Eli Beobide: "Karroza egitea lan polita da, azken batean herrirako lan bat egitea baita"

Uztarria.com 2004ko urt. 13a, 17:01
Eli Beobide
  • Aurten laugarren aldiz aterako da Eli Beobidek egindako karroza txikien danborradan
  • Hiru urteurren izango dira karrozak bilduko dituenak: Frontoi Txikiaren 175. Urteurrena, Gernikako zuhaitzaren eta Txikuri pilotaria jaio zela mendeurrena

San Sebastian egunez txikien danborradan aterako den karrozak hiru urteurren gogoraraziko ditu: Frontoi Txikia egin zela 175 urte direla, Gernikako zuhaitza Azpeitira ekarri zela ehun urte direla eta Txikuri pilotaria jaio zela ere ehun urte direla. Azken lau urteetan karroza egiteko proiektuen lehiaketa bat antolatu du Udaleko Festa Batzordeak eta urte hauetan Eli Beobideren proiektua aukeratu da. Aurten hiru lehiakide izan dira aurkeztu direnak. Uztarria Eli Beobiderekin izan da karrozaren nondik norakoen berri jakiteko.

- Laugarren aldia da zuk egindako karroza aterako dena San Sebastian egunean?

Bai. Lau urte dira karroza egiteko lehiaketa egiten hasi zela eta lehenengo bi urtetan inor ez zen aurkeztu lehiaketara eta niri esan zidaten karroza egiteko. Azken bi urteotan, aldiz, lehiaketara proiektua aurkeztu eta nire proiektuak aukeratu ditu epaimahaiak.

- Noiz hasten zara karroza egiten?

Proiektua abenduan egin eta karroza egiten duela egun batzuk hasi ginen. Baina normalean Santo Tomasetan hasten gara karroza egiten.

- Nolako lana da San Sebastianetarako karroza egitea?

Lan polita da, azken batean herrirako lan bat egitea baita. San Sebastianak azpeitiarrek gehien sentitzen ditugun festak dira. Karroza egitea talde lan bat da, jende askok parte hartzen du eta hori azpimarratu beharra dago. Izan ere, arotzak, pintoreak eta abar urte askotan ari dira San Sebastianetarako karroza egiten.

- Karroza gainean ateratzen diren haurren arropak ere zuk diseinatzen al dituzu?

Jantzien ideiak eta neuk ematen ditut eta oihalak ere nik aukeratzen ditut. Lan pixkat estresantea izaten da, baina pena merezi du. Nik jendea karrozaren proiektuaren lehiaketan parte hartzera animatuko nuke.

- Aurten karrozak hiru urteurren bilduko ditu. Nolako gaia da aurtengoa?

Aurtengoa gaia nahiko zaila da, Gernikako zuhaitza eta pilota ditu gai nagusi eta hauek elkarrekin lotu behar dira karrozan. Biak ere euskal gaiak dira eta azkenean lema bat atera dugu eta karroza egiteko garaian lemari lotuta egin dugu lan.

- San Sebastian eguneko txikien danborradako karroza ikusteko ikusmin handia izaten du jendeak. Zu nola sentitzen zara?

Ni neu urduri egoten naiz eta behin dena bukatzen denean asko lasaitzen naiz. Hor eguraldia izaten da gakoa eta hori bai gure esku ez dagoela. Jendeak asko begiratzen du karroza eta zorionak ere jaso izaten ditut. Urduri eta pixkat kezkatuta egoten naiz, baina urteen poderioz bat egin egiten da.