Euskal antzerkia gaur

  • Urola-kostako Hitzan igandean, martxoaren 7an, argitaratutako iritzi artikulua.

"Afizioa, mantentzen ez zaituen ofizioa" omen da. Euskal antzerkiari buruz gogoeta egitean, esaera horixe datorkit gogora. Orokorrean, euskal antzerkigintzaren osasuna bere hoberenean ez dagoela esango banu, ahopean esango nuke, gutxi batzuei, gauzak ondo joaten ari zaizkiela ikusita. Ez nintzateke lepoa jokatzera ausartuko hau horrela dela esaterakoan, baina antzerkigintza afizio moduan dugunok, lepoa bakarrik ez, bihotza ere jokatuko genuke.

Ez dago inongo dudarik, historian zehar antzerkiak sasoi hobeak ezagutu dituela. Herriarentzako ikuskizun eta entretenimendu bakarra izan zeneko garaiak ez dira hain urrunak, baina, denbora gutxian, eta telebistaren eragina ahaztu gabe, antzerkia gutxi batzuen entretenimendurako baino ez da geratu.

Euskarazko antzerki emanaldiak egiten dira, obra berriak estreinatzen dira eta lantzean behin, talde berriren bat sortu dela ere jakin, jakiten dugu. Hau horrela izanda ere, nahikoa al da euskal antzerkia osasun onean dagoela esateko?

Neuk ezagutu ditut Azpeitiko Euskal antzerki topaketa oparoak, dozenaka antzerki lan eskaintzen zituzteneko garaiak. Profesionalak gehienak, baina artean ere, lau edo bost talde amateurren partaidetzarekin, asteburu zein astegun, antzerkia egin batzuek, eta besteok ikusteko aukera genueneko garaiak ziren haiek. Urte gutxiren buruan, errealitatea oso bestelakoa da.

Adibide batez azalduko dizuet, zergatik eta antzerkia afizio dugunok, krisia bizitzen ari garela esaten dugun. Lakrikun antzerki taldeak, 1998ko abenduan, antzerki lan berria estreinatu eta hurrengo urte osoan zehar, hamazazpi aldiz antzeztu zuen lan berdina. Urte horretan, berriarekin hasi eta bi urteko bizitza eman nahi izan zitzaion lan berriari. Bi urtean zehar, hamarreko kopurura ere ez ziren iritsi emanaldiak. Obra berria beste behin estreinatu, eta bost edo sei emanaldi bi urtean. Azaroan, lan berriarekin hasi eta ia martxoaren erdian gauden honetan, oraindik bat bera ere ez. Taldeak bere burua, garai onenak bizi zituenean bezalaxe eskaini du. Urteek, eskarmentua eman diote taldeari, lana hobeto egiten ikasteko aukera eta denbora. Aldiz, ez dago gero, jendaurrean, prestatua emateko aukerarik. Zergatik?

Antzerkia ofizio dutenei ere, antzeko zerbait entzun nien duela gutxi: amateurrentzat ezezik, profesionalentzat ere diru gehiago behar zela. Euskara hutsean egiten den antzerkiarekin bizitzea, ia ezinezkoa zela.

Antzerki idazle batek, erraz lortzen al du bere lana liburu batean argitaratzea? Argitaratzea lortuz gero, zenbat ale saltzea lortuko luke? Gero, zenbat antzerki lan daude liburuetan, zenbat koadernoetan, sekula antzeztu ez direnak? Beti uste izan dut eta uste bezala azaldu, antzerki lanak ez direla liburuetan egoteko jaio, baizik eta eszenara eramateko. Antzerki idatziaren azken helburua horixe da azken finean. Liburuak, lanari bizirik irauten lagunduko dio, eta idazleari, bere lana argitaratua ikustearen plazerra emango dio, baina, benetako bizitza eta plazerra, eszenaratzean jasotzen da, zuzendariaren modelaketa eta aktoreen interpretazioaren ostean.

Beste datu bat: Euskal Herrian, euskarazko antzerki idatzien lehiaketak, gainontzeko generoekin alderatuz, oso urriak dira. Bi edo hiru Bizkaian, pare bat agian Gipuzkoan eta beste horrenbeste Nafarroan. Zenbat antzerki lan aurkezten dira lehiaketa hauetara? Lau edo bost batzuetan, bakarra beste batzuetan eta dozena, agian, gehienera jota.

Ideia solte asko dira, eta beste horrenbeste falta dira. Baina, bi hitzetan esateko, prozesua honako hau izan daiteke: Antzerkia idatzi aurrena. Zorte pixka batekin talderen batek hartu. Denbora eta dirua inbertitu prestaketan, eta gero, ikusi egin behar emanaldiak aterako diren edo ez.

Euskal antzerkiak, ezagutuko ditu, une honetan bizitzen ari den baino garai hobeagoak. Idazleek obra gehiago idatziko dituzte, taldeek, beren lanak eszenara eramaten badituzte. Taldeek, lan gehiago prestatuko dituzte; talde berriak sortuko dira, instituzioengandik, diruz laguntzeaz gain, emanaldiak bultzatzen badira. Esperientziaz esan dezaket, ez dagoela antzerki talde batentzat, eguna joan eta eguna etorri, horrenbeste denboran eta ahalegin izugarriz prestatutako lana, nola ahazten ari zaigun ikustea baino gauza tristeagorik.

Eta azkenean, eta amaitzeko, betikoa: “Don dinero, caballero, poderoso...”

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide