Zorionak Azpeitiko Udala

Mikel Olaizola Borda 2002ko aza. 26a, 18:11

Euskara biziberritzeko plana dela eta. "Ezer ez egin ezta egiten utzi ere"

"Euskara gu geu gara bidea" da udalak(PNV-EA) darabilen lelo nagusia, aspaldi honetan. Orain ere, beste askotan bezala sasibide bat hartu dute, gurea bezalako herri batean, autopista hartu genezaken arren. Sasibide horretan bidaiatzeko aukeratu duten garraioa, bizikleta izan da, hori bai, ez nolanahiko bizikleta, garestienetakoa. Eta hor doaz, motel-motel eta bakar-bakarrik, norabide jakinik gabeko sasibide horretan aurrera (beno aurrera badoaz behintzat). Aukeratu dituzten bidea eta garraioa, ez dira gaur egun Azpeitiak behar dituenak. Beste gauza batzuetarako bai, bizikleta garraio egokia eta ekologikoa da eta hobe sasibideak erabiltzea, autopista berriak egitea baino, baina euskararen kasuan, erabili ditzakegun errepide eta garraio guztiak ditugu egokiak eta beharrezkoak. Bizikletaz bidaiatuz gero, bakarrik edo gehienez binaka bidaiatu daiteke eta euskarak ez du aski binaka bidaiatzea, euskarak autobusak, trenak... bete behar ditu, bere bidaia luzean. Azpeitiko Udalak (PNV-EA) orain ere, bakarrik bidaiatzea erabaki du, askoz errazagoa baita bakarrik bidaiatzea.. Beste batzuekin bidaiatu behar denean, iritzi ezberdinak, eztabaidak... egoten dira eta adostasuna bilatzea ez da erraza izaten askotan. Zoritxarrez Azpeitiko Udalak (PNV-EA) ez du inoiz jakin adostasunak nola bilatu, zeren eta horretarako egoki hitz egitea, ideiak argi izatea, besteei entzutea, akordioetara iristeko interesa izatea... beharrezkoak dira. Adostasunetara iristeko ezinbestekoa da, pertsona ireki eta prestuak izatea, jende multzo desberdinekin harreman egokiak izateko gaitasuna izatea, motibatuak egotea eta langileak eta hitzekoak izatea. Baina zoritxarrez, momentu honetan, horretan diharduten hainbat pertsonek (Patxi Saez euskara teknikaria, Aitor Gorrotxategi kultura zinegotzia...-k) ez dituzte ezaugarri hauek inondik-inora betetzen. Ezaugarri hauek betetzen ez dituztenez, beren erara egiten dituzte gauzak, benetan protagonistak direnekin kontatu gabe. Laister urtebete beteko da (Abenduak 2) euskara biziberritzeko plana aurkeztu zutela. Kristonak eta bi saldu zizkiguten egun hartan eta oraindik ere horretan dihardute, baina zoritxarrez praktikan, ezer gutxi egin dute. %95 azaldu dela plan honen alde diote, 712 erakunde eta 5000 azpeitiar baino gehiago. Noski, normala da ez? Gaur egun, Azpeitian nork esango dio ezetz, euskara bultzatu nahi duzu? galderari. Bai, bai galdera hori egin ziguten herritarroi duela urtebete eta noski herriak baietz erantzun zuen, nahiz eta hainbat herritar eta talde, lan egiteko metodologia eta formekin ados ez egon. Gaur, urtebete beranduago, saldu ziguten plan zabal eta "eder" hartatik, merkataritzako 50 establezimendurekin lanean hasi behar dutela diote. Merkataritzako plan hau, duela 4-5 urtetatik martxan jarria dago edo gutxienik egon beharko luke. Orain berriz urtebete pasata, urtebetean ezer egin ez dutenez eta herriari zerbait azaldu beharrean aurkitzen direnez, bulegoren bateko, kajoiren batetik, hautsez beteta dagoen merkataritza plan hau ateratzen digute. Horri, bai Azpeitian eta bai Euskal Herri osoan IRUZURRA deitzen zaio, era berean adarra jotzea. Ezin dute, herritarron borondate eta diruarekin horrela jolastu. Zer egin du, urte oso honetan Azpeitiarra ez den(Patxi Saez)euskara teknikariak? Zertan eman ditu hainbeste ordu? Ordenagailuko "solitario" jokoan jolasten beharbada? Eta zertan egon da kultura zinegotzia? Neurriak hartu beharko ditu ezta? Eta euskara patronatua zenbat aldiz bildu da? Makina bat galdera ezta? Ba lasai egon, galderak egiten jarraitu beharko dugu, erantzun beharko luketenek ez baitigute erantzungo, zeren eta galderei erantzuteko, argumentatzeko gaitasuna, entzuteko gaitasuna... behar dira, hau horrela izanik, bakoitzak eman diezaiela galdera hauei erantzuna, ezta zaila ezta?