Zaputza

Jose Luis Otamendi 2005ko urt. 17a, 20:01
  • 'Urola-Kostako Hitza'-n argitaratu da gaur (asteartea) artikulua
  • Jose Luis Otamendi, Udalaren eta Uztarriaren arteko euskara hitzarmenaren aferaz aritu da

Uztarriak ez du hitzarmenik eten. Udalak ez du hitzarmenik eten. Egin dutena izan da 2004ko martxoan sinatu zuten hitzarmena ez berritu. Eta ez berritze horretan bakoitzak bere arrazoiak ditu.

Ematen du zerbait aldatu nahi izan duena Uztarria izan dela, Udala gustura zela hitzarmenarekin eta segiko liokeela beste urtebetez, eta urte gehiagotan ere bai. Ondo, baina tratua badakigu zer den. Tratuak bere alderdiak ditu eta aldatzeaz gainera, hautsi egin daitekeela ere onartzen ez duena ez dabil ondo.

Hitzarmena ez berritzearen ardura alde biena izango da. Eta berriro esan dezagun, helburua ez da Udalaren eta Uztarriaren artean akordioa sinatzea, baizik eta herri mailako eta Euskal Herriko euskararen normalkuntzari laguntzea. Horretarako erakundeen eta euskalgintzaren arteko lankidetza garrantzitsua dela dudarik ez dago. Baina edozein prezio ordaintzeko prest ezin gaitezke egon. Badira lehenagoko gauzak.

Saio bat egin da eta ez da aski onuragarria gertatu alde bientzat. Uztarriako kide askok uste dugu inondik ere ez duela zintzo jokatu Udalak. Ez duela funtsean 2004ko hitzarmenaren mamia bete, eta ez duela betetzeko asmo sendorik erakutsi. Eta hori esan egin dugu. Hain erraza da akordioekin ados egotea eta sinatzea, gero sinatutakoa ez betetzekotan.

Udal gobernua ezetzak ematen ohituta dago baina berari kostatu egiten zaio ezetzak onartzea. Euskalgintzaren parte zabal bat ordezkatzen duen Uztarriak proposatutako akordioari ezetz esan dio Udalak. Uztarriak egin du hitzarmen proposamen idatzi bakarra. Itun hori ez da berritu eta hemen denok lanean jarraitzen dugu. Udalak berean, Uztarriak berean.

Gainera beste lankidetza modu batzuk badira. Uztarriak EBPNn jarraitzen du. EBPNko Aholku Batzordean parte hartzen du, nahiz eta hor ere, borondate txarrik gabe seguru asko, udalak leial jokatu ez. Nola liteke, bestela, Aholku Batzordeak 2005eko kudeaketa plana onartu aurretik, Azpeitian zer?-en adieraztea 2005ean zer egingo den, kudeaketa planean zer onartuko den aurreratzea? (Aholku Batzordearen azken bileran ez zen bozkatu Kudeaketa Plana, eta udalbatzarretik ez da pasatu). Uste dut Udala ez dela ari egia esaten 2005eko kudeaketa planari buruz ari denean, eta gehiegizko ausarkeriaz ari dela eskaini behar dituen bi agiriei buruz (Bai Euskarari Ziurtagiria eta HEBE) ari denean.

Hori estiloa da niretzat. Jauntxokeriatik, goitik behera begiratzen ohituta dagoenaren bizioak dira. Eta Azpeitian euskalgintzaren parte handi bat ez dago horrelakorik ametitzeko. Uztarria ez da bi sosen aldera salduko, garbi dauka zein diren bere helburuak, Uztarria ez da hortik bizi, langileak ditu, ez mertzenarioak.

Uztarria eta Uztarriako zuzendaritza bere bazkideen menpe dago, Udal agintariak azpeitiarren borondatearen eta legeak ezarritako baldintzen arabera aldatzen dira. Nire ustez, berriz, Azpeitiko EBPNko zuzendaritza teknikoa, gaur-gaurkoz ez da batere lagungarria euskararen normalkuntza normaltasunez gara dadin.

Ez dakit aldi bat amaitu den edo krisialdi iragankor bat besterik ez den bizi duguna. Nahiago nuke euskalgintza indartuta aterako balitz kinka honetatik. Bere ikasbideak ekarriko ditu. Uztarriak beharrezkoa du Udalarekin lankidetza bideak sakontzea eta horretan saiatuko dela ez dut dudarik, baina bere buruari eta bere egitekoari zor dio zintzo jokatzea beste ezeren aurretik.