Urola Ikastolako bi ikasle literatura sarietan onenen artean

Urola Azpeitiko Ikastola 2004ko uzt. 9a, 15:07
  • DBH 3. eta DBH 4. mailako Ane Etxeberria eta Naiara Izagirre finalean izan dira; Izagirrek lehen saria lortu du
  • Narrazio eta poesia lanak aurkeztu dituzte; albistearekin batera datoz

Urola Ikastolako bi ikasle “Galtzagorri Elkarteak” antolatutako idatzi leihaketan “finalista” gertatu dira.

Galtzagorri Elkarteak haur eta gazte literatura sustatu nahian leihaketa bat antolatzen du Derrigorrezko Bigarren hezkuntza ikastetxeetako ikasleen artean narrazio eta poesia sailetan.

Narrazioan DBH 3. mailako Ane Etxeberria izan da “finalista” eta poesian berriz 1. saria Naiara Izagirre DBH 4. mailakoak lortu du. Naiara Izagirrek beste saridunekin batera bi lagunentzat Parisera astebeterako bidaia irabazi du.

Zorionak bi ikasleei eta aurrera jarrai dezatela.

Ondoren azaltzen dira Anek eta Naiarak idatzitako lanak

Txoritxo

Tristuraz beteriko kuadernotxoa

2003ko azaroak 7

Kaixo kuaderno maitea:

Ni Harin naiz, eta 12 urte ditut. Afrikako Uganda lurraldean jaio nintzen, eta oraindik ere bertan bizi naiz. Eskolan erakutsi berri digute idazten, eta oso gustoko dudanez, andereñoak hau, zeu, oparitu dit idazten jarrai dezadan.

Nire familia txikia da, arrebatxo bat bakarrik daukat, Shuwa du izena. 7 urteko neska txikia da. Ilea kiribilez josia du eta begiak, berriz, beltz-beltzak. Nire aita, orain dela 3 urte hil zen, mehategian lanean hari zela istripu bat izan eta gero. Nire ama, ordea, ez da gurekin bizi. Badira aste batzuk, ondoko herriko hospitalera eraman zutela. Oso gaixorik dago.

Gure etxea, harrizkoa da. Nire aitak hil baino lehen eraiki zuen. Teilatua konpontzeko beharra dago; gaur gauean ez dugu lorik egin ahal izan, teilatuko zirrikituetatik hotz handia sartzen zen eta. Ea egun hauetako batean konpontzen dudan! Lagun asko ditut herrian. Bat oso berezia, nire lagunik onena da, nire anaia balitz bezala maite dut. Berak Ritx izena du, eta ni bezala 12 urte ditu. Gustoko dudan neskatxa bat ere bada herrian, Xamila izenekoa. Oso maitagarria da, eta beti irrifar batekin agurtzen nau.

2003ko azaroak 8

Gaurko eguna oso nekagarria izan da. Goizean, eskolan egon eta gero, arratsaldean mehategira joan naiz lanera. Gaur ordaindu didate azken asteko lana, eta bi txanpon poltxikoan hartuta, korrika batean azokara joan naiz. Bi arroz zakutxo erosi eta azokan zehar pasieran nenbilela, panpin eder bat ikusi dut salgai. Nire arrebatxoari erostea bururatu zait, baina irabazitako bi txanponak jatekoa erosten gastatu ditudanez, ezin izan diot Shuwa-ri panpinarik erosi. Pena apur bat eman didanez, hurrengo astean ordu gehiago lan egitea erabaki dut. Horrela, hiru txanpon lortuko ditut, eta panpina erosi ahal izango dut.

2003ko azaroak 9

Gaur oso egun tristea izan dugu Shuwak eta biok, gure amatxo maitea hil da. Oraindik negar eta negar ari da Shuwa ondoko gelan. Nik, malkoei barrenean estu eusten diet, orain nire arrebatxoa babestea da nire lana, eta ezin nau negarrez ikusi.

Lur eman diote dagoeneko gorpuari. Berari horrenbeste gustatzen zitzaizkion larrosak jarri dizkiogu, eta txotx batez, gure izenak idatzi ditut gogoan eduki gaitzan.

2003ko azaroak 11

Gaur ate hotsak esnatu gaitu. Atea zabaldu, eta dotore-dotore jantzia zegoen emakume bat azaldu da ate aurrean. Herriko nagusiak lagundu dio gure etxeraino. Biak etxe barrura sartzera gonbidatu ditut.

Emakume dotoreak, Shuwa magalean hartu eta laztanak egiten zizkion bitartean, umezurtzak ginela zioen. Emakumearen asmoa, gu, beste herrialde batera eramatea zen. Hemen ez dugula familiarik, eta, beste etxe bat eta beste familia bat aurkituko digula esan digu.

2003ko azaroak 12

Egun hauetan ez naiz eskolara joan, lanean aritu naiz goiz eta arratsaldez. Ordu gehiago egin ditudanez, lehenago ordaindu didate. Bihar erosiko diot arrebatxoari panpina eder hura.

