Aitor Aranguneri

Eneko Ibarguren, Iker Salegi, Mikel Labaka, Oier Letamendia, Jon Arrue, Jokin Uranga, Aitor Otaegi, Xabier Zuazolazigorraga eta Josu Urbieta. Gazte auziperatuak. 2004ko uzt. 12a, 12:07
  • Aitor Aranguren Uztarriako azken zenbakiko artikuluari erantzunez.

Herriko 9 gazte bosna urte gartzela arriskuan gauden honetan, idatzi duzun artikulua ezer aportatzen ez duen probokazio gaizto bat baino ez delakoan gaude. "Gazte" hitza aipatu gabe herriko gazteek egiten dutenaz ari zara. Asteburuetako hainbat gertaera eremu politikoarekin nahastuz eta mamuen gaineko komentario ironiko batekin amaituz.

Baina nork ez ditu kartelak atera gure herrian? Nork ez ditu manifestazioak egin?

Ikusi omen dituzu irainak pegatinetan, erreketak eta bestelakoak. Nonbait ez dituzu ikusi (ez dituzu aipatu behintzat) kolore guzietako txakurrek egurtutako gazteak, jarraipenak, mehatxuak, eguneroko identifikazioak, manifestazioetan parte hartzeagatik milaka eurotako isunak, 300 gaztek okupaturiko gaztetxearen itxiera armatua, gazte lokalaren arazoan etengabeko gezurrak, hainbat gazteren etxe aurreetan egoten diren kotxe "bitxiak", eta aspaldian hain ugariak diren gazteon aurkako epaiketak. Alde batekoak soilik ikusteko aurpegi galanta duzue batzuok oraindik ere.

Gazteotaz ari zara, eta guk galdetzen dizugu: Zer egin duzu zinegotzi egon zaren 4 urteetan herriko gazteon arazoak konpontzeko? Zer egin duzu gazteok etxebizitzak eskuragarri izan ditzagun? Zer egin duzu herriko hainbat eremutan bizi dugun lan prekaritate egoerarekin amaitzeko? Zer egin duzu gazteok gure kabuz antolatu, gure ekimenak aurrera atera eta elkar komunikatzeko eskatzen dugun lokalen arazoa konpontzeko? Zer egin zenuen, Kafe, gazte erakunde bateko kide izateagatik atxilotu eta herritik urrun gartzelaratu zutenean?

Luze hitz egin genezake herriko gazteez, gazteek egiten dutenaz, zure alderdiak egiten duenaz eta zuk udal ordezkari moduan lau urtean egin duzunaz.

Dena den, ez ahaztu, ihauterietako gertaeren ondoren hasi zen muntaia guziak Azpeitiko Udal Gobernuaren babes osoa izan zuen haseratik (zurea barne), komunikabideak erabili zenituzten gu epaitzeko,zuen laguntzaz hurrengo egunean bertan izan ginen epaituak, eta gero etorri dira gerokoak. Hemerotekan begira zenezake, Azpeitiko EA-k eta EA-ko zuzendaritzako kideek bota zituztenak gogoratzeko. Eta guzi honen emaitza ondorengoa: 9 GAZTE GARTZELA ARRISKUAN.

Erraz hitz egiten da gazteetaz bulegoetatik, batzuek orri zuriaren aurrean zarete ausartak, eta indarra ahoan duzue, soberan. Besarkadarik gabe, agur.