Isunak

Olatz Aranguren 2004ko aza. 26a, 17:11
  • Badirudi bakoitzak bere dirua arriskuan ikusten duenean soilik erreakzionatzen dugula
  • Kontuak kontu, 301 euroko isuna ordaintzera behartuta nago parte hartu ez nuen kontzentrazio bateko antolatzailea eta sustatzailea izateagatik

Azken egunotan hainbat herritarri 600 euroko isun faltsuak iritsi zaizkie etxera, eta egia esan sekulako zalaparta sortu da herrian. Badirudi bakoitzak bere dirua arriskuan ikusten duenean soilik erreakzionatzen dugula, baina zoritxarrez ez dira herritarrei iristen zaizkien lehendabiziko isunak eta ez dira azkenak izango.

Isuna jasotzeko moduko ezer egin gabe 600 euro ordaintzera behartzen zaituztela ikustea ez da batere samurra eta ziur batek baino gehiagok egundoko sustoa hartu duela; baina benetako isuna jasotzea ez da samurragoa.

Lerro hauek eskaintzen didaten aukera aprobetxatuz niri gertatutakoa azaldu nahi nuke, nahiz badakidan nire kasua ez dela bakarra eta zenbait ni baino egoera okerragoan aurkituko direla. Niri Azkoitian egitekoa zen kontzentrazio bat iragartzen zuen pankarta bat jartzen ari nitzela ertzainek gelditu, beraien identifikazio plakak erakutsi, eta N.A.N.-a eskatu zidaten, begira gelditu zen jendearen aurrean zerbait txarra egin nuenaren irudia eman ondoren.

Nahiz eta behin eta berriz inongo okerrik egin al genuen galdetu ez zidaten erantzunik eman nahi izan, eta nengoen lekuan geldirik egoteko eta ez zela ezer gertatzen izan zen beraien erantzuna azkenean. Nik nire N.A.N-a onean eman nien, ezer esaten ez zidatenez identifikazio soil bat izango zelakoan.

Baina, nire harridurarako handik hilabete batzuetara, Herrizaingo Sailetik gutun zertifikatu bat iritsi zitzaidan, kontzentrazio ilegal batetako antolatzailea eta sustatzailea izan nintzela esanez, “arau-hauste larria” egin nuela. Bazterkeria politikoa hautsi zioen pankarta bat jarri besterik ez nuen egin (eta ez “basterkeria” ertzain jaun andereok).

Kontuak kontu, 301 euroko isuna ordaintzera behartuta nago parte hartu ez nuen kontzentrazio batetako antolatzailea eta sustatzailea izateagatik. Frantziako Iraultzaz gero lau haizetara aldarrikatzen den adierazpen askatasuna badirudi Azpeitian behintzat ez dela existitzen; informatzea, komunikatzea 301 euro ordaindu beharreko “arau-hauste larria” da.

Besterik gabe, badakit nirea ez dela kasu bakarra, eta beste hainbat herritar antzeko egoerengatik isun berdinak edo garestiagoak ordaintzera behartu dituztela. Udalak ere isun faltsuen gertaerarekin berehala hartu du parte, baina zer gertatzen da benetako isunak jasotzen ditugunokin? Guk ez al dugu merezi udalak zor zaizkigun eskubideak bermatzerik? Gu ere azpeitiarrak gara eta Azpeitia justuagoa, parte-hartzaileagoa, herritarragoa eraiki nahi dugu herritar guztien hitza kontutan hartuz, besterik ez. Baina beldur naiz zenbaitentzat hori ere zigortu beharreko “arau-hauste larria” ez ote den.