Udalari, serio jarrita

Enekoitz Esnaola 2005ko urt. 13a, 15:01

Pasadizo batekin hasiko naiz.

1993a zela uste dut, eta Egunkaria-ko kazetari gisa, Realaren prentsaurreko batera joan nintzen. Donostian, Gaztelubide soziedadean zen agerraldia, eta, hasi aurretik, Tito Irazusta kazetariak hitza hartu zuen. Egin egunkarian egunero Realaz idazten zuen orduan Irazustak, eta SER irrati katean ere egiten zuen lan. Kazetari hura haserre zegoen orduan, Realak informazio bat El Diario Vasco-ri eman ziolako, ez beste inori; hau da, DVk egun hartan ttak argitaratu zuelako eta ez beste inork. "Realak informazioa kaleratu behar badu, komunikabideekiko berdintasuna eskatzen dut", esan zion Irazustak Luis Uranga Realeko orduko presidenteari, gogor.

Gaur egun Irazustak Grupo Vocenton egiten du lan; komunikazio enpresa talde horretakoak dira DV, Teledonosti, ABC... eta kazetari hori bera da Teledonostiko zuzendaria —Realari buruzko kirol saio bat egiten du— eta DVn astero pare bat iritzi artikulu idazten ditu Realaz. 1993an bezala, egunkarien artean Gipuzkoan DV da nagusi, eta besteak bigarren mailakoak. Egia da DV gaur egun Realean dauden agintarien kontra gogor ari dela, baina egia da, era berean, DVk segitzen duela Realeko informazio pribiIegiatu asko jasotzen, Realak zirrikituak uzten dizkiolako. Eta Irazustak ez du orain "berdintasun" hori eskatzen.

Uztarriak eta Urola-Kostako Hitza-k orain eta beti eskatuko diote Azpeitiko Udalari, berak bere kabuz ofizialki informazioa zabaltzean, komunikabideekiko berdintasuna izatea. Orain ez dauka. Eta honatx azkeneko adibidea.

Iñaki Goenaga Sistiya-k 100 urte bete zituen asteartean. Udalak, 100 urte betetzen dituzten herritarrei, lore sorta-eta ematen dizkie, normalean norberaren etxean bertan, baina Goenagari udaletxean omenaldi txiki bat egiteko asmoa zuen. Izan ere, Goenaga euskaltzale handia izan da. Uztarriak berak lehengo urtean Kultur Koordinadorako ohorezko bazkide bihurtu zuen, Sindikatu Zaharrean egin zen ekitaldian.

Baina asteartean bertan gaixorik zen Goenaga, eta Udalak udaletxeko ekitaldia bertan behera utzi zuen. Udaleko langile batek hori esanez hotsegin zuen Hitza-k Azpeitian daukan egoitzara, eta zioen udal arduradunak beraiek joango zirela Goenagaren etxera. Udaletxeko hark Hitza-ra deitu zuenean (beraz, Uztarriara ere bai, biek koordinatuta egiten dutelako Azpeitiko lana), ekitaldira joan behar zuen Hitza-ko kazetariak berak hartu zion telefonoa, eta honek: "Ah, bale. Neu naiz, gainera, ekitaldira joatekoa". Eta udaletxekoak: "Baina gonbidatuta al zaude ba?". Hau da, Hitza-koari Goenagaren etxera ez joateko esan ziola. Nonbait, etxeko ekitaldi hori pribatua egin nahi zuten.

Asteartean bertan Hitza-ko kazetari horrek Julian Eizmendi alkatearekin hitz egin zuen, eta honek esan zion bidaliko zutela posta elektronikoz Goenagaren etxean ateratako argazkia.

Hitza-k asteazkeneko egunkariaren azkeneko orrialdean Iñaki Goenagaz erreportai txikia egiteko asmoa zeukan, eta nahiz eta Goenaga gaixorik izan, Hitza-k eutsi egin zion asmo horri, artxiboko argazkia sartu zuen arren (Uztarriak ohorezko bazkide izendatu zuenekoa). Eta gaur (osteguna) labur batean etxeko argazki hura sartu eta ondo. Baina astearteko omenaldiko argazki hori gaur ez da agertzen ez Hitza-n, ez uztarria.com-en, Udalak oraindik ez duelako bidali batere.

Baina gaur DVren Azpeitiko kartan bai ageri dela argazki hori, Pepe Gil DVko argazkilariak aterata.

