Eskatu dutenak ari dira 'Hitza' jasotzen; herrian 2.000 dagoeneko

Uztarria 2004ko mar. 17a, 16:03
  • Uztarriako bazkideak eta harpidedunak, eta izena eman duten besteak dira horiek
  • Besteek 943 30 43 46ra hotsegin besterik ez dute egunkaria jasotzeko

Otsailaren 20an sortu zen Urola-Kostako Hitza euskarazko egunkaria, eta atzo arte eskualde osoan banatu zen, denek ezagutu zezaten.

Atzotik, berriz, egunkaria jasotzea eskatu dutenak ari dira etxean hartzen Hitza. Uztarria herri aldizkariaren Azpeitiko bazkideak eta harpidedunak horien artean daude (1.730), Uztarriak berak egin dituelako Hitza-ren harpidedun (aurrez gutun bana bidali genien denei).

Azpeitian beste hainbat ere egin dira, ordea, Urola-Kostako egunkariaren harpidedun; oraindik datu zehatzik ez dago, baina beste 250-300 inguru badira berriak. Eta hauek ere ari dira Hitza jasotzen, etxean (buzoira banatzen da). Uztarriak orain horiek herri aldizkariko harpidedun bihurtuko ditu, eta apiriletik hasiko dira aldizkaria ere jasotzen (jaso nahi ez badute, 943 15 03 58ra hotsegin besterik ez dute izango).

Beraz, Azpeitian dagoeneko Hitza-ren 2.000 ale banatzen dira. Uztarriaren ustez, herrian euskarazko prentsaren muga erreala 2.400 inguruan dago (kontuan hartu behar direlako euskaldun alfabetatu gabeak, baita prentsa irakurtzeko ohitura denek ez dutela ere —%65 inguruk dauka—).

Hitza jaso nahi duenak egin beharrekoa

  • 943 30 43 46 telefono zenbakira deitu (astelehenetik ostiralera 08:30-20:30 bitartean, eta larunbatean 09:00-13:00 bitartean).
  • Ikastetxeen bidez etxera helaraziko den txartela bete eta Azpeitian Hitza-Uztarriaren egoitzan utzi (Julian Elorza Hiribidea 4, behea).

Karrerako giltza ekarri

Hitza egunero buzoira ahal den azkarren eta erosoen banatzeko, oso-oso garrantzitsua da harpidedunak bere karrerako giltza ematea. Azpeitiar asko ari dira giltza ekartzen, eta oraindik eman ez duenak, ekarri Hitza-Uztarriaren egoitzara.