Masifikazioa kartzeletan (Alcala-Mecoko egoera)

Garikoitz Etxeberria 'Kafe' eta beste 21 euskal preso 2002ko eka. 27a, 19:06

Idatzi honen bidez, Alcala-Mecoko espetxean orain bi hilabetetik gora pairatzen ari garen egoeraren berri eman nahi diogu euskal gizarteari. Jakitun gara kartzelaren inguruan harrokeriz altxatzen diren harresi eskergek gu hemen barruan mantentzeaz gain, gure ideiak eta hitzak bahituta izateko helburuarekin altxatuak direla. Baina nekez lortuko dute halakorik; kanpoan gure ideiak jaso eta zabaltzeko gogoz jendea dagoen bitartean gure hitzek beti aurkituko baitute iheserako zirrikiturik. Oraingo honetan, gure hitzek masifikazioaz hitz egiten dute, bere arrazoiez eta gure haragitan nozitzen ditugun ondorioez.

Urteak dira espainiar estatuko kartzeletan presoen kopurua gora egiten ari dela etenik gabe, hau bereziki azken bizpahiru urteetan nabaritu delarik. Egun ia kartzela denak presoz gainezka daude, masifikazio ikaragarria dago, frankismo osteko lehen garaietan egondako masifikazioarekin soilik konpara daitekeena. Garai horretan indulto orokorrekin arazoari behin behineko irtenbidea eman zioten arren, berriro bete dituzte leporaino espetxe denak. Ez du ematen espainiar demokrazia (?) honek diktaduraren oso bestelako errezetak erabiltzen dituenik. Betikoa: ikasleak irakaslea berdindu eta gainditu egiten du.

Izan ere, masifikazio honek ez dio, noski, kasualitateari erantzuten, baizik eta Espainiako gobernuak aurrera daraman politika errepresibo orokorrari. Politika horren oinarrizko filosofia arras argia da: neoliberalismo basatienak ezartzen duen ordena edo bizitza eredua, arrazoi desberdinak medio (txirotasuna, bazterketa, ekinbide iraultzailea…), errespetatu ez edo zuzenki kolokan jartzen duen oro gizartetik ezabatua eta zuzenean kartzelara bidalia da bertan ustel dadin. Espainiako egunkari bat hartu eta eguneko berriak irakurtzea nahikoa da politika errepresibo horren osagaiez ohartzeko: poliziaren eta oro har kontrol sozialaren areagotzea, atxiloketen biderkatzea, epaileek kartzelaratze prebentiboaz dagiten neurriz kanpoko erabilera…hau guztia segurtasun ezaren mamuaren hedapenaz eta polizi-bideen aldeko apologiaz horniturik. Esandakoa: Francok ere ez zukeen hobeto egingo.

Horrek berdin balio du Euskal Herrirako ere, beste parametro batzuetan bada ere. Kontutan har, euskal preso politikoen kopurua nabarmen ari dela gora egiten eta halaxe segituko duela. Jadanik 600 inguruko zifretan gaude berriz, gure historiaren garai ilunenetako markak berdinduz.

Ez genuke aurrera jarraitu nahi esandakoaz, hots, masifikazioaren arrazoiez zein fenomenoaz nabarmenki ondorioztatzen den ideia nagusi bat adierazi gabe (nahiz eta euskal gizatean sobera ezagutua izan): saldu nahi izan diguten kartzela-sistemaren funtzio soziala (gogoratu "bergizarteratzea" eta gisako hitz ponpoxoak) gezur handi bat besterik ez da. Makinaria juridiko-errepresiboak beharrezkoa duen pieza zatia besterik ez dira espetxeak.

MASIFIKAZIOAREN ONDORIOAK ALCALA-MECOKO ESPETXEAN

Bi hilabete pasatxo dira Alcala-Mecoko kartzela masifikazio egoeran dagoela. Horrek suposatzen du 50 pertsonentzako pentsatuak diren modulotan 100 preso inguru dagoela. Horri gehitzen badiogu Alcala-Meco dela Madrilen dagoen kartzelarik zaharrena (20 bat urte) eta beraz, azpiegitura guztia zaharkitua eta baldintza oso desegokietan dagoela, ez da batere zaila imaginatzen zein ondorio larri dakartzan egoera honek bereziki "bizitza arrunteko" modulotan gauden ia 20 preso politikoentzat (bai hemen, "preventivos" deritzan gunean, bai "cumplimiento" deritzanean). Hona hemen ondorio horietako zenbaiten zerrendatxo argigarria, irakurlea egoeraren larritasunaz ohar dadin.

Oroz gain, eta guretzako larriena dena, ziega elkarbanatu beharrarena da. Beraien legeek zein nazioartean kartzeletako bizi baldintzen inguruan adostutako hitzarmenek garbi diote "ziega bat preso bat" printzipioa. Hargatik, Espainiako espetxeek kapazidade zehatz bat daukate, ziegen kopuruak markatzen duena, hain zuzen. Arestian aipatu legez, kapazidade hori gaindituta dago orain nahiko urte eta horri aurre egiteko "bilatu duten irtenbidea" presoak ziegetan binaka jartzea da. Praktika ohikoa da preso sozialei (bereziki sartu berriak eta kondena laburrak dituztenak) ziegan bakarrik egotearen eskubidea urratzea. Preso hauek (gehiengoa espainiar kartzeletan), dela beren eskubideen ezagutza ezagatik, kontzientziazio faltagatik, babesgabe sentitzen direlako edo errepresaliei dieten beldurragatik, egoera onartu eta euren eskubideak ez dira errespetatzen. Alcala-Mecon masifikazioaren arazoak gainezka egin duenean, praktika ohiko honi, preso politikooi ere bakarrik egoteko eskubidea urratzea gehitu diote, orain arte gai honekin egondako errespetua hautsiz. Kontutan hartu behar da espetxe honetako ziegak preso bakarrarentzat eraikiak izan zirela, gerora litera ziztrin bat jarrita birentzat bihurtu dituztelarik. Baina noski, ziegaren espazio eta duen "mobiliarioa" bera izaten jarraitzen du. Hamar metro karratuko espazioan bi pertsonek bizi beharra dugu, mahai eta aulki bakar batekin, arropa uzteko apal bakar batekin, komun bakar batekin…

