Gorka Azkunek irabazi du 25 urtetik beherakoen CAF-Elhuyar Saria

Gorka Azkune sariarekin
  • Urtarrilaren 16an, ostiralean, egin zen CAF-Elhuyar sarien banaketa, Lasarten
  • Azpeitiarra lautan aurkeztu da CAF-Elhuyar lehiaketara eta hiru sari jaso ditu

Gorka Azkune azpeitiarrak irabazi du CAF-Elhuyar sarietan 25 urtetik beherakoen saria. Azkune 1982. urtean jaio zen eta egun EHUn Informatikako ikasketak egiten ari da. Haren zaletasunetako bat fisika da, eta Uztarriari elkarrizketa batean esan zionez "liburuetatik ikasi du, harrapatutako guztia irakurtzen" baitu.

Aurtengo sari banaketaren berri zientzia.net atarian eman du Elhuyar berak.

Azkune lautan aurkeztu da CAF-Elhuyar Zientzia Dibulgaziorako CAF-Elhuyar (www.elhuyar.com) sarietara eta hirutan jaso du saria. Oraingoan "Izarren energiaren bila" lanarekin jaso du. Lan hori fusio energiaz dago egina eta ITER proiektuari buruz ari da nagusiki. Hala dio Azkunek: "Fusioa oso energia garbia, ona eta aberatsa izan daiteke. Baina lehergai atomikoen oinarria ere bada. Bi aurpegi dauzka: ona eta txarra". Epaimahaiaren esanetan, azpeitiarraren lana "dotore idatzita" dago eta "irakurterraza" da, baina artikuluan landu duen gaiak eskatzen duen "zehaztasuna galdu gabe".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide