Enekoitz Esnaolaren hitzek egia zor dute

Azpeitiko Udala/Alkatetza 2005ko urt. 14a, 10:01
  • Enekoitz Esnaolaren iritziari erantzunez.

Kazetariek urrezko araua dute, luma edo mingaina dantzan jarri aurretik, jakinaren gainean egon beharra. Enekoitz Esnaola jauna kazetari dugu eta, oraingo honetan behintzat, ezjakintasunetik Azpeitiko Udalaren jokabidea salatu eta gaitzetsi du era mingarrian. Enekoitz Esnaolaren hitzek egia zor dute. Eta hitz horiek egiaren zordun diren aldetik Azpeitiko Udalak badu esatekorik:

1- Azpeitiko herriak, bere udal-ordezkarien bitartez, ohitura izaten du 100 urte betetzeko poza izaten duten herritar guztiei, udaletxean edo beren etxean bertan, lore sorta bat eta plaka edo oroigarri bat emateko.

2- Joan den asteartean, 2005-01-11n, Iñaki Goenaga Alberdi herritarrak 100 urte bete zituen. Aldez aurretik, urtebetetzea baino egun batzuk lehenago, Azpeitiko Udaletik Iñaki Goenagarekin jarri ginen harremanetan eta hain sasoiko ikusita, omenalditxoa azpeitiar guztien etxean, udaletxean, egiteko asmoa erakutsi genion eta Iñaki Goenagak eskaintza onartu egin zigun.

3- Iñaki Goenagak Udaletxera etortzeko gonbitea onartu zuenean, Azpeitiko Udalak hedabideei ere, bere asmoen berri emanez, udaletxera etortzeko gonbita egin zien.

4- Urtebetetze egunean, makal samar zegoela-eta, Iñaki Goenagak Udaletxera etortzeko ezina adierazi zion Azpeitiko Udalari. Orduan, Azpeitiko Udaletik galdetu genuen ea bisitarik hartzeko moduan zegoen eta baietz esan zigutenean, baimena eskatu genuen, Azpeitiko Udalaren izenean, alkatea joateko.

5- Kontuak honela, eta ekitaldia udaletxean egiterik ez zegoenez, Azpeitiko Udalak hedabideei gertatutakoaren berri eman zien udaletxera alferrik ez etortzeko. Era berean hedabideei adierazi genien udalak aterako zituela argazkiak eta helaraziko zitzaizkiela.

6- Enekoitz Esnaolaren hitzetan: “Udalak Hitza-ri eta Uztarriari debekatu egin zien Iñaki Goenagaren etxera joatea”. Azpeitiko Udalak ez dio inori debekatu Iñaki Goenagaren etxera joatea, era berean, ez dio inori gonbiterik egin besteen etxera joateko. Zein da Azpeitiko Udala Iñaki Goenagaren etxera inor gonbidatzeko? Azpeitiko Udaleko ordezkariok, gizalegeak agintzen duen bezala, baimena eskatu genuen joan ahal izateko.

7- Enekoitz Esnaola jaunaren arabera, Hitza-ri Iñaki Goenagaren etxera joatea debekatu zitzaion eta Diario Vascori ez, alegia, Udalak Diario Vasco-ren argazkilaria eraman zuela salatzen du Esnaola jaunak. Azpeitiko Udalak Iñaki Goenagaren etxera tankera bereko ekitaldi guztietara eramaten duen argazkilaria eraman zuen, Pepe Gil jauna. Pepe Gil jauna Iñaki Goenagaren etxean ez zen Diario Vasco-rentzat lanean aritu, Azpeitiko Udalarentzat baizik. Gainera, agindua eman zitzaion argazkiak prest izan bezain pronto hedabideetara helarazteko (baita Hitza-ri ere).

8- Azpeitiko Udalak badaki, ondo asko gainera, Iñaki Goenaga zein den: gerran gudari ibilia, kartzelan egona, euskaltzale amorratua eta EAJ alderdiko kide, besteak beste, dena dela omenaldiaren arrazoia bere 100. urtebetetzea zen eta tristea da, oso tristea gainera, egun pozgarri hori aitzaki hartuta horrelako xextra sortzea. Oraingo honetan, horixe besterik ez du egin Enekoitz Esnaola jaunak.

9- Ezjakintasunetik Azpeitiko Udalaren jokabidea epaitzen eta gutxiesten ari dena asmo gaiztoan dabil.(Enekoitz Esnaola: “Udalak, berak antolatutako agerraldi baterako baztertu egin du Uztarria. Nola ulertzen da hori? Honela: Udalak Uztarriarekin sinatua duen Komunikazio hitzarmenaren izaerari ez dio kasurik egiten, Udalari ez zaio interesatzen herri ekimenetik ateratako horrelako proiektuak benetan bultzatzea, eta hitzarmena sinatu bazuen, herritarren aurrean ondo geratzeko izan zen.). Egia zorretan duenari hitz ustelak nagusitzen zaizkio.

Familiari zor diogun errespetuagatik idatzi hau gaurko egunez bakarrik egotea eskatzen dugu.