Hori dena serio jartzeko modukoa da, hauxe esateko gure Udalari:

- Udalak Hitza-ri eta Uztarriari debekatu egin zien Iñaki Goenagaren etxera joatea. DVri ez. Udalak diskriminatu egin ditu euskararen aldeko proiektu komunikatiboak. Eta DV lagundu.

- Udalak merezitako omenaldia egin dio Iñaki Goenagari. Baina Uztarriak ere egin zion iaz, eta koordinadorako ohorezko bazkidea da bera. Beraz, Uztarriari ere errespetu bat, honek bere ohorezko bazkideaz ondo informatu ahal izateko.

- Udalak Komunikazio akordioa berritu zuen Uztarriarekin 2004ko ekainean. Baina Udalak, berak antolatutako agerraldi baterako baztertu egin du Uztarria. Nola ulertzen da hori? Honela: Udalak Uztarriarekin sinatua duen Komunikazio hitzarmenaren izaerari ez dio kasurik egiten, Udalari ez zaio interesatzen herri ekimenetik ateratako horrelako proiektuak benetan bultzatzea, eta hitzarmena sinatu bazuen, herritarren aurrean ondo geratzeko izan zen (gogoratu: 1.024 bazkide ditu Uztarriak, eta sare zabala herriko eragileekin eta norbanakoekin).

- Udalak, bere informazioa ematean, ez du berdin jokatzen komunikabideekin. Kasu askotan, DVri eman izan dio, eta informazio bera Hitza-ri eta Uztarriari ukatu. Iñaki Goenagari egindako omenaldia da azkeneko kasua.

- Udalak ba al daki Iñaki Goenaga zein den benetan? Ba al daki Goenagak zer egin zuen, garai latzetan, euskarazko prentsaren alde? Ba al daki zer pentsatzen duen euskarazko kazetaritzaz? Euskarari buruz? Abertzaleez? Zeinen artean atera behar den aurrera Herri hau?... Adorerik izan al luke Udaleko inork hauxe esateko Goenagari (gauzak gertatu ziren bezala): "Begira, Iñaki, zu ohorezko bazkide bihurtu zintuen elkartearen bi komunikabideri (Uztarriari eta hau parte den Hitza-ri) ez diegu gaur hona etortzen utzi. DV ekarri dugu. Zuregana DV, Iñaki. Ibarretxe Plana, euskara, Euskal Herria... egurtzen ari den DV. Eta bertako argazkilariak aterako zaitu dotore argazkian, eta gu ere bai, klaro".

Pasadizo batekin hasi naiz, eta beste bat utzi dut bukaera alderako, Euskarazko prentsa eta Azpeitia liburuan datorrena, 104. orrialdean (2004ko urria, Uztarria): "Joseba Egibar eta ‘iturriak’. Maiatzean izan diren udal hauteskundeetan Lizartzan EAJren alkategai zen Joseba Egibar, bera andoaindarra izan eta Donostian bizi arren, eta azalpenak ematera joan zen lizartzarren aurrera, hauen kexengatik. Lizartzar batek DVko zerbait irakurri zion, eta hona Egibarren erantzuna: `Harritzen nauena da jendeak hainbeste DV irakurtzea, baina lehenengo eta behin esan behar dudana da nik ez erosi eta ez irakurri egiten dudala, eta nik DVri azkeneko lau urte eta erdiotan ez diot inolako adierazpenik egin, ez elkarrizketarik, ez zeharkako adierazpenik, hala erabakita dudalako'. Eta ironiaz bukatu zuen azalpena: 'Gero —DVren artikuluetan— fuentes aipatzen da eta herri honetan dagoen gizonik garrantzitsuena señor Fuentes da; Fuentes-ek esaten ditu eta egiten ditu gauza guztiak'. Eta Fuentes-ek eragina du, baita gero boto abertzalea ematen bada ere. Azpeitian, esaterako. Baina Egibar gutxi izan gurean!; listinean, bost baino ez".

Azpeitiko Udalean EAJ da nagusi, EAJren Gipuzku Buru Batzarrean Joseba Egibar da lehendakaria, orain dela aste batzuk Egibar bera Enparan Dorretxean izan zen Ibarretxe Plana azaltzen, Azpeitiko udal arduradunak han ziren hitzaldian, eta Egibarrek hauxe esan zuen, besteak beste: "Nik ez dut El Diario Vasco irakurtzen. Baina ez dakit hori hemen esaterik badagoen"... Argigarria.

Udal agintari euskaltzaleak behar ditugu.