Jantokian eta patioan arazoak ere ez dita txikiak. Ehun pertsonentzako maiz izorratuta egoten diren bi komun zikin baino ez dago patioan. Jantokian ere nekez sartzen gara 100 lagun. Preso kopuruak gora egin duen arren, janari kopuruak ez du maila berean gora egin eta inoiz afaldu gabe ere geratu izan gara.

Higiene pertsonalerako horren beharrezkoak diren dutxak oso urriak dira. Hamabi baino ez daude ehun pertsonentzako eta egunean 40 minutuz soilik egoten da ur beroa.

Adibideen zerrenda amaigabea litzateke, baina uste dugu goian aipatu ditugunekin argi geratzen dela gure bizi baldintzek nabarmen egin dutela okerrera masifikazioa dela eta. Egoera biziki larria da eta gure kartzelaldia duintasunez eramatea eragozten digu. Gure eguneroko bizitza erabat baldintzatua dago, ezinezko bihurtzen zaigularik, adibidz, bakoitzern ikasketak zein bestelako proiektu pertsonalak behar bezala garatzea.

Horren guztiaren aurrean ezin geldirik egon eta Alcala-Mecoko zuzendaritzari gure aldarrikapenak agertu genizkion. Kontziente gara (artikuluaren sarreran aipatzen genuen legez) masifikazioaren arazoa globala dela eta espetxe honetako zuzendaritzak ezin diola buelta eman. Hala ere, bere ardura bada presoak bizi baldintza duinetan bizitzeko dugun eskubidea errespetatzea eta badu zer egin franko.

Lehen pauso gisa, lehen bait lehen ziegetan berriro bakarka jar gaitzan exigitu genion. Hilabeteko epean zuzendaritzak inolako mugimendurik egiten ez zuela ikusita, borrokari ekitea erabaki genuen eta bi astetan zehar presiobide gisa 10 minutuko planteak (ziegara igotzeari uko eginez) egitea erabaki genuen (bitartean "cumplimiento" zonaldean dauden kideek txandakako gose greba bati ekitea erabaki zuten). Zuzendaritzaren erabaki berehalakoa izan zen, baina ez arazoa konpontzeko bidean, baizik eta zigorrak ezartzearen bidetik. Honela bada, borrokan emandako 15 egun horien ondorioz 18 egunetako isolamendu zigorra ezarri ziguten preso politiko bakoitzari. Aipatu beharra dago isolamendu zigorrak era ilegalean betearazi zizkigutela, izan ere, legeak dio ziegan bakarka bete beharrezkoa dela eta guri binaka betearazi ziguten. Puntu honetan salagarria iruditzen zaigu Espetxe Zaintzako Epaileak, gure eskubideak babesteko dagoenak, entzungor egin izana, zigorra betetzeko era olegal honen inguruan bidali genizkion kexa guztien aurrean. Afera honetan ere, beste behin, zuzendaritzaren aldean lerratu da lotsagabeki.

Borrokarekin aurrera segitu eta txapeoan sartu ginen heilabete batez. Honela, ziegan itxita ematen genuen kasik egun osoa, dutxa hartzko edo bisitentzako soilik ez ginelarik ateratzen. Zuzendaritzaren jarrera, berriz ere, beste alde batera begiratu eta arazoari irtenbiderik eman ez.

Une honetan, borrokan beste urrats bat ematea erabaki dugu eta eta borroka molde mixto bat martxan jarri dugu: aste batez plantoak burutzen ditugu eta hurrengoa txapeoan ematen dugu. Zuzendaritzak mutu jarraitzen du eta zigor gehiago ezartzea eta ilegalki betearaztea baino ez du egiten. Jadanik gutako bakoitzak 100 egunetik gorako isolamendu zigorrak ezarrita edo ezartzear ditu.

Egunetik egunera egoera okerrera doa. Gure eguneroko bizitza normaltasunez ezin garatzeari, ezarri zaizkigun zigor ugariak gehitu behar zaizkio eta baita zuzendaritzaren jarrera itxia ere, arazoaren konponbidea bilatzeari muzin egiten diolarik. Guk gure aldetik, bizi baldintza duinak errespetatzen zaizkigun arte borrokan jarraituko dugu, gure eskubideak errespetatuak izan arte.

Ez legoke gaizki gogoratzea, bukatu aurretik, Espainiako espatxetan dagoen masifikazioaren biktima garela, hain zuzen ere, espainiar estatuko espetxetan ilegalki dispertsaturik gauzkatelako. Hargatik, beste behin ere, dispertsioaren aurka oihu egin eta gure zigorrak Euskal Herriko kartzeletan eta bizi baldintza duinetan betetzeko dugun eskubiedea aldarrikatu nahi dugu. Ez gara sekula nekatuko gurea dena guretzako aldarrikatzen. Horregatik, dei bat luzatzen diogu euskal gizarteari, "Euskal Presoak Euskal Herrira" lau haizetara oihukatzen jarrai dezan eta preso politikoen ondoan bizi baldintza duinen aldeko borroketan, ahal den neurrian, parte har dezan. Denon lana garrantzitsua eta ezinbestekoa delako. Guztion artean lortuko dugu!