‘Pausoz pauso’ ekimena aurkeztu da

Urola-Kostako Hitza 2004ko mar. 25a, 19:03
  • Apirilaren 3an egingo dute oinezko martxa; Zarauztik abiatu eta Azkoitian amaitzeko
  • Egun guztirako egitaraua prestatu dute

Atzo aurkeztu zuen Urola-Kostako Askatasunak Pausoz pauso izeneko ekimena. Apirilaren 3an izango da: 10:00etan, Zarauzko Musika plazatik abiatu eta 18:45ak aldera Azkoitira iritsiko dira oinez, tarteko herri guztietatik pasatu ondoren.

Martxaren buruan lekukoa eramango da, eta bailarako kolektibo eta koadrilek eskuz esku pasatuko dute. Euskal preso politikoak Euskal Herrira lelopean joango da eskualdeko herrietan barrena.

Helburuak

Ekimenaren helburua hau da: "Amnistiaren aldeko mugimenduak eginiko hausnarketa nazionalarekin bat eginez, Euskal Preso Politikoen giza eskubide eta eskubide politikoen defentsan urrats berri bat ematea".

Amnistiaren aldeko mugimenduek, gabon inguruan, egin zuten hausnarketa, eta han ondorio hauek atera zituzten: "Euskal Herriko gatazkaren ondorio direla euskal preso politikoak, eta izaera politikoa dutenez; euskal preso politikoek bi ezaugarri dituztela: Euskal Herriaren alde borrokan aritu izana eta kartzela eta kolektiboa osatuz esparru eta modelo propioan aritzen jarraitzeko erabakikortasuna; gatazkak konponbide demokratikoa eta justiziazkoa du, eta konponbide horrek presoen amnistia ondorioztatzen du; Euskal Presoek gatazkaren konponbidean parte hartzeko ezinbestekoa da Euskal Herriratzea".

Ateratako ondorio horiek bultzatzeko egingo dute Pausoz pauso egitasmoa. Atzoko prentsaurrekoan eskualdeko herritarrei dei egin zieten martxan parte hartzeko.

EGITARAUA ETA IBILBIDEA

.10:00. Zarauzko Musika plazan hasiera ekitaldia.

.10:45. Getariako portu sarrera helduko dira.

.12:00. Zumaiako Itsasgain ludoteka ingurura iritsiko dira.

.13:30. Zestoara lehenengo sarreratik sartuko dira.

.14:00. Laranjadi plazan Bertso bazkaria.

.17:30. Azpeitira helduko dira Eskuztako sarreratik.

.18:45. Azkoitiko Illarra tabernara helduko dira.

.19:00. Ekitaldi nagusia.

.21:00. Txotxa Azkoitiko plazan

.23:00. Kontzertua.