Azpeitian EAJ izan da nagusi, eta Bergarako Ekimena bigarren indarra

Azpeitiko emaitzen grafika (Egilea: uztarria)

Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan bozkatzeko aukera zuten milaka herritar joan ziren botatzera atzo. Izan ere, oso abstentzio kopuru txikia egon zen (%25,59), beste herrietan gertatu zen bezala.

Azpeitian EAJ izan da irabazle, oso erraz. Atzo herriko mahaietan ateratako ondorioaren arabera (alderdiek pasatutako datuak lortu zituen Uztarriak), 3.807 boto bildu zituen EAJk, eta ia 2.500 botoko aldea atera zion bigarren indarrari.

Uztarriak egindako batez besteko kalkuluen ondoren (Bergarako Ekimena ez da ofizialki aurkeztu hauteskundeetara, eta autodeterminazioaren aldeko bozka eskatu zuen, boto-paper eta guzti; haiek emandako datuak kontuan hartuta egin ditugu kalkuluak), Azpeitian EAJk %45,96 lortu zuen. Bergarako Ekimena izan da bigarren indarra, %17,08arekin. EAk %16,13 lortu zituen; PSE-EEk %6.39; Aralar-Zutik koalizioak %5,85 (atzo mahaietan bildutakoaren arabera, 485 boto; datu ofizialen arabera, 450); PPk %5,35 eta IU-EBk %2,97 inguru.

Datu guzti-guztiak, hemen daude

Balorazioak

Alderdi politikoetako kideek honako balorazioa egin diote Uztarriari atzoko hauteskundeei buruz:

Ramon Etxeberria (EAJko Azpeitiko lehendakaria)

"Aurreko hauteskundeetan baino %18 gehiago atera dugu eta pozik gaude. Orain ikusi egin beharko da PSEOrekin zer gertatuko den, baina lehengoa baino txarragoa ez da izango. 1986. urtetik aurrera, beti goraka goaz, eta horrela jarraitzea espero dugu. Ez dira hauteskunde normalak izan, baina pasatutako gauzen ondorioz egoera hobera joango dela uste dugu. Gure alderdiak 24 urte daramatza agintean eta oraingoan ere bere mailari heldu dio".

Miren Odriozola (Habeako ordezkaria Udalean eta Bergarako Ekimenaren bultzatzailea)

"Lehenik eta behin esan, hauteskunde hauen nondik norakoak aztertu behar direla emaitzak ikusi aurretik. Azken egun hauetan batez ere, eta kanpaina osoan zehar, ezker abertzaleak izan dituen eraso eta bazterketak aipatu behar ditugu. Bestetik, herrian bigarren indarra gara; 1.417 boto jaso ditugu. Egoera honetan, gu gustura gaude atera dugun emaitzarekin, ez genuen espero horrelakorik. Errealitate honen aurrean beste alderdiek ezin dituzte begiak itxi. Boto hauek Euskal Herriaren autodeterminazioa lortzeko eta gatazka konpontzeko botoak izan dira. Guk konpromisoa hartzen dugu elkarrizketa bultzatzeko eta gatazkaren soluzio bidean bake justua bilatzeko, eta herriko beste alderdiei eskatzen diegu ardura politikoa har dezatela gatazkari irtenbidea bilatzeko eta autodeterminazioaren aldeko milaka botori muzin ez egiteko. Gure eskua beste alderdi abertzale guztiei luzatuta dago hori guztia lortzeko".

Manuel Unanue (EAko Azpeitiko lehendakaria)

"Gure helburu orokorra lortu dugu. Madrilgo Gorteetan hirugarren indarra izango gara ERC eta besteekin elkartuta, eta alde horretatik oso pozik gaude. Azpeitiari buruz, balorazio zehatzik ez dugu egin oraindik baina gure boto kopuruak gora egin aurreko hauteskundeekin konparatuz, eta pozik gaude".

Manoli Uranga (PSE-EEko zinegotzia Azpeitian)

"Hauteskundeen inguruko balorazioan ez dut asko pentsatu. Izan diren gertaerak kontuan hartuta, gehiago nago familia horiekin. Odol gehiegi da herri honentzat. Horrelako gertaerak gertatzen direnean lasaitasun pixka batekin jokatzeko eta denbora hartzea nahiago izaten dut. Baina bestela, emaitzak onak izan dira, baina nik osteguneko gertakarien aurretik ere uste hori nuen, alderdi sozialistak emaitza onak izango zituela; udal hauteskundeetan ere halaxe izan zen. Denon aldetik egin beharko dugu zerbait elkarbizitza hobe baterako, horretara derrigortuta gaude. Hala ere, politikoki denbora pasatzen utzi behar dugu, arnasa hartu eta ahal dugun lasaien egiteko egin beharrekoak. Alderdi sozialistari botoa eman dioten guztiak eskertu nahi nituzke, baita besteei ere, partaidetza handia izan baita".

Julia Tercero (PPko zinegotzia Azpeitian)

"Herriak irabazi du eta hori onartu behar dugu. Zorionak ematen dizkiot sozialistei, eta Espainiak asko galdu duela esatea besterik ez daukat".

Aralar-Zutik

(Euskal Herriko zuzendaritzen balorazioa) "Hauteskunde zailak izan dira. Hauteskundeetan beti ere polarizazioa ematen da, eta azken asteko gertakariek asko polarizatu dute egoera, eta berez zailtasun handiak genituenok igarri dugu hori emaitzetan. Gipuzkoan lekuari eutsi diogu, egoera zailean ere konfirmatu egin gara, eta eta hori benetan pozgarria da".

Datu gehiago

Eusko Jaurlaritzak orain arte egindako hauteskunde guztien emaitzak kontsultatzeko aukera eskaintzen du sarean. Begiratu nahi baduzue, hona hemen helbidea: www.euskadi.net/elecciones/indice_e.htm .

Helbide horretatik, Azpeitiko datu guztiak atera ditugu, eta orri batean bildu, haiek eman bezalaxe. Ez daude oso txukun, baina norberak ikusteko, balio du. Hona hemen orrialde hori.

Espainiako Barne Sailak ere herriz herri datuak kontsultatzeko aukera eskaintzen du. Azpeitikoak, hemen dauzkazue . Datu ofizialak dira horiek.

Azken hauteskundeak Udalerakoak izan ziren, 2003ko maiatzaren 25an. Gogoratu orduko informazio guztia Uztarriak atera zuen ale berezi honetan .

Julia Tercero ez da senatari izango

Julia Tercero, PPk Azpeitian duen zinegotzi bakarra, Espainian senatari izateko aurkeztu zen atzoko hauteskundeetara, baina ez du postu hori lortu.

Orain lau urte Gipuzkoan PPk senatari bat lortu zuen; hain zuzen, Gonzalo Quiroga izan da PPren ordezkaria Senatuan. Gipuzkoan senatari izateko lau postu zeuden jokoan atzo, eta lau horietatik hiru EAJkoak izango dira eta bat PSE-EEkoa.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide