Ikasberri futbol taldeak igoera lortu du

  • Euskalduna liderraren aurka 1-1 berdindu zuten; nahikoa igoera lortzeko
  • Hiru urte dira Ikasberrik erregionalen taldea sortu zela

Ikasberri futbol elkartearen lehen taldeak datorren denboraldian 1go erregional mailan jokatuko du. Azken jardunaldiaren zain egon behar izan dute igoera lortzeko.

Partida zaila zuten eta aukera handia aurrean. Hondarrabiko taldearen aurka igoera lortzeko galdu zuten aukera ederraren ostean (berdindu egin zuten), guztia azken jardunaldian erabakitzekotan geratu zen. Aurrean, Andoaingo Euskalduna taldea, partidarik galdu gabe igoera aspaldi lortu zuen taldea zuten.

Partida Andoainen zen eta handik, gutxienez, puntu bat atera behar zuten azpeitiarrek. Eta halaxe egin zuten. Urduritasuna nagusi izan zen partidan berdinketa lortu eta hurrengo urtean maila bat gorago jokatzeko aukera eskuratu zuten.

Irabazten hasi ziren Ikasberri taldekoak bigarren zatiaren ordu laurdenera Ion Berastegik sartutako gol bati esker. Baina andoaindarrak erasoan gogor aritu ziren berdintzea lortu arte. Ondorengo minutuetan urduritasuna nabari zen taldean eta atzean gogor iraun behar izan zien etxekoen erasoei. Azkenean berdinketarekin amaitu eta denboraldi eder bati igoeraren sariarekin eman zioten amaiera.

Ikasberri erregional taldea

Hiru urte besterik ez dira igaro taldea erregional mailako taldea sortu zenetik. Azpeitiar gazteez osaturik dago taldea bereziki, izan ere, bada azkoitiar bat. Ondo pasatuz futbolean aritzeko aukera eman nahian sortu zen eta hiru urte behar izan ditu sari bat lortzeko.

Aurtengo denboraldian honako jokalariak izan dira taldean: Joseba Esnaola, Xabier Mendizabal, Garikoitz Mendiola, Ander Briz, Aritz Epelde, Ion Berastegi, Asier Aztiria, Aitor Arrizabalaga, Haritz Segurola, Iñaki Olaizola, Ibai Aldalur, Janeko Eskurza, David Gurrutxaga, Xabier Lozano, Xabier Ruiz de Larrinaga, Imanol Beobide, Ion Pozo, Oscar Garcia, Aritz Zubizarreta, Gorka Malo, Beñat Unanue eta Harkaitz Zubimendi. Entrenatzile lanetan Luxio Aizpuru eta laguntzaile Asier Osa.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide