Gipuzkoako Foru Aldundiak saihesbiderako hegoaldeko bidea hobetsi du

Uztarria.eus 2003ko mar. 26a, 12:03

Diputatuen Kontseiluak hegoaldeko bidea hobetsi du Azpeitiko saihesbiderako El Diario Vasco egunkarian irakurri dugunez. Erabakia atzo, martxoaren 25ean, egindako bileran hartu zen, eta bertan izan zen Roman Sudupe Aldun Nagusia.

Hegoaldeko bidea aukeratu izanaren arrazoietako bat iparraldekoak ingurumenaren aldaketa handiagoa eskatzen duela da. Izan ere, bidea iparraldetik egiteak harizti bat eta etxebizitza gehiago botatzeaz gain lur azpiko uren kalitatean ere ondorio kaltegarriak ekarriko ditu. Eta bestalde, hegoaldeko bideak herri erdigunetik saihesbiderako eta industri guneko ibilgailu astunen joan-etorria errazten du.

Hegoaldeko trazatuak hasieran Urola ibaia gurutzatzen du eta ibaiaren eskuinaldean zehar doa. Bideak Landeta auzoaren herrigunetik jarraitzen du, eta Sistiaga eta Mandiola-Munategi ibarrak zeharkatzen ditu, 425m luze den tunelaren bidez. Saihesbideak 5.196m ditu, horietatik 946m Landeta ingurunean egokituko den zatiari dagokio – iparraldeko saihesbidean zati honen egokitzea ere aurreikusten da-, eta 31,5 milioi euroko (5.250 milioi pzta) aurrekontua du.

Ekainean aurkeztua

Gipuzkoako Foru Aldundiak Azpeitiko saihesbiderako zituen bi proposamenak 2002ko ekainaren 13an aurkeztu zituen Azpeitian, eta abuztuaren 3a arte ikusgai izan ziren horretarako egokitutako lokal batean. Aurpezpenaren eta GFAren bi proposamen hauen berri albiste honetan eman genuen.

Bestalde, uztarri.com-eko Eztabaida atalean ere saihesbiderako dauden lau proposamenen inguruan (bi Azpeitiko Udalarenak bi Gipuzkoako Foru Aldundiarenak) solasean jardun zen hainbat herritar.