'Gara': euskal komunikabideen kontrako beste eraso bat

Espainiak ez du etsi. Badaki euskal komunikabideak tresna garrantzitsu direla Euskal Herrian, eta haien kontra ari da etengabe eta gogor. Egunkaria itxi egin zuten otsailaren 20an, baina ikusi dute euskal gizarteak eta 'Egunkaria'-ko langile ohiek oso ondo erantzun dutela, lau hilabetera sortu delako euskarazko beste egunkari bat: Berria. Kazeta hau sortu zen egunean bertan jakin genuen, ordea, Espainiak 'Gara'-ren kontrako operazioa prest duela.

Espainiako Gizarte Segurantzak dio 'Gara'-ren enpresa editoreak ‹Baigorrik‹ eta KIE enpresak ordaindu behar dutela 'Egin'-en enpresa editore Orain SAren zorra. Alegia, 5,1 milioi eurokoa (850 milioi pezeta inguru). "Jarraikortasuna" dagoela dio Gizarte Segurantzak.

Horren aurrean, zera adierazi nahi du Uztarria herri aldizkariaren argitaratzaile Uztarria Kultur Koordinadorak:

  1. Ez dago arrazoi juridikorik Orain SAren zorra 'Gara'-ri eta KIEri pasatzeko. Espainiak 1998ko uztailean Egin eta Orain SA itxi bazituen ere, Orain SAk existitzen jarraitzen du, eta, gainera, Baltasar Garzon epaile espainiarraren esku dago, administratzaile judizial baten bitartez. Orain SAk azkeneko bost urte hauetan zuloa egin badu, hori Garzonen erantzukizuna da. Eta nabarmenena: Orain SA enpresa bat da, eta Baigorri eta KIE beste batzuk. Ez dago lotura organikorik. Filosofian eta ideietan dago lotura. Baina hori, nonbait, delitua da Espainiarentzat.
  2. 'Egunkaria'-rekin eta 'Berria'-rekin gertatu den bezala, 'Egin'-ekin eta 'Gara'-rekin gauza bera gertatu zen: euskal gizarteak eta egunkariko langileek oso ondo erreakzionatu eta erantzun zutela. 1998ko uztailean itxi zuten Egin eta 1999ko urtarrilean sortu zen Gara. Espainiari ez zitzaion gustatu euskal gizartearen gaitasuna nolakoa zen ikustea, eta orain Gara ito nahi du.
  3. Euskal Herrian eta Euskal Herrirako egiten den egunkaria da Gara. Hemengoa. Eta hemen behar duena, kalean, herritarren eskura. Bere ikuspuntuarekin jakina, Euskal Herria anitza delako eta ez, Espainiak nahi duen bezala, pentsamendu bakarrekoa. Bidegabea da hura itxi nahi izana.
  4. 'Gara'-ko langileek kontzentrazioak egingo dituzte bihar, ostirala. Gipuzkoakoa, Donostian izango da, 12:00etan, Artzain Onean. Uztarriak elkartasuna adierazi nahi dio 'Gara'-ri, eta azpeitiarrei bere alde agertzeko dei egiten die.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide