Gipuzkoa X. Klasika izango da larunbatean

Urola-Kostako Hitza 2004ko mai. 20a, 13:05
X. Gipuzkoa Klasikaren aurkezpena, udaletxean. (Nerea Uranga)
  • Junior mailako txirrindu lasterketa 14:00etan hasiko da plazan
  • Ibilbide osoa, orduz ordu adierazita, irakurtzeko aukera dago

Larunbatean, junior mailako txirrindularitza froga esanguratsuenetako bat egingo da Azpeitian. 150 txirrindularik parte hartuko dute.

Herenegun aurkeztu zen Gipuzkoa X. Klasika udaletxeko areto nagusian. Jende asko bildu zen: udal arduradunak, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko ordezkariak, Lagun Onak Txirrindularitza elkartekoak eta txirrindulariak eta azken hauen senideak. Eta hantxe ziren mahaiaren inguruan baita ere, Azpeiti eta Azkoitiko hiru txirrindulari profesionalak: Joseba Albizu, Andoni Aranaga eta Jokin Ormaetxea.

Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko ordezkariek hartu zuten lehen hitza, Azpeitiko herritarrak eta udal arduradunak eskertuz. Eta azpimarratu zuten, era honetako lasterketa herrian egitea posible egiten dutenak, antolatzen egindako lanagatik, Lagun Onak Txirrindularitza elkartekoak direla.

Iaz Zarautzen

Urtero herri desberdinetan egiten den txirrindu proba da Klasika; orainarte, hurrenez hurren, Arrasaten, Bergaran, Egian, Deban, Alegin, Legazpin, Oiartzunen, Eibarren eta Zarautzen egin da eta aurten Azpeitian egitea erabaki da. "Proba garrantzitsua da eta gainera junior mailako txirrindulari onenek hartuko dute parte", aipatu zuten aurkezpenean Gipuzkoako Txirrindularitza Federaziokoek.

Larunbatean, 14:00etan aterako dira enparantza nagusitik txirrindulariak eta 105 kilometroko ibilbidea egingo dute: Azpeitia-Zestoa-Aizarnazabal-Azpeitia-Zestoa-Azpeitia-Azkoitia-Errezil-Urraki-Azpeitia. Helmuga Loiolarako bidean da. Bigarren mailako bi mendate igo beharko dituzte lehiakideek, Iturburu eta Urraki. Eta bi bitarteko helmuga izango dituzte, biak Loiola hiribidean; lehena 36,5 kilometroan eta bigarrena 67,5 kilometroan. Tarteko helmugak eta mendateak ere sarituak izango dira.

Taldeak bost txirrindularikoak izango dira. Selekzio autonomikoez gain, selekzio probintzialak eta Gipuzkoako txirrindulari taldeek parte hartuko dute proban. Autonomikoak 14 talde izango dira, hiru euskaldunak: Euskadi, Nafarroa eta Iparraldea. Probintzialak Araba eta Bizkaia taldeak izango dira. Eta txirrindulari elkarteen artean, eskualdeko bi talde izango dira, Lan Mobel-Lagun Onak eta Zumaiako Txirrindulari Elkartea-Zarauztarra. Taldeen aurkezpena, lasterketa hasi aurretik, herriko enparantzan izango da, 12:30-ean.

Sari banaketa proba bukatu ahala egingo da plazan; 16:45ak aldera bukatuko dela aurreikusten dute antolatzaileek. Saritan, lehen txirrindularien artean mila euro banatuko dira. Lehen saria Azpeitiko Udalak emanda 200 euro, garaikurra, txapela eta loreak izango dira. Bigarren saria, 150 euro eta lore sorta izango da eta hirugarrena, 120 euro eta loreak. Hogeigarren postura arteko txirrindulari guztiek jasoko dute saria. Taldeka, hiru lehenak ere saria jasoko dute Gipuzkoa X Klasikan.

Ibilbidea

  • 14:00. Irteera plazan.
  • 14:12. Zestoa. (8,5 kilometroa)
  • 14:20. Aizarnazabal (13,5 kilometroa).
  • 14:32. Arroa behea (21,5 kilometroa) .
  • 14:54. Azpeitia, Loiola hiribidea. Tarteko helmuga (36,5 kilometroa).
  • 14:58. Azkoitia (39 kilometroa).
  • 15:23. Iraeta (55,5 kilometroa).
  • 15:41. Azpeitia, Loiola hiribidea. Tarteko helmuga (67,5 kilometroa)
  • 15:45. Azkoitia (70,5 kilometroa).
  • 15:54. Landeta (76,5 kilometroa).
  • 16:09. Errezil (86,5 kilometroa).
  • 16:16. Iturburu gaina. Mendatea (91 kilometroa)
  • 16:19. Goiatz (93 kilometroa).
  • 16:22. Urraki gaina. Mendatea (95 kilometroa).
  • 16:37. Azpeitia. Helmuga (105 kilometroa).