Zapo Txokon, ikastaro berriak datorren astean hasiko dira

Urola-Kostako Hitza 2004ko api. 28a, 21:04
  • Josteko eta plantxatzeko talderik ez da sortu; sabel dantzakoa bete egin da
  • Ikastaroez gain, Zapo Txoko gaztelekuan asteartetik larunbatera ere egunero arratsaldetan zerbait antolatuta izaten da.

Aurtengo ikasturteko azken ikastaroak datorren astean hasiko dira Zapo Txoko gaztelekuan. Hiru ikastaro berri zituzten antolatuta, baina bi egingo dira: sabel dantza eta brikolajea. Josten eta plantxatzen ikasteko ikastarorako ez da talderik osatu.

Aurreko hiru hilabeteko ikastaroak amaitu ostean Zapo Txokoko arduradunek ebaluaketa orria pasatu zuen parte hartzaileen artean, ikastaroak nola joan ziren jakiteko. Orduan ikastaro berriak antolatzeko zegoen interesaren berri ere jakin zuten. "Ebaluaketa orrietan proposamenen atal bat gehitzen dugu eta han jendeak eskatutakoa izan dugu kontutan ikastaro berriak antolatzerakoan. Jendeak josten eta plantxatzen ikasteko ikastaroa antolatzeko proposatu zuen, baina gero bi pertsonak bakarrik eman dute izena; beraz, talderik ez da osatu", dio Nerea Orbañanos Udaleko Gazteria teknikariak.

Brikolaje ikastaroan arratsaldeko taldea osatu da —ostegunetan 18:00etatik 20:30-etara artean—, baina ikastaroa hasi bitartean beste norbaitek izena emateko aukera badu oraindik. Lanbide Hastapeneko lokaletan emango da; gaztelekutik gertu. Irakaslea Beatriz Aldalur azkoitiarra izango da.

Sabel dantzako ikastaroak izan du arrakasta gehien; taldea bete egin da. Bigarren aldia da ikastaro hau antolatzen dena Zapo Txokon. Izena eman duten denak neskak dira, baina adin desberdinetakoak: 17 urtetik 43 urtera artekoak. Jaione Albeniz azpeitiarra izango da irakaslea dantza ikastaroan. Dantzan hasi aurretik bestelako ariketak egingo dituzte ikasleek: "Aurretik luzapenak egingo ditugu gorputza berotzeko. Dantza muskularra da batez ere eta gorputza zatika askatzen joango gara. Eta bigarren zatian, dantza arabiarreko erritmo desberdinak ikusiko ditugu", dio Albenizek.

Egunero zerbait

Ikastaroez gain, Zapo Txoko gaztelekuan asteartetik larunbatera ere egunero arratsaldetan zerbait antolatuta izaten da. Esaterako, datorren astean, Eibar-Cadiz futbol partidara antolatu den irteerarako pankartak prestatuko dituzte. Orbañanosen esanetan, asteburuetako irteerak indartzeko asmoa dute gaztelekuan. "Lokala itxita badago ere, hemendik astebururako irteerak antolatuz. Aurreko batean, gaztelekuan palomitak egin eta denak elkarrekin zinemara joan ginen", dio Udaleko gazteria teknikariak.