Enrike Lopez: "Independentea izateko eskubideagatik, euskaragatik, geure nortasunagatik ibiltzeari ekin diot"

Uztarria.eus 2003ko uzt. 16a, 19:07
Desobedientzia tresna bezala aldarrikatuz, gaur Azpeititik pasa eta Zestoara abiatu da Enrike Lopez

Enrike Lopez, maiatzaren 15ean atera zen Leioatik oinez. Eta herriz herri dagoeneko 63 egun egin ditu oinez, Bizkaia, Araba eta ia Gipuzkoa osoa igaro ditu. Atzo heldu zen Azpeitira, atzo egin zuen 1.682. kilometroa eta gaur bazkalondoan Zestoarako bideari ekin dio. Iruñean bukatu asmo du Euskal Herria osoa oinez igaro ondoren, desobedientzia tresna bezala aldarrikatuz egiten ari den ibilbidea.

Goizean Berrian irakurri dugu Enrike Lopezen Euskal Herriko ibilaldiaren berri. Bazkalondoan, Uztarriako posta jaso eta bere berri ematen zigun eskuorria topatu dugu beste gutun batzuen artean. Telefono zenbaki bat ere utzi digu. Telefonora deitu eta Aitonenan bazkaltzen zegoela esan eta handik Uztarriako egoitzara azaldu da. Han eman dio Uztarriari bere ibilbidearen zergatien eta nondik norakoen berri.

Zein da Euskal Herria oinez zeharkatzearen arrazoia eta helburua?

Nire helburua ideia berriak zabaltzea da. Herriarengan eragin nahi dut, egoera mugiarazi nahi dut. Azken urteetan borroka konkretu batean nago sartuta eta arazo guztiaren ardatza independientzia falta da. Desobedientzai jorratu gabeko tresna da eta nik nire esperientziatik hori aldarrikatu nahi dut. Euskal Herrian sinesten dut eta hori euskal emakume eta gizon libreak lortuko dute.

Atzo heldu zinen Azpeitira 1.682. kilometroa betez.

Atzo heldu nintzen Azpeitira Tolosatik. 39 kilometro egin nituen. Tolosatik Beizamara joan nintzen eta handik Bidania, Goiatz eta Errezil pasa ondoren etorri nintzen Azpeitiara. Loiolan izan naiz, Herri Irratian elkarrizketa bat egin didate eta Azkoitira ere joan-etorria egin dut. Gaua Azpeitian pasatzeko nahiko gorabehera izan ditut. Atzo Ule baserrian eta Ondarbiden galdetu nuen eta ez zuten lekurik lo egiteko. Gero Eskuztara joan nintzen eta itxita zegoen, ekaitza hasi zen eta babes bila bertan gelditu nintzen, azkenean jabeak atea ireki eta gela bat bazuela eta han egin dut lo.

Dagoeneko 63 egun egin dituzu oinez. Nola doa ibilaldi luze hau?

Geure lurraldea ezagutzen ari naiz eta zoragarria da, ez da Afrikara joan behar gauza politiak ikusteko, hemen denetik dago lautadak, mendiak, herri txikiak, handiak... Gainera ohartzen ari naiz tribu desberdinak ere badaudela, eskualde desberdinetako jendea oso ezberdina da. Nik aurrera egin ahal dut jendearen laguntzari esker, komunikabide txikien laguntza izan dut eta jendeak ezustean ere lagundu izan dit.

Gero ikurrina daramadalako agurrak eta animoak jaso ditut bidean eta noizbait insultorik ere jaso dut. Baina uste dut, Euskal Herrian jendea hunkitu egiten dela oro har egiten ari naizenarekin. Aurreko batean Tolosan Guradia Zibilak gelditu ninduen, arakatu eta zertan ari nintzen kontatu nienean arritu egin ziren.

Batez beste, egunean zenbat kilometro egin ari zara?

Egunean bataz beste 27 kilometro egin ditut; egun batzutan 40 eta beste abtzutan 20 kilometro ere egin ditut. Aldakorra da, oso egoera desberdinak ematen baitira.