Azpeitiko I.go Slalom Openak 15 kirolari bildu zituen

Joan den igandean Azpeitiko kiroldegian "Azpeitiko Lehenengo Slalom Opena" ospatu zen. Euskal Herri zabaletik etorritako 15 kirolarik hartu zuten parte. Modalitate hau garun paralisia duten kirolarientzako dago diseinatua eta oztopo ezberdinez osatutako ibilbide bat ahalik eta azkarren betetzean datza, gurpil ahulki baten laguntzaz. Bost kategoria ezberdin daude, gurpil aulkia bultzatzeko gaitasunaren arabera banatuta (gurpil ahulki elektrikoak, hankekin bultzatuz, eskuekin bultzatuz eta abar).

Ekitaldi honen helburua etorri zen kirolari bakoitzari ofizialtasun osoz bere markak hobetzeko aukera ematea izan zen. Aipatu ofizialtasuna lortzeko nazioarteko maila duten lau epaile etorri ziren, izan ere, aurten estatuko txapelketa nagusiaz aparte ez da beste aukerarik izango.

Jardunaldia goiz eta arratsaldeko bi saioetan banatu zen. Goizez lehenengo erlojuz kontrakoa neurtu zen eta ondoren paraleloa deitzen den modalitatearen erakustaldia egin zen (bi kirolari elkarren aurka paraleloan egokitutako ibilbide bana egitean datza, lehena iristen dena irabazle). Arratsaldean berriz, bigarren erlojuaren kontrakoa neurtu zen eta taldekako paraleloaren erakustaldia egin zen (arestian irakurri ditzakezue igandeko emaitza guztiak).

Kirol emaitzei dagokienez zenbait aipamen egin behar ditugu. Etorri ziren 15 kirolarietatik hiruk estatu mailako txapelketetan parte hartzeko gutxieneko denbora lortu zuten eta beste seik B mailako denbora lortu zuten. Hau da, estatu mailako txapelketetan parte hartuko dute baldin eta azaltzen diren kirolari kopurua osatzen ez bada.

Hauetatik guztietatik Xabier Madina azpeitiarrak eta Arkaitz Zabala eibartarrak aipamen berezia behar dute. Izan ere, bi hauek munduko marka hobetzeko zorian egon dira. Arkaitz goizeko saioan ez zen oso fin aritu, baina arratsaldekoan arriskatu egin zuen eta bere markatik sei segundutara bakarrik geratu zen. Lastima pare bat oztopotan marra zapaltzeak ekarri zizkion penalizazioak. Xabier Madinak aldiz, goizeko saio zoragarri baten ondoren nahikoa zuen arratsaldekoan ibilbide garbi bat (penalizaziorik gabea) lortzea berak duen munduko marka hobetzeko, baina ezinezkoa suertatu zitzaion eta azkenean 12 segundutara geratu zen.

Amaitzeko, Amue kirol elkarteak jardunaldia arrakasta osoz gauzatu zedin lagundu duten guztiak eskertu nahi ditu, hala nola, Azpeitiko Udala (kiroldegia bere osotasunean utzi eta gainera diruz laguntzeagatik), Kutxa (publizitatea doan egiteagatik eta diruz lagundutzeagatik), Eroski (edariak doan emateagatik), Osinazpi taberna, gure ekitaldiaren berri eman duten medioak (Uztarria, DV eta Kaito telebista –aste honetan zehar ikusi dezakezue-), etorri diren kirolari eta laguntzaile guztiei eta, bereziki, zuen igandea gurekin pasatu zenuten bolondresei besarkada bero bat.

Sailkapenak

Slalom erlojuaren kontrakoa

D1 Mixto Goizez/Arratsaldez

1) Maite Etxezarreta 1'40"03/3'22"75 Gutxieneko Marka A
2) Yolanda Martin 1'52"94/3'45"71 Gutxieneko Marka B
3) Aritz Bikuña 2'11"36/4'06"50 Gutxieneko Marka B
4) Nerea Rios 2'12"98/4'13"08 Gutxieneko Marka B
5) Fernando Garoña 3'27"22/ Kanporatua
6) Luismi Larralde Kanporatua
7) Arantza Vidales Kanporatua
8) Joseba Vadillo Ez da azaldu

D2 Emakumezkoa Goizez/Arratsaldez

1) Oihana Yurrita 2'08"29/4'19"38 Gutxieneko Marka B
2) Aloña Yurrita 3'00"06/6'06"87

D2 Gizonezkoa Goizez/Arratsaldez

1) Arkaitz Zabala 1'36"96/3'05"69 Gutxieneko Marka A
2) Diego Lopez Ez da azaldu

D3 Emakumezkoa Goizez/Arratsaldez

1) Nerea Egaña 2'04"81/4'05"01 Gutxieneko Marka B
2) Kontxi Urretabizkaia 2'50"02/5'28"74 Gutxieneko Marka B

D3 Gizonezkoa Goizez/Arratsaldez

1) Xabier Madina 1'02"52/2'19"20 Gutxieneko Marka A

D4 Gizonezkoa Goizez/Arratsaldez

1) David Pastrana 2'16"05/4'28"13

D5 Gizonezkoa Goizez/Arratsaldez

1) Juan Manuel Indart Kanporatua

Slalom Paraleloa

Goizez

  • D1 Yolanda Martin
  • D2 Arkaitz Zabala
  • D3 Xabier Madina
  • D4/D5 Juan Manuel Indart

Txapeldunen txapelduna

  • D3 Xavier Madina

Arratsaldez Taldeka txapeldunak

Dordoka 3
- Luismi Sarralde
- Nerea Rios
- Kontxi Urretabizkaia
- Maite Etxezarreta
- Xavier Madina

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide