua (baita azpeitiarron ordez, Garzon epaileak aukeratutakoek ere). Bederatzi gazteen auzian ere, gazteei babesa eskainiz eginiko manifestazioa Ertzaintzak erasotzen zuen bitartean; epaiketara ez agertzeagatik epaileak Bastidari ezarritako isuna, udalak ordaindu zuen. Eta beste egun batean antzeko zerbait, eta beste batean...

Baina gertakari hauek eta antzekoak ez dira albiste bihurtzen, ez komunikabide ofizialetan behintzat. Eta honela lasaitasun osoz gauzatzen du Ertzaintzak errepresioa, bai Azpeitian eta baita elkarte autonomoan ere, PNV eta EAren babes osoarekin. Zintzo asko gestionatzen dute, Madrilen PSOEk eta PPk diseinaturiko estrategia errepresiboa. Normalizazio politikoaz hitz egiten diguten bitartean, errepresioaren normalizazioa dute helburu. Bide politikoak aipatzen dituzte, baina bide poliziala indartzen dute. Biolentzia salatzen dute, baina biolentzia poliziala babesten dute helburu politikoak lortzeko. Noiz aitortuko dute bide polizialak sufrimendua eta gatazkaren luzapena besterik ez dakarrela?

Konponbidea lortzeko eragozpena ETA erakundea dela aipatzen dute behin eta berriro, ETAren su-etena ezinbesteko baldintza hitzegiten asteko. Norbaitek Ertzaintzaren su-etena ere eska dezake antzeko argudioak erabiliz, edo guardia zibilarena edo Gendarmeena. Baina aitzakia merkeen gainetik, konponbiderako borondatea dutenek ez dute aurrebaldintzarik jartzen. Bada garaia gatazkaren oinarrietara jo eta euskaldun guztion eskubideen errespetuan oinarrituko den konponbide politikoaren bidean urratsak ematen asteko. Eta errepresioaren gainetik horretan ari da Amnistiaren aldeko mugimendua, horretan ari da ezker abertzalea.