Elkarlana, independentziatik

Egunkaria-ko langile azpeitiarrak 2003ko mar. 10a, 16:03

Hauxe da EGUNKARIAko langileok, Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuaren artikuluari erantzunez, asteburuan argitaratu duguna.

Elkarlana, independentziatik

Duela 13 urte sortu zenean, 11 ezaugarri hartu zituen ardatz EUSKALDUNON EGUNKARIAk: besteak beste, baterakoia, zabala, erdarazko hedabideetatik independentea, erakunde politikoetatik independentea, ez-instituzionala, erakunde publikoek diruz lagundua, profesionala eta militantea izatea hartu zuen helburu. Hitz batean, inoren menpekotasunik gabe euskaldun guztiongana heltzeko bokazioz jaio zen EGUNKARIA, eta, 13 urtean egindako lanean, independentziaren eta zabaltasunaren bideari jarraitu dio beti. Eta egunez egun, egindako lanaren poderioz, komunikabide erreferentziala eta sinesgarria bilakatu da euskaldunontzat, baita aurreneko urteetan, mesfidati, bizkarra eman ziotenentzat ere.

Orain, 13 urteren ondoren, egunkari xume hura produktu sendo bihurtu denean, Guardia Zibilaren armez, EUSKALDUNON EGUNKARIA itxita dago. Itxiera honen aurkako mobilizazioetan, milaka eta milaka euskaldunek EGUNKARIA berriro zabaltzeko eskatu dute. Milaka eta milaka herritarrek egunkari zabal, baterakoi, independente, ez-instituzional, profesional eta militantea berriro esku artean nahi dutela ulertu dugu. Eta euskal instituzioek eta alderdi politikoek itxiera salatu, EGUNKARIAko langileei elkartasuna adierazi eta EGUNKARIA berriro kalean behar dugula aldarrikatu dutenean, bidegabeki itxi duten EUSKALDUNON EGUNKARIA babesteko borondatea dutela ulertu dugu.

Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Espainiako epaileen eta Gobernuaren aginduz EGUNKARIA itxi eta 15 egun baino pasatu ez direnean, osteguneko EGUNEROn plazaratutako artikuluan elkarlanerako deia egin du, eta Eusko Jaurlaritzak euskarazko egunkari berri baten proiektuan orain arte baino inplikazio handiagoa izan dezan eztabaida bultzatu nahi du, EGUNKARIAren zabaltasuna nahikoa ez delakoan. EUSKALDUNON EGUNKARIAk, lehen bezala orain, erakundeekin elkarlanean aritzeko borondatea —eta beharra— du. Eta lehen baino gehiago orain —gertaera bidegabe hauen ondorioz babes eta laguntza handiagoaren beharra dugulako—, erakundeen inplikazioa eskatzen dugu. Eta EGUNKARIAren zabaltasuna auzitan jarri nahi denean, garbi esan behar dugu zabaltasunak eman diola, hain zuzen ere, sinesgarritasuna EUSKALDUNON EGUNKARIAri, ideia eta kolore guztietako iritziak bideratu direla eta alderdi, sindikatu eta gizarte eragile oso diferenteetako ordezkariak izan direla kolaboratzaile. Ez dezagun ahaztu Guardia Zibila izan dela proiektu hau zapuztu duena, ez zabaltasunaren inguruko auzia. Bestetik, inor mindu eta gutxiesteko asmorik gabe, gure txikitasunetik harro esan dezakegu Euskal Herriko komunikabideen artean EGUNKARIA izan dela Euskal Herrian diren maila guztietako sentsibilitateei ateak gehien zabaldu dizkiena.

Azkarateren artikuluan ez genuke bestelako esku-hartzerako asmo ezkuturik ikusi nahi, ez dugu uste euskarazko egunkaria izaera zabal, baterakoi, independente eta profesionaletik aldendu nahi duenik, eta ez dugu uste erabaki judizial bidegabe batek suntsitu duen proiektu baten errautsen gainean beste ezaugarri batzuetako proiektu baterako zimentarriak jarri nahi dituenik. Proiektuaren zabaltasunaren mesederako, ez dezagun oinarri herritarra duen proiektua ur politikoetara edo instituzionaletara bideratu; galbidea litzateke. Diru laguntza publikoak kontrol publikoa izan behar duela ez dugu zalantzarik, baina administrazioarekiko menpekotasunak herren utziko luke proiektua hasieratik. Guk, 13 urteotan EGUNKARIA aurrera ateratzeak zer-nolako ahalegina eskatu digun eta horren truke zer prezio ordainarazi diguten ondo dakigun langileok, ez genuke halakorik onartuko. Eta ez lukete onartuko, ziur gaude, 13 urteotan leial izan zaizkigun milaka irakurleek; ezta Donostiako kaleetan elkar hartuta EGUNKARIA zabaltzeko eskatu zuten euskaldun guztiek ere.

Euskararentzako bermerik onena eredu profesionala dela adierazi du Kultura sailburuak, eta eredu doktrinarioa eta gubernamentala baztertu behar direla. Ados gaude. Ados gaudela erakutsi dugu beti, eredu profesionaleko egunkaria goizero kioskoetara eramanez. Gu ere, Miren Azkarate bezala, alderdi, sindikatu, euskalgintzako erakunde eta instituzio publikoekin eskuz esku lan egiteko prest gaude, eta eskertzen dugu orain arte erakunde horiek guztiek euskarazko egunkaria sustatzeko eta babesteko erakutsi duten borondatea. Era guztietako eragileen inplikazio handiagoa nahi dugu, eta horretaz zintzotasunez jarduteko prest gara, baina barkaezina litzateke duela 13 urteko akats beretara itzultzea.

Ez ditugu 13 urte alferrik egin, eta ez genuke nahi 13 urte hauetako esperientzia alde batera utzita euskarazko egunkariaren proiektu berria hutsetik abiatzeko asmorik inork izatea. Egunkaria Sortzen-ek finkatutako 11 ezaugarriak indarrean dira, eta hala egon behar dute balizko proiektu berrian ere. EGUNKARIAren lan taldea, langabezian egonik ere, lanean ari da, eta lanean jarraituko du.

Arazo guztien gainetik eta Guardia Zibilak eramandako lagunen faltak eragindako saminaren gainetik, ostegun beltzaren biharamunean, gure konpromisoaren lehen urratsa ikusi zen: EGUNERO kiosko eta etxeetara zabaldu genuen. Urrats horri esker, Ave Fenixa abian da; orain, guztion inplikazioarekin suntsiezin egin behar dugu. Langileok, espetxean dagoen zuzendaritzarekin, eta alderdi, sindikatu, gizarte eragile, euskalgintzako erakunde eta instituzio publikoekin elkarlanean jarraitzeko asmoa dugu, eta proiektuak aurrera egingo du, independentziatik.

EUSKALDUNON EGUNKARIA-KO LANGILEAK