Lanetik atera eta agudo joan naiz Ritxen etxera. Edozein egunetan itzuliko da emakume dotore hura, Shuwa eta bion bila. Besarkada handi bat eman eta etxerako bidea hartu dut korrika.

2003ko azaroak 13

Pentsatzen nuen moduan, andere hark esnatu gaitu gaur ere. Etxean zehar genituen beharrezko pare bat gauza hartu eta joateko prestatu gara. Autoan igo baino lehenago, andereari azokara joateko baimena eskatu, eta lasterka batean joan naiz azokara, Shuwa-ri panpina erostera.

Panpina besapean hartu eta herriko bazterrei azken begirada bat emanez, korrika itzuli naiz autoa zegoen lekura. Irrifarrez, Shuwa-ri panpina eman diot. Berak besarkada handi bat eman dit oparia eskertzeko.

Autoan gindoazela, Xamila ikusi dut hurrunean. Apustu egingo nuke negar malko bat zuela begietatik erortzen.

Halako batean, leku harrigarri batera iritsi gara. Andereak esan digu, aireportua izena duela leku horrek. Bertan, beste emakume helduago bat zegoen gure zain. Emakume hark, Shuwa besoetan hartu eta gugandik hurrundu egin dira. Indar egin dut eusten ninduen emakumearen besoetatik askatzeko, baina ezin izan dut. Shuwak, negar batean oihukatzen zuen nire izena. Nik ezin izan diet malkoei eutsi. Munduan nuen famili bakarra kendu egin didate. Shuwa, panpinarekin jolasten duen bakoitzean, nitaz oroituko dela ideiarekin betirako agurtu dut nire arrebatxo maitea.

Ane Etxeberria “UROLA IKASTOLA” DBH 3-C

Haizea

ZIGARRO BILDUA

Izarpetan, intsentsuaren kea

Zigarro bilduaren keaz

Kandelaren sua izarren suez

Eta nire malkoak ihintzaren urez

Pentsatzen jarri eta farrez

Pentsamenduak ihes

Inguruan munstro handi eta printze

Lau burudun erraldoi eta argi biziko neska txiki

Duende berde edo zuhaitz ausnarlari

Inoiz ez

Honela begiak bira eta bira

Burua han edo hemen galduta

Begiak gero eta nekatuago

Farrez heriotzaraino

Irudipen ugari

Beraien artean herio jaunari

Agur eta kaixo

Zer hemendik?

Nire bila bera

Ni farre

Bere jantzi eta itxura barregarriz

Bera berriz pozez zerurako aingeru gaizto baten

lez

Nire bila jada

Nire pekatuen ispilu zikina

Bekatarien artean bekatari dena zerura

Urte gutxiz, heriotzara

Handik pixkatera

Berriro farra

Berba nahiz pentsatze latza

Begiak bere lekura

Eta munstro nahiz zuhaitzak

Euskadiko baso zabaletara

Hau tragedia

Berriro betiko mundu faltsura

Zure izaera ezkutatu behar duzu leku arruntera

UDAZKENA

Udazkeneko arrats haizetsuan

Begietan dudan pagadiko jauna

Larru gorritan uzten dihardu haizeak.

Eguzkiaren norantza berean

Zakar eta haserre

Kupida barik

Aurrean jarritako guztia preso hartu

Eta bere norantzan darama.

Garrantzirik ere ez duen zakarra

Edo norbait, nahiz zerbait, etxerik gabe uzten

Bere haserrea besteekin kobratzen

Neu ere gogor jartzen nau,

Argia ileez estali

Eta nire bihotzeko atea kolpatuz.

Lehen berak eraman zituen

Oroitzapenak gogora ekarriz

Errautsak bailiren han joan zirenak

Malkoen bidez erakutsiz.

Goseak zen ardi beltza

Belarrik ez zuen larrera eramango

Balute bezala

Edo maitasunik ez zuen maitalea bezala

Sentitzen nintzeneko garai haiek

Guzti hau ahaztu nahian

Zigarroa behatzena

Eta gogor ezpain gosetien

Haizeak pizten uzten ez didan suaz

Hau bizitzara ekarri nahian

Kea gogoz zurrupatu eta

Ke iluna nire birika zikinetan barrena

Jada ustel bidean doazen

Pulmoi nazkagarrietara

Haizeak ekarri dituen,

Kotoi zatiak,

Niri lagunduz, ur tanta lodiak,

Handik hona botatzen dihardute

Nire zigarroa busti

Malkoak euri bihurtu eta

Haizea uxatuz baso jabeak dotore jantzi

Eta guztia bere lekuan jarriz.

Eguzkiak ahal duen zirrikitu guztietatik

Argia erakusten dit.

Nire bihotzeko atea itxiz

HAIZEA EZ DEN NORBAITEK ATE HAU IREKI ZAIN

Naiara Izagirre “UROLA IKASTOLA” DBH 4-F