Mozorroen ordua heldu da

uztarria 2004ko ots. 18a, 16:02

Kaldereroek eman zioten karnabalei lehenengo ongi etorria iragan den larunbatean. Atzo, berriz, ostegun gizeneko ohiturari jarraituz, emakumeek afariak izan zituzten lagun artean. Hala ere, igande honetan egingo dio herriak harrera beroa elegante jantzita. Hiru egunez iraungo du festak ohiko legez eta bakoitzean egitarau luzea dago prestatuta.

Igandean elegante eguna izango da eta egun batez bada ere, historian atzera egingo dute jazkeran Azpeitiko neska-mutilek. Baina kontuz ibili beharko da, zezenak lehenengo bisita laburra egingo baitu plazara 12:00etatik 12:30etara bitartean. Arratsaldean, berriz aterako dira kalera zezenak 16:30etik 20:00ak arte. Zezenaz gain, ez da faltako musika eta dantzarik; txaranga ibiliko da goizean eta arratsaldean giroa alaitzen eta Itsasi dantza taldekoek artzain eta inudeen kalejira egingo dute 12:30ean.

Astelehenean goiz eresia izango da Izarraitz Txistulari taldearekin, 10:00etan, eta umeentzako zezen txikiak eta poniak ekarriko dituzte plazara 10:30etik aurrera. Lehen mozorroak eguardiko hamabi eta erdietan ikusiko dira haur mozorrotuen desfilean. Arratsaldean ere, Olazko Amaren Plazan, haur jolasak izango dituzte Azpeitiko txikiek 16:00etan. Herriko kaleetatik aldiz, zezena ibiliko da berriro 16:00etik 20:00ak arte. Gauean helduak mozorrotuko dira eta jantzi onenek saria irabazteko lehiatuko dute. Sari banaketa 01:30ean izango da plazan.

Azken egunean zezenak izango dira protagonista goiz goizetik. Gau pasa egin ostean, 07:00etik 09:30etara ibiliko dira kalean. Arratsaldean berriro 16:30etik 20:00etara iraungo dute, eta gauean karnabalei amaiera emango dion zezenaren hileta egongo da 20:00etan.

Udalaren oharrak:

San Sebastianetako zezena dela eta Udalak honako neurri hauek hartzea gomendatu du:

  • Kale horietan kotxerik ez aparkatzea.
  • Denda eta tabernak babesteko behar diren neurriak hartzea.