Martxan da Joxe Takolo beka

Uztarria.eus 2020ko eka. 23a, 13:49
Joxe Takoloren oroimenezko irudia.

Uztailaren 13a izango da goi mendizaletasunarekin abenturarekin, zientziarekin, esplorazioarekin edo dibulgazioarekin lotutako proiektuak aurkezteko azken eguna. Proiektu irabazleak 3.000 euroko dirulaguntza eskuratuko ditu. Azpeitiko Udalak, Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak egiten dute Joxe Urbieta Takolo mendizale azpeitiarraren oroimenezko beka deialdia, 2001az geroztik.

Zabaldu dute jada Joxe Takolo bekaren 2020 ediziora proiektuak aurkezteko epea. Azpeitiko Udalak, Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak egiten dute Joxe Urbieta Takolo azpeitiar mendizalearen oroimenezko beka deialdia, eta goi-mendiarekin, abenturarekin, zientziarekin, esplorazioarekin eta dibulgazioarekin zerikusia duten proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte herritarrek.

Uztailaren 13a bitartean aurkez daitezke proiektuak Azpeitiko udaletxean, bertara joanda edo egoitza elektronikoaren bidez (Azpeitia.eus webgunean). Proiektuaren egileek eskaeraren atal guztiak bete beharko dituzte, eta NANaren eta partaideen federazioaren lizentziaren kopia ere erantsi beharko dituzte. Lizentziak bekara aurkeztu baino urtebete lehenago ateratakoa izan beharko du. Gainera, proiektuaren memoria aurrekontuarekin batera aurkeztu beharko da, bai paperean bai euskarri digitalean.

Proiektuak baloratzerakoan hainbat irizpide hartuko dituzte kontuan batzorde teknikoko kideek; besteak beste, proiektuaren originaltasuna eta zailtasuna, parte-hartzaileen profilak eta jardueren zein baliabideen finantzaketa izango dituzte kontuan. Joxe Takolo bekaren 2020ko ediziora aurkeztutako proiekturik onenak 3.000 euroko dirulaguntza jasoko du.

2001ean banatu zuten sustatzaileek aurreneko Joxe takolo beka. Urtez urte mendizaletasuna bultzatzea izan du xede bekak, eta munduan barrena askotariko proiektuak gauzatu ahal izan dituzte mendizaleek bekaren bidez jasotako laguntzari esker. Duela hiru urte, baina, inflexio puntu bat ezarri zuten bekaren antolatzaileek. Hain zuzen ere, aldaketak gauzatu eta deialdia indarberritu egin zuten. Hala azaldu du Egoitz Arruti Kirol batzordeburuak: "Joxe Takoloren izenak eta izanak goi mendizaletasunari lotuta jarrai dezan, bekari eusteko konpromisoa daukagu, eta mendizaleak proiektuak aurkeztera animatu nahi ditugu. Mendizaletasunaren eta gure balioek bat egiten dute erabat; herri izaera zehatz bat sortzen lagundu du eta horretan jarraitzea nahi dugu".

Joxe Takolo beka jaso dutenak

2001: Pumori.

2002: Nanga Parbat 2002.

2003: Elurretako leopardoa.

2004: Trangoko dorreak eta Ametsak mugimenduan noraino? 8c-aren kateraino.

2005: Euskal espedizioa Baintha Brakk.

2006: Hutsik gelditu zen beka.

2007: Mendi Bira 2007: escaladas de alta dificultad alrededor del mundo.

2008: Marokon eskalada.

2009: Eiger Northwand aske, Peru-Huayhuash espedizioa, Piolet kapitaina espedizioa Shisha Pangmara, eta Azkoitiarrak Fitz Roy-n espedizioa.

2010: Patagonia-Fitz Roy espedizioa.

2011: Hutsik gelditu zen beka.

2012: Circo de las inescanables.

2013: Hutsik gelditu zen beka.

2014: Valle del Rolwaling- Nepal: Drangnag Ri (6.804 m) eta Ripimo Shar Glacier.

2015: Incognita Patagonia 2015.

2016: Lagun Onak Mendi Bazkuna.

2017: Nun Dago Nun.

2018: Drangnag-era espedizioa.

2019: Hutsik gelditu zen beka.