Sokamuturra: Sansebastianak’2004, Eliz kalea

ENEKOITZ ESNAOLA 2004ko urt. 26a, 17:01
  • Gero eta karrera gehiago egoten dira itxita; azkeneko festatan, sokamutilek protesta egin zuten.
  • Udalak eta sokamutilek neurriak hartu beharko lituzkete.

Joxin Belokik Azpeitiko Jaiak liburuan kontatzen duenez (231. orrialdea), garai batean zezena pilotalekuan ibiltzen zuten, sokarik gabe. Eta “zezenak ez aldegiteko, kamioia jartzen zuten parroki aurrean bidea itxiz, albergaren beste aldera aldiz barrikak jartzen zituzten, baita Trinkete atzean eta Elizkaleko kantoian ere. Egurtza taberna kanpotik frontoiraino berriz, beste kamioi bat egoten zen. Zezenplaza txiki bat bezala moldatuta zegoen eta jende pila bat biltzen zen han inguruan”. Liburu bereko 230. orrialdeko argazkia ikusi besterik ez dago: pilotalekua lepo, jendea begira edota zezenean parte hartzen. “Zuhaitzekin makina bat jolas egiten genuen”, dio Belokik. “Petrilak ere joko haundia ematen zuen”. Baina behin, sustoa galanta! “Zezena orain Ilunpe soziedadea dagoen etxe barrura sartu zen, eskailerak igo zituen eta adarrekin ‘Meltxoraren’ pisuaren atea jo zuen. Orduan ‘Meltxorak’ atea ireki omen zuen norbait ate joka ari zelakoan”…

Alegia, zezena karrera batean sartu zela orduan. Irekita zegoelako. Kostatuko zaio gaur egun sartzea, batez ere handik gertu daudenetan: Eliz kalekoetan. Gero eta karrera gehiago egoten baitira itxita. Oso adierazgarria izan da aurten sansebastianetan gertatu dena: bizi osoan zezena, Ustarrineko taberna parean lotzean, denbora luzez ibili izan bada ere, aurten pare bat minutuz besterik ez dute ibili sokamutilek, ondoko ia karrera denak itxita zeudelako. Protesta gisa, hartu soka eta Enparan kalera eraman zuten segituan, bai 18an, bai San Sebastian egunean.

Eta tristea da. Pare horretan gaur egun ez dago girorik. Lehen bai kale giroa, festa giroa...

Modan jarri da, nonbait, sokamuturreko kaleetan karrerak ixte hori. Erantzukizunik ere badute adibidez mixikordiyen alde batean eta bestean hesi ilara luzea jartzen ibili direnek; ez al da nahikoa alde batean bakarrik jartzea? Sokamuturra, begiratzeko ikuskizun bihurtu da toki horretan (ere), ez parte hartzeko ikuskizun; hala, han lehen beti irekita egoten zen notaritzako karrera desagertu egin da. Ikuskizun pasiboaren birus hori hedatuz doa beste kaleetara, eta Eliz kalean gogor ezarri.

Horren aurrean zerbait egin beharra dago. Sokamuturra gustatu edo ez gustatu, herritarrek parte hartzen duten festa da, izaera parte-hartzailea du, herri giroa egoten da, eta gizartea gero eta indibidualistagoa bihurtzen ari den honetan, izaera horri bere garrantzia eman behar zaio.

Karrerak ixten dituztenek, horri muzin egiteaz gain, ganadutegikoei nolabait mespretxu ere egiten diete. Izan ere, ganadutegikoek, lana latz eginagatik, Azpeitian zezen bakoitzeko 150 euro baino ez dituzte 'irabazten'; arratsaldeagatik, beraz, hiru ordu eta erdian (!) sei zezen aterata, 900 bakarrik! Miseria. Udalak berak gehiago ez ordaintzea ere…; eta festatan ikuslerik ez duten musika taldeetan hori baino askoz gehiago gastatzea ere… (arazoa ez da dirua nondik atera, baizik eta nola gastatzen den).

Sansebastianetan aurten, bi egunetan, Arno ganadutegikoak etorri dira. 18an bertan, igandean, hara joan ginen Uztarriakoak, argazki erreportajea egitera. Goizean baserrira iritsi eta hango mutilak esan zigun amona hil berri zitzaiela, zalantzan egon zirela beste ganadutegi bati deitzeko Azpeitira etortzeko, baina azkenean beraiek etorriko zirela, amona hurrengo egunean lurperatuko zutelako. Eta han segitu zuen lanean, hotz galantarekin eta euripean; zezenak apartalekura pasatu, gero torilera, hor enbolatuak jarri, aurpegia estali eta kamioira. Hori dute afizio eta tradizio. Lan eskerga haiena. Zertarako eta zezen bakoitzagatik 150 euro irabazteko. Eta gero orain arte sokamuturrean Eliz kalea bezalako gune garrantzitsuan karrerak itxita aurkitzeko eta giro txepelarekin topo egoteko.

Horren aurrean, eta karnabalak laster ditugula eta, har daitezke hainbat neurri eta egin daitezke hainbat ekimen. Adibidez, bote lasterrean pentsatuta:

  • 1. Udalak bandoa atera lehenbailehen, sokamuturra ibiltzen den karreratan jarri, zezen garaian irekita izan ditzaten eskatuz. Karnabalak bitartean gaiari jarraipena egin Udal Festa Batzordetik, eskaerak inplikatuen artean zer harrera izan duen, zer arazo dauden eta zer neurri hartu beharko liratekeen ikusteko eta aztertzeko.
  • 2. Udalak laguntza eskaini karrera horietakoei:
    • Karrerako hormak hanka markez-eta ez zikintzeko babestu.
    • Karreratan dauden ispiluak babestu.
    • Zezenean zerbait puskatuz gero, Udala arduratu lanez (lehenbailehen) eta gastuez.
  • 3. Gaur egungo sokamutilen eta ibili direnen izenean, karta bat bidali karrera horietan bizi direnei, zezen garaian irekita egotearen garrantziaz hitz eginez eta irekitzeko eskatuz. Jarraipena egin.
  • 4. Beharra ikusiko balitz, bilera antolatu Udalaren, sokamutilen eta inplikatuen artean.
  • 5. Udalak eta sokamutilek eskaera horren berri eman Azpeitiko komunikabideetan.
  • 6. Eta abar.

Ah!, eta denek ere inplikatuei esatea, karrerak irekita eduki arren, ‘Meltxora’-rena berriro gertatzea zaila litzatekeela… Eta, bestela, azalduko direla hurrengo liburuan…

Besterik gabe,

Enekoitz Esnaola