'Hitza'-ren indarra

Enekoitz Esnaola eta Iban Arregi (Bertako Hedabideak) - 'Berria', 2004-02-22 2004ko mar. 1a, 17:03
  • Urola-Kostakoa laugarren Hitza da eta berau ere "kalitateko egunkari plural erreferentziala" izateko sortu da
  • "Herritarrek irakurriko dutelako izango da Hitza tresna eraginkor euskararen normalizaziorako"

Euskarazko tokiko prentsak beste pauso bat eman du: ostiralean [otsailaren 20an] argitaratu zen Urola-Kostako Hitza egunkariaren lehen zenbakia. Horrela, 11 herrietako bizilagunek eskualdean gertatzen denaren berri egunero prentsan euskaraz jasotzeko aukera daukate. Lehen ere bazuten bertako berri, zazpi herri aldizkari daudelako, eta haiek egin duten (eta egiten ari diren) lan bikainari esker, Urola-Kostan euskarazko prentsa irakurtzeko zaletasuna handituz joan da. Aldizkarien bidearen jarraipena da Hitza, eta herritarrek, aldizkariak orain arte bezala aldiro izateaz gain, egunero bertako euskarazko egunkaria izango dute.

Herri informazioaren esparrua estrategikoa da (halaxe diote normalizazio plan denek: EBPNk, Bai Euskarari-k...), herritarrek estimu handia diete bertako albisteei, eta alde horretatik Urola-Kostan euskaraz eguneroko prentsan zegoen hutsunea betetzeko sortu da Hitza.

Elkarlanaren ondorioa

Eskualdeko herri aldizkarien euskara elkarteen, gizarte eragileen eta Euskarazko Komunikazio Taldeko (EKT) Bertako Hedabideak enpresaren arteko elkarlanaren ondorioa da Urola-Kostako Hitza. Halaxe sortu ziren Tolosaldean (2001eko abenduan), Oarsoaldean (2003ko ekainean) eta Lea-Artibain eta Mutrikun (2003ko azaroan) bertako euskarazko egunkariak. Horrela sortu nahi ditugu hurrengoak ere, eta horretan ari gara. Gaur egun, proiektua gauzatuta edo gauzatzeko bidean den lekuetan, hemezortzi euskara elkarte daude, eta Bertako Hedabideak hamaseirekin ari dira aurrera egiten. Oso handia da, beraz, toki horietan herri aldizkarien sektorearen eta Bertakoren arteko adostasun maila.

IƱaki Uriari maiz entzun izan diogu "aurrera eta batera", eta gure asmoa hori izan da beti. Egunkaria itxi zutenean, eskualde edo hirietako euskarazko egunkarien proiektua utzi beharrean, aurrera segitu eta, Tolosaldean Hitza-k Tolosaldean Egunero-ren lekua hartzeaz gain, beste hiru Hitza sortu ditugu. Euskara elkarteekin eta gizarte eragileekin sortu ere, batera. Aurrera egiteko. Elkarlana, posible izateaz gain, beharrezkoa dela erakusten du proiektu komunikatibo berri horrek.

Kalitatezko egunkari pluralak

Garbi dugu zein den helburua: tokian-tokian kalitatezko egunkari plural erreferentziala izatea Hitza.

  • Kalitatekoa. Irakurleak ez du Hitza jaso behar euskarazkoa delako (hori ere oso garrantzitsua den arren), baizik eta bere herriko eta inguruko berri ondoen, azkarren eta gehien berak ematen diolako. Eduki eta diseinu aldetik kalitatearekin lotu beharra dago euskarazko prentsa, jakin baitakigu nolakoa den militantziaren grafikoa: hasieran goraka doa, euskarazkoa delako kontsumitzen da, baina grafikoa gero beheraka doa produktua ez bada kalitatezkoa.
  • Plurala. "Zein bezain plurala?", zioen Berria berri kanpainak. Hitza-k ere halakoa izan nahi du: plurala; pluralena. Ezinbestean. Sentsibilitate guztien berri eman behar du. Euskaldun guztiena izateko.
  • Erreferentziala. Kalitatezkoa eta plurala izateagatik bihurtuko da Hitza tokian tokiko egunkari erreferentea. Tolosaldean hango Hitza da egunkaririk irakurriena: 7.500 aleko tirada du. Oarsoaldean dagoeneko 5.500 aleko tirada dauka, eta Lea-Artibain eta Mutrikun oraindik 100. zenbakira iritsi ez den arren 4.300ekoa; azken bi horietan, beraz, oso-oso gertu dago eskualdeko egunkari erreferente izatetik. Urola-Kostan ere hori nahi dugu: gutxienez 10.000 aleko tirada lortzea eta bertako kazetarik irakurriena izatea.

Hiru ondorio

  • Euskararen normalizazioa. Kalitatekoa eta plurala delako irakurriko dute herritarrek euskaraz, horrela lortuko du euskarazko hedabide horrek tirada handia, eta orduan bihurtuko da hizkuntzaren normalizaziorako tresna eraginkor. Hori lortu nahi du Hitza-k; egunero, gainera. Euskaraz irakurtzen ohitu gabe zegoen Tolosaldeko baserritar edadetu batek esan zuen: "Hasieran Egunero [orain Hitza] nahi nuen, orain [hirugarren hilabeterako] behar dut". Adierazgarria.
  • Iragarkiak. Halaber, lehen aipatutako guztiarekin izango dira Hitza-k euskarri erakargarri iragarleentzat. Urola-Kostakoak hilabete gutxiren buruan lor dezake 10.000 aleko tirada, eta, beraz, Hitza denen artean 27.000ko tirada edukiko dute (egunkaria jasotzeko izena eman behar da, eta horri balioa ematen diogu). Tokian tokiko iragarleentzat dagoeneko euskarri errentagarria da bere eskualdeko Hitza, bertan jarritako publizitatea, edo eskela, edo iragarki laburra delako inguruan ikusiena. Iragarle etxe handiak ere hasi dira errentagarritasunarekin lotzen Hitza denak; are gehiago lotuko dituzte horrelako egunkari gehiago sortzen ditugunean. Berria ere kontuan hartzen badute, lau Hitzen eta haren artean 50.000 aleko tirada izango dute laster Urola-Kostakoak lortzen duenean helburua, euskarazko eguneroko prentsak inoiz izan duen zabalkunderik handiena, eta publizitate etxe handiek hasi beharko lukete garbiago ikusten zabalkunde horrek errentagarritasuna bermatzen duela.
  • Erakunde publikoen laguntza. Herritarrei egunero kalitateko zerbitzu informatiboa etxeraino emateaz (buzoietara banatzen da) eta euskararen normalizaziorako tresna eraginkor izateaz gain, proiektu hau osoa ere bada, euskararen aldeko eragileen elkarlana dagoelako eta egunkariak sentsibilitate guztietako informazioa ematen duelako; gauza asko uztartzen du, hain zatitua dagoen gizartea honetan. Hitza bakoitzak autofinantziazioan goraka joateko helburua du, baina eskualdean hasieratik errotzeko eta indarra izateko, eta lehen aipatutako guztiagatik, beharrezkoa du erakunde publikoen laguntza ere.