Antzerki tailerra antolatu da Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik eta Emakumearen Mahaitik

Uztarria.eus 2003ko aza. 17a, 16:11

Antzerki Hastapeneko Tailerra antolatu du Udaletxeko Gizarte Zerbitzuak sailak. Tailerra urtarriletik maiatzera bitartean izango da. Bertan parte hartu nahi duenak abenduaren 30a baino lehen eman beharko du izena Udaletxeko Gizarte Zerbitzuak sailean. Gizarte Zerbitzuetako arduradunek Uztarriari tailerraren nondik norakoen berri eman diote.

  • Zer dela eta egin behar dituzue antzerki ikastaro horiek?

    Ekintza Positiboko Udal Planaren xedea, gizonezko eta emakumezkoen arteko aukera berdintasuna garatzea da, eta horretara bideratzen dira ekintza guztiak. Aurten hainbat ikastaro, tailer, hitzaldi eta abar egin dira eta esan beharra dago emakumeen erantzuna oso positiboa izan dela eta ekintza guztietan parte hartzea oso handia izan dela.

  • Nondik sortutako ekimena da?

    Ekintza Positiboko Udal Plana garatzeko Emakumearen Mahaia sortu zen. Udalean emakumearen gaia lantzen duten ordezkariek eta herrian emakumeei zuzenduta ekintza desberdinak antolatu eta bultzatzen aritzen diren pertsonak elkartzen dira mahai horretan. Antzerki Hastapenerako tailerra ere Emakumearen Mahaian sortutako ekimena da.

  • Zein helburu du?

    Ikastaro honen helburua kultura ekitaldiak sustatzea eta horietan emakumeak partaide aktiboa izatea da.

  • Nori zuzenduta dago?

    Ekintza honetan parte hartzeko interesa duen edozein emakumeri zuzenduta dago.

  • Zer landuko da ikastaro horietan?

    Tailerrak, bakoitzaren gorputz espresio eta sormenerako ahalmena lantzea du helburu. Ariketa desberdinak eginez, bakoitzak daukan "onena" atera eta landuko da. Saioen martxa eta erritmoa, taldeak berak finkatuko du, unean uneko eskakizunei erantzunez.

  • Zer egin behar da ikastaroetan parte hartzeko?

    Interesatuek Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuaken izena eman beharko dute, 943 15 71 92 telefonora deituz.

  • Nork emango ditu ikastaroak? Irakasle bakarrak guztia?

    Egin dituen antzezlanagatik, ezaguna den Alaitz Olaizola Bordak emango du.

  • Nolakoak izango dira?

    2004ko urtarrilean hasi eta maiatzean bukatuko da. Astean saio bat izango da, 15:00etatik 17:00etara.

Taldearen gogoaren arabera, antzerki lantxo bat ere prestatzeko aukera izango da.

  • Non emango dituzue?

    Aitonena Ieko areto nagusian.