Mikel Olaizolari hitz bi

Ez dakit Mikel Olaizola jaunak plaza honetan idatzitako "iritzia" (2002/11/16) bere izenean "soilik" eman duen argitara. Nire ustez, irakurlearen argigarri, norbera non dabilen eta zertan dabilen adierazi beharra dago irakurleari irakurritakoaren "irakurketa" egiten laguntzeko. Nire erantzuna, behintzat, argi gera bedi hasera-haseratik, ez da Azpeitiko Udalaren izenean, neure buruaren izenean eta izanean baizik (Mikel Olaizolak dioen bezala "Azpeitiarra ez den Patxi Saez euskara teknikaria"-ren izenean).

Azpeitiko Udalak aho batez onartu zuen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) abian jartzea 2001eko azaroaren 21eko udalbatzan (EAJ-EA-SA). Mikel Olaizola jaunarentzat, berriz, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiari dagokionez, Azpeitiko Udala EAJ eta EA alderdiak besterik ez dira (hau ere "irakurketa" egiteko lagungarri gerta dakioke irakurleari).

Behin Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia Udalak onartu zuenean, Azpeitiko herriari jakinarazi zitzaion eta herriko 712 erakundek (%95) eta 5.063 herritarrek abian jartzekoa zen planarenganako adostasuna azaldu zuten. Bide batez, esan dezadan, hau ere irakurlearen argigarri, Mikel Olaizola jaunaren sinadurarik ez zela jaso (Mikel Olaizolaren hitzetan "Azpeitian nork esango dio ezetz, euskara bultzatu nahi duzu? Galderari").

Mikel Olaizola jaunak ezjakintasunaren pulpitotik azken urtebetean hutsaren hurrengoa egin dela aldarrikatu du. Baina Olaizola jaunak irakurleari ez dio esaten Azpeitiko Udalak egiten duena egiten duela ere, berak eta bere sokakoek nahi duten hori egiten ez duen bitartean, beti azalduko dela suntsitzaile eta sekula ez eraikitzaile. Euskarak jarrera eraikitzaileak behar ditu dagoen atakatik irtetzeko eta langintza horretan jardun nahi duenak bete beharreko lehenengo baldintza lagun hurkoarenganako begirunea eta errespetua da, izan ere, hori ez badago, mesede kaskarra egiten zaio euskarari, jarrera horretan dagoena elkarrenganatzeko aritu beharrean elkarrengandik urruntzeko lanetan arituko da-eta .

Mikel Olaizola jaunak esana da "adostasunera iristeko ezinbestekoa da, (...) jende multzo desberdinekin harreman egokiak izateko gaitasuna izatea (...). Baina zoritxarrez, momentu honetan, horretan diharduten hainbat pertsonek (Patxi Saez euskara teknikaria, Aitor Gorrotxategi kultura zinegotzia...-k) ez dituzte ezaugarri horiek inondik inora betetzen". Mikel Olaizola jaunak ahaztu egin du berak ere, adostasunera iristekoaren aldekoa den aldetik (?), eta Azpeitiko Udalarekin adostasuna lortu nahian dabilen aldetik (?), lagun hurkoarentzat ezinbestekotzat jotzen dituen ezaugarri horiek, berak ere, bete egin behar dituela. Mikel Olaizola jaunak idatzitakoa idatzi eta gero, lagun hurkoari bereak eta asto beltzarenak esan eta gero, irakurleak ez du zalantza izpirik izango Mikel Olaizola jaunak harreman egokietarako duen gaitasuna hutsaren hurrengoa dela. Mikel Olaizolak besteen buruan bartza ikusten du eta ez norberarenean zorria. Lagun hurkoari okerbidean dabilela ohartaraztea eta aitzakia horretan norberaren "bide zuzenetik" eraman nahi izatea, itsua izanda itsumutil lanetan hasi nahi izatea da.

Ezjakintasunetik lagun hurkoaren lana gutxiesten ari dena asmobide gaiztoan dabil (Mikel Olaizola: "Zer egin du, urte oso honetan Azpeitiarra ez den Patxi Saez euskara teknikariak? Zertan eman ditu hainbeste ordu? Ordenagailuko "solitario" jokoan jolasten beharbada?"). Gizalegean motz dabilenari hitz eta jokabide ustelak nagusitzen zaizkio.

Patxi Saez Beloki (Azpeitiko Udalaren hizkuntza normalizaziorako teknikaria)

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide