S.O.S. Azpeitia

Fredi Paia 2004ko mar. 28a, 13:03
  • Herriko gazteen aurkako epaiketa dela-eta idatzi du 'Berria'-n Paiak
  • Bertsolari bizkaitarrak Jokin Uranga laguna du akusatuen artean

Justizia, gure herrian, jainkoaren antzeko zer edo zer delakoan nago. Denen ahotan dabil, baina inork ere ez du egundo ikusi. Estatuak legearen sinonimo bihurtu gura luke. Boterea eta autoritatea gauza bera balira legez. Michel Foucaultek esan zuen moduan, auzitegietako errituak tribunalaren inozentzia frogatzeko egiten dira. Ez beste inoren errua argitzeko.

Askoren esperantza piztu duen gobernu "sozialista" Rodriguez Galindo askatzeko ahaleginetan dabilen artean (ospa dezagun GALen itzulera!), Azpeitiko bederatzi gazte kartzelako bidean dira. Ustezko atentatua egin ei zutelako alkate ohiaren aurka. Hara gure gizartea den paradoxa handiaren adibide berria.Gazte lokala eskatu zioten mamuek fantasmari. Eta honek alternatiba hoberik aurkitu ez eta kartzela proposatu. Zoragarria da EAJk gazteontzat daukan proiektua. Esplotazioa eta sumisioa edo kartzela. Eskerrik asko, Bastida jauna. Hori dela eta, elkartasuna eskatu gura nioke kaleko arazoak guztionak direla oraindik pentsatzen duen orori. Berme demokratikorik gabeko sisteman presio soziala baita geratzen zaigun alternatiba bakarra. Altxa burua, gazteok! Zuek uste baino lagun gehiago daukazue.

Badugu nahiko kartzela gizarte puta honekin.