Azpeitiko Uri Buru Batzarrak jada hartu du erabakia, Julian Eizmendi da hautagaia

Atzo egin zen batzarra EAJko zerrendaburua aukeratzeko, giro lasaian

Maiatzean egingo diren udal hauteskundeei begira, atzo egin zuen Azpeitiko Uri Buru Batzarrak EAJren alkategaia aukeratzeko batzarra. Eta Uztarriak aurreratu bezala, Julian Eizmendi izan da aukeratua.

Atzo hautatu zuen Azpeitiko alkate izateko EAJko hautagaia Uri Buru Batzarrak, bozketa bidez aukeratu ere. Eta, hain zuzen, Julian Eizmendi izango da maiatzen 25eko udal hauteskundeetan alkatetzarako Azpeitiko EAJren zerrendaburua. Batzarrean bildu ziren jeltzaleek "jende berriaren" aldeko apustuari heldu zioten, beraz. Jose Mari Bastida alkatea ere batzarrean izan zen. Bastidak berak lehengo astean EAJko afiliatuei gutun bana bidali zien Uri Buru Batzarra kritikatuz eta bere hautagaitza bertan behera uzten zuela esanez, baina atzoko bileran isilik egon zen Bastida, eta giro lasaia nagusitu zen.

Orain Azpeitiko EAJk eta EAk bihar bertan bilera egiteko asmoa dute, koalizioa osatu edo ez erabakitzeko eta maiatzeko udal hauteskundetarako zerrenda osatzeko. Koalizioan joanez gero, EAk zerrendako bigarrena Eusko Alkartasunakoa izatea nahiko du.

Julian Eizmendi Zinkunegi

  • EAJ-PNVko afiliatua
  • 44 urte, ezkondua hiru seme-alabekin
  • Lizentziatua Ekonomia eta Enpresa Zientzietan eta Zuzenbidean
  • Gipuzkoako Foru Aldundiko Administrazio Orokorreko Teknikaria (1991ko martxotik), Udal Kudeaketa Teknikoko Unitateko buru lanpostua betetzen 1996ko urritik aurrera.

Julian Eizmendik, ilusioz hartu du Azpeitiko alkatetzarako hautagaitza, halaxe adierazi dio Uztarriari: "Jose Mari Bastidaren alkatetzako 18 urte hauen ondoren, bera ordezkatzea erronka handia da eta EAJ-PNV alderdiak nigan konfidantza osoa jarri du. Ilusio guztia jarriko dut erronka horretan eta konfidantza horri erantzuten".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide