50 urte eta aurrera

Juankar Arellano (Azpeitiko Zine klubeko partaidea) 2004ko ira. 20a, 15:09

Mende erdia igaro da iada Soreasu Antzokia zabaldu zenetik. Zenbait lekutan, seguruenik, ospakizunez beteriko gunea litzatekee. Gurean berriz, jakina, zaharkiturik dagoen eraikin batetan zer egin daitekeen jakin gabe jarraituko dugu.

Inguruan gabiltzanok badakigu zertaz ari naizen. Proiektua aurrera dijoa, egia da, dirua lortuko da eta eraikina berrituko da, azken teknologia erabiliko da, asmoz beteriko planak osatuko dira, baina gaur egun dagoenarekin konformatu behar...

Baina ez da hau kezkatzen nauen gauza bakarra, duela hilabete gertatu zena kontatuko dut eta nahi duenak bere iritzia atera dezala. Larunbat gaua eta lau lagun abiatu ginen Azkoitira, Baztartxo antzokira hain zuzen. Kola egin ondoren batek sarrerak hartu zituen eta barrura abiatu. Sarrerak hartu zituena diruari begira gelditu zen barruan geundela eta zerbait arraroa somatu zuen. Nik azkoitiar lankide batekin topo egin eta berarekin hizketan hasi nintzen. Bera umeekin zegoen eta zaletasuna beraiengan ere zabaldu behar zela adierazi zidan. Harriturik, oso gazteak zirela esan nion, horrelako antzerkia ikusteko adinik ez zela eskatzen baina aspertzeko ere.... Beno haren farreak. Azpeitiarra nintzelako baina bestela bertsoak ateratzeko modukoa zela. Ez zegoen antzerkirik, pelikula bat zen eta denak hura ikustera joan ziren, gu laurok izan ezik.

Jende ugari zen eta erdiak, exageratu gabe, azpeitiarrak ziren. Eta hau guztia zergatik esaten dudan, ba egun berean Soreasun ere filme berdina zegoelako eta larunbat horretan Azpeitian 20 lagun egon zirelako. Ni oraindik ere harrituta nago, kotxea hartu Azkoitira joan eta ondoren pote bat hartzeko leku egokia topatu nuelako. Donostiko zinemaldira ere gure ingurutik jende asko joaten da. Astebukaeretan ere zentro komertzialetako zinetan azpeitiar pilo bat ikusten da. Zaletasuna badago.

Dena den oso itxaropentsu nabil. Aurtengo honetan ere Azpeitiko Zine Klubak, bere partaide izanik, jarraituko du zenbait filme eskeitzen, oso jende selektoa etortzen baita gurera; tristea bada ere oso gazte gutxi. Taldean ere jende berririk ez da sartzen, baina ahal dugun neurrian jarraituko dugu. Eta prezioa ez da aitzakia, zinera joatea oso merkea ateratzen da bazkide eginda.