Bailarako bi zentral eoliko atzera bota dira

ERKAXO 2002ko mar. 7a, 23:03

Izazpi-Samiño-Oleta eta Hirukurutzeta-Karakate zentral eolikoak atzera bota ditu Eusko Jaurlaritzako industria, merkataritza eta turismo sailak. Arrazoi nagusitzat bertan dauden metal garaiko aztarna arkeologikoak hartu dituzte.

Urtarrilaren 24ean Azkoiti, Elgoibar, Soraluze eta Bergarako alkateek prentsaurrekoa eskaini zuten albistea kaleratuz.

Neurri batean albiste ona dela deritzogu gure bailarako bi mendigain oraingoz behintzat iragartzen zuten txikiziotik salbu gelditu bait dira.

Ez dugu ahaztu behar ordea Euskal Herrian beste hainbat eta hainbat zentral eoliko egiteko asmoa dutela. Tartean Ernio eta zelatun ondoan dagoen Gazumeko zentral eolikoa.

Zentral eolikoak ezarri nahi diren mendigain askotan badira aztarna arkeologikoak. Elgean egina duten zentralean adibidez zenbait aztarna arkeologiko bada, horien artean Euskal Herriko menhir edo zutarririk handiena (Sekilagakoa 5 metro luzekoa). Hala ere, badira mila arrazoi industrializazioa mendigainetara ez eramateko. Bailara zokoak nahiko txikitu ditugunean, orain gelditzen diren lau mendigainak erasotzen hasi behar al dugu?

Eusko Jaurlaritzak energi alorrean dituen hainbat proiekturen artean, zentral eolikoak aurpegi garbiketa soil bat besterik ez dira. Bizkairako aurrikusiak dituen zentral termikoen bitartez 3.000 MWatio inguruko potentzia lortuko lukete, eta aldiz zentral eolikoekin 175 MWatioko potentzia.

Erkaxokook hainbat ekitaldi antolatu ditugu, batez ere zentral eolikoen inguruan eta antolatzen jarraitzeko asmoa badugu, batez ere Gazumeko zentralaren inguruan. Ekitaldietara agertzeko gonbitea luzatzen dizuegu, izan ere IZADIA ez da National Geografic-en dokumentaletan telebistaz ikusteko soilik, bertan ere badugu zertaz gozatu eta baita zertaz kezkatu ere.

ZENTRAL EOLIKORIK EZ !

GAZUME BIZIRIK !

Gurekin harremanetan jarri nahi duenarentzat posta elektronikoa:lagunonakmb@hotmail.com