Azpeitiko Euskara Patronatuak Erabili.com webgunea jarri du sarean

Azpeitiko Euskara Patronatuak webgune berria dauka sarean, Erabili.com. Gaur bertan eman du webgune honen berri Euskara Patronatuak Sustatu webgunean. Jarraian duzu han jasotako albistea.

Erabili.com, erabiltzeko sortua

Erabili.com, erabiltzeko sortua

Azpeitiko Euskara Patronatuak webgune berria dauka sarean, www.erabili.com . Gunearekin, hiru sare-aldizkari datoz: Berri Berriak euskararen aurrerabidearekin lotutako berriekin; Iritzi-muinetik, iritzi bilgune izango dena, eta Galdezka, galde-erantzunen bidez euskararen edozein alderdiri buruzko informazioa eskaintzeko.

www.erabili.com-ek izena eta izana bat bera ditu, izan ere, euskararen aurrerabidean etengabe erabiltzeko sortu den tresna baita: euskararen bidean bidelagun, bide erakusle eta bidegile diren euskaldun guztientzat eta, batez ere, euskara lan hizkuntza dutenentzat.

www.erabili.com, euskararen aurrerabidean, gizarte nahiz hizkuntzarenean, makulu erabilgarri bihurtu nahi dugu hanka motz ibili garen, eta bagabiltzan arloetan, egindakoen eta egin beharrekoen arteko zubiak eraikitzeko.

www.erabili.com, euskararen erabilera eta normalizazioari dagokionez, euskararen beharretara etengabe egokitzeko prestatuta dagoen lanabesa da, horregatik, euskara bezalaxe, erabiliz zorroztu eta berrituko den tresna da.

Internet izeneko itsaso zabalean igerian ez dabilenak hondarrera joan eta itotzeko arriskua omen du gaur egun; Azpeitiko Euskara Patronatuak, www.erabili.com-en bitartez, ito beharrik gabe, itsaso horretan ere, euskararen untzia denon artean gizarteratzeko edota guztionganatzeko aukera eman nahi die ur harrotu horietan eguneroko borrokan dabiltzan guztiei.

Hiru sare aldizkari

erabili.com-ek euskararen aurrerabidean ematen ari diren aurrerapauso guztien berri zabal-sakona emateko hiru sare aldizkari ditu. Gainera harpidetuta dauden guztiek, erabat doan, informazioa sare-aldizkarietan argitaratu ahala jasotzen dute beren ePostontzietan. Era berean, gure sare-aldizkarietan parte hartzeko aukera ere baduzu.

  1. Berri Berriak sare-aldizkariak EUSKARAREN aurrerabidearekin lotutako berriak argitaratzen ditu. Berri Berriak aldizkari elektronikoak plazaratzen dituen albisteek berezitasun bat ere badute: informazioa albistearen barne-muinetik ematen da eta albistea zabal-sakonetik aztertzen da. Ildo horretatik, albistearen garapenean informazioaren sakoneko azterketaren emaitza eskaintzen zaio irakurleari. Albisteek, berriz, helburu bat bera dute: EUSKARAK egindako aurrerapausoen berri ematea.
  2. Iritzi-muinetik sare-aldizkariak EUSKARAREN guztionganatzean eta gararabidean eragina duten adituen iritzi eta jakite zabal-sakona zabaltzea du helburu. Era berean, EUSKARAREN aurrerabidearen nondik norakoak garatzeko plaza eta elkartrukerako gune ere izan nahi du Iritzi-muinetik sare-aldizkariak. Izan ere, "hemen" eta "orain" euskaldun garen guztion ardurapean baitago EUSKARAREN etorkizuna.
  3. Galdezka sare-aldizkariak EUSKARAREN edozein alderdiri buruzko informazioa eskaintzen du galde-erantzunen bitartez. Galdera edozeinek egin dezake eta erabili.com-eko erredakzioak aurkituko ditu galderen erantzunak eta erantzuleak.