Inposizioa edo euskararen normalizazioa?

Mikel Arregi (Uztarriako Euskara taldeko kidea) 2005ko urt. 17a, 17:01
  • Ana Mendizabal Euskara batzordeburuari erantzunez
  • "Udalak akordioa ez du bete" eta "helburua ez da Udalaren eta Uztarriaren arteko akordioa gauzatzea, euskararen normalizazioan pausoak ematea baizik"

Ana Mendizabal, Azpeitiko Udaleko Euskara batzordeburuak, Udalaren eta Uztarriaren arteko euskara akordioaren etenaz idatzi duenari erantzunez, Uztarriako Euskara taldeko kide bezala (ikus aurretik idatzi zuena Uztarriak).

1. Haur batek oinez ikasteko oin osasuntsuak behar ditu, eta akordio honek ez zituen. Iaz, sinatu genuenean ere uste hori zuen Uztarriak. Horrexegatik, orduan ere Uztarriak orain egin duen proposamenaren ia bera egin zuen. Udalak ez zuen onartu. Eta Uztarriak, atzera eginez, froga bat egitea erabaki zuen, oso gustuko ez zuen akordioa sinatuz. Denborak erakutsi digu akordioak ez duela fruiturik eman, eta ezingo zuela eman. Denbora nahikoa egon da hori ikusteko.

2. Gu ez gara hasi eta ez gara hasiko akordio urraketak nahita edo nahi gabe eginda dauden baloratzen. Hori Udalak jakingo du. Baina Udalari akordio urraketen berri orain dela pare bat hilabete eman geniola, bai esan dezakegula. Eta horren ondoren ere akordio urraketak egon dira. Alegia, akordioan espreski jartzen ziren gauzak Udalak ez dituela bete. Nahita edo nahi gabe, Udalak akordioa sinatu bai, sinatu zuen, baina urte osoan zehar lana egiterakoan ez dio begiratu ere egin.

3. Argi gelditu da bi ziurtagiri egoteak eraginkortasuna nabarmen murriztu duela. Ziurtagirien arteko lehiaketa planteatu da, eta horrek nahasmenaz gain efikazia eza ekarri du. Datuak hor daude, eta baita aurrekontuak ere. Eta Uztarriak inposatu nahi omen duena, Euskal Herriko herri askotan funtzionatzen ari den eredua da. EAJ alkatetzan eta EBPN martxan den hainbat herritan funtzionatzen ari den eredua: Villabona, Zestoa, Ondarroa, Tolosa... ditugu adibide. Gainera, Azpeitiko Udalak HEBE asmatu aurretik, Azpeitian Bai Euskarari Ziurtagiria bide ona egiten ari zen, Uztarriak Kontseiluarekin bultzatuta (36 eragile zuten orduan). Euskarak ez du hausturarik behar, elkarlana behar du. Eta elkarlan horretarako, Bai Euskarari tresna eraginkorra dela diote aurreko adibideek. Azpeitia da, ziurtagiri eraginkor bat egon eta bigarren bat inposatu nahi izan den herri bakarra. Eta ez du funtzionatu.

4. Uztarriak izendatutako langilearen egoera samurtzeko guztiok egin genezakeen zerbait gehiago. Ados. Baina eguneroko lanean Udalak kontratatutako enpresaren aginduetara egon da langile hori. Eta nahita edo nahi gabe, Uztarriaren eta Udalaren artean adosten ziren gauzak ez zitzaizkion jakinarazten. Bai Euskarari Ziurtagiriaz jaso duen informazio guztia, Uztarriak emandakoa izan da.

5. Bukatzeko, Uztarriak akordio proposamena egin zuenean, ez genituen lau gauza berri planteatzeagatik planteatu. Guretzako, bakoitzarentzat bazen nahiko arrazoi. Eta beraz, asuntoa ez da hiru bai eta bat ez, edo bi bai eta bi ez. Askoz gehiago proposa zitzakeen Uztarriak, baina aurrera egiteko (baina aurrera, ondo), lau horiek planteatu zituen. Kontua da proposamenak eztabaidatu eta atzera bota nahi badira, arrazoiak eman behar direla. Eta Uztarriak ez du HEBE mantentzeko taxuzko arrazoirik entzun Udalaren aldetik. Eta emaitzak, aurrekontuak, eta beste herrietako adibideak hor daudenez, akordio berri bat planteatu dugu, euskararen normalizazioan aurrera egiteko asmo duen akordio bat; helburua ez baita Udalaren eta Uztarriaren arteko akordioa gauzatzea, euskararen normalizazioan pausoak ematea baizik.