2003. urterako udal zerga, tasa eta prezio publikoak

Azpeitiko SOZIALISTA ABERTZALE zinegotzi taldea 2002ko abe. 30a, 14:12

Urtero bezala Azpeitiko udalari ere 2003. urterako udal zerga, tasak eta prezio publikoak eguneratzeko garaia iritsi zaio, eta Azpeitiko SOZIALISTA ABERTZALE taldeak, bere proposamenen berri eman nahi die herritarrei, besteak beste, herritar guztien poltsikoari eta zerbitzuei zuzen zuzenean eragiten dien erabaki garrantzitsua delako.

Jakin badakigu, ahalmen ekonomiko txikieneko sektoreentzat bizi baldintzen oinarri diren eremuetako zergak eta presio fiskala (ura, zaborra, ibilgailuak...) areagotzea izan dela azken urteotako joera.

SOZIALISTA ABERTZALE taldeak, oso garbi dauka politika soziala egiteko udalak duen aukera egokienetako bat izaten dela hau, eta, orokorrean, gure ideologia ezkertiarrarekin ados jokatuz, gutxien duen gehiengoari erraztasunak ematearen aldeko apustua egiten dugula esan behar dugu. Udaletxea herritarrei ahalik eta zerbitzurik egokienak eskaini behar dizkion erakunde publikoa dela abiapuntutzat harturik, eta ez, inola ere, urtearen bukaeran irabaziak ateratzea helburu duen enpresa, orokorrean gure proposamenak oinarri hauek ditu:

-Gure herriko zerga eta tasen aplikazio indizea Gipuzkoako batez bestekoaren gainetik, eta/edo neurri berdintsuko herrien (10.000 eta 20.000 biztanle arteko herriak) indizearen gainetik baldin badago ASA.ak konjelazioa proposatzen du, alegia, dauden daudenean mantentzea prezioak.

-Indize hori batez bestekotik behera baldin badago, berriz, ASA.k, gehienez ere, KPI edo IPC delakoa igotzea (%3,8 aplikatzea proposatu dugu Azpeitian) Udalak (PNV/Eak) %4 a onartu du.

-Irizpide birbanatzaileen alde jo nahi du ASA.k, hau da, gutxien kontsumitzen dutenei (uraren kasua) orekatuz.

-Prezio publikoei dagokienez (kirol instalakuntzak, gizartekintzako zerbitzuak, eguneko zentroa , % 3,8 ko igoera proposatu dugu, Udalaik %4ª onartu du.

-Gutxieneko soldata interprofesionalera iristen ez denarentzat zerga salbuespena (ez zergarik eta ez tasarik ordaintzea) proposatzen dugu edo gutxieneko soldata horretatik gertu dabilenarentzat hobariak edo bonifikazioak ematea.

Irizpide orokor hauezaz gain, Azpeitiko ASA.k taldeak, baditu proposamen zehatzagoak hainbat alorretan:

A -ibilgailuak, ondasun higiezinen zerga (kontribuzioa) eta jarduera ekonomikoarena ere %3,8 ko igoera proposatu dugu.

Udalak: Ibilgailuen tasa, %4 onartu du, ondasun higiezin edo kontribuzioa %6 etxeena eta %10 industriarena eta jarduera ekonomikoa %4 ere.

B -ura: Uraren tasaz ari garela, ASA.ak, bakoitzak gastatzen duen arabera kobratzea eta gutxieneko kontsumoko neurria 30 m3takoa kentzea proposatzen du, eta beste koska batzuek ezartzea industriari 50 metro kubikotik gora gastatzen dutenei. Jabetu egin behar baitugu uraren garrantzi estrategikoaz eta zentzuzko kontsumoa bultzatu. Guk proposatu dugun igoera %3,8 koa izan da eta Udalak %6 igo du. Oso garrantzi handiko datuak dira honokoak:

+uraren kosto globala zenbatekoa den

+galga bakoitzean zenbat m3 gastatzen diren eta zenbatek

+enpresa handiek zer kontsumitzen duten

+zenbat ur galtzen den

C -zaborra: KPIaren (%3,8) igoera aplikatzea proposatu dugu, baina Udalak %15 a igo du.

D -estolderia: KPI (%3,8) igotzea proposatu dugu, baina Udalak %11 igo du.

Berriro ere EAJk eta EAk nahiago izan dute herritarren poltsikoaren kontura udalaren altxorra gizendu, premiarik handiena dutenen interesei askorik erreparatu gabe. Berriro ere, erabiltzaile edo kontzumitzaile apalenak aterako dira kaltetuen zergei, tasei eta prezio publikoei dagokienean, eta ahalmen ekonomikorik handieneko enpresak eta herritarrek izango dituzte kargarik arinenak.

Noizko izango du Azpeitiko udalak polítika fiskal solidarioago eta aurrerakoiagoa?

Orain zergak eta tasak erabaki dira, hilabete gutxi barru aurrekontuak eztabaidatuko dira. Herriaren diruak zertan erabiltzen diren jakiteko, proposamenak egiteko, edota politikoon jarduna kritikatzeko, herritarrak informazioa eskura izateko eta parte hartzeko eskubidea dauka, eta eskubideak erabiltzeko dira.

Honaino 2003. urterako zerga, tasa eta prezio publikoen eguneratzearen inguruan ASA.k taldeak izan duen jarrera eta bildu duen informazio nagusia. Goian aipatu dugun bezala sozialki garrantzi oso handia duen gaia dela deritzogu eta herritarren aldetik ere jarrera kritiko eta aktiboago batek mesede egingo liguke guztioi. Informazio osoagoa eta zehatzagoa nahi duenak Sanagustinpeko tabloian izango du ikusgai edo geuri eska diezaguke zuzenean.