Deñe Garcia-Bravo Gaztea Maketa Lehiaketako finala irabazteko atarian gelditu da

Uztarria.eus 2020ko eka. 26a, 14:19
Deñe Garcia-Bravo, Gaztea Maketa Lehiaketako finalean.

Deñe Garcia-Bravo musikariak Gaztea Maketa Lehiaketako finala jokatu zuen atzo Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, baina ezin izan zuen lehia irabazi urrestildarrak. Raitx taldeak eskuratu zuen 5.000 euroko saria.

Deñe Garcia-Bravo musikariak Gaztea irratiak antolatutako 29. Maketa Lehiaketaren finala jokatu zuen atzo, osteguna, Donostiako Viktoria Eugenian, 20:00etan hasita. Talde bat, bikote bat eta bi bakarlari iritsi ziren finalera, eta "lehia estua" aurreikusten zuen urrestildarrak. Azkenean, ezin izan zuen txapela jantzi: izan ere, Raitx taldeak irabazi zuen lehia.

Lau artista edo musika talde lehiatu ziren atzokoan; Garcia-Bravo eta Raitx bakarlariak eta Klermoon bikotea epaimahaiak aukeratuta iritsi ziren finalera, eta Kilimak musika taldea, berriz, entzuleen GazteBizHitza Saria eskuratuta. Finalista guztiek hogei minutuko zuzenekoa eskaini zuten, eta Xabi Bandinik, Xabi Doncelek eta Izaro Andresek osatutako epaimahaiak erabaki zuen zein den 29. Maketa Lehiaketaren irabazlea. Garaileak 5.000 euroko saria jaso zuen.