Baigera jubilatuen elkarteak amaitutzat eman du ikasturtea

Uztarria.eus 2020ko eka. 23a, 10:56

Osasun larrialdiak eraginda, Baigera jubilatuen elkarteak antolatuta zituen ekintza guztiak bertan behera utzi behar izan ditu. Hori horrela, aurten ez dute kobratuko bazkideen kuota. Batzordeko kideak irailean bilduko dira egoera aztertu eta balorazioa egiteko.

COVID-19 gaitzak sortu duen egoeraren aurrean, Baigera Azpeitiko jubilatuen elkarteak hainbat neurri hartu behar izan du 2019-2020 ikasturteari amaiera emateko. Normalean, uztailean amaitu ohi dute ikasturtea, baina pandemiak hala behartuta, martxoaren erdialdetik aurrera antolatuta zituzten ekintza, ibilaldi eta kirol saio guztiak bertan behera utzi behar izan dituzte. Udaleko ordezkariekin bilera egin dute jubilatuen elkartekoek, eta ikasturtea amaitutzat emateko erabakia hartu dute; hau da, antolatuta zituzten ekintza guztiak bertan behera utzi dituzte oraingoz. Horri lotuta, Baigerako bazkideek urtero ordaintzen duten kuota ez dute kobratuko aurtengoan.

Jubilatuen elkarteak martxoan egin ohi du urteko Batzar Orokorra normalean, baina aurten ezin izan dute horrelakorik egin. Hori horrela, datorren urteko martxoan egingo du elkarteak batzarra; bi urteko gaiak landuko dituzte saioan. Bertan, batzordeko kide berriak zeintzuk izango diren azalduko dute, eta aurten Batzar Orokorrik egin ezin izan dutenez, 2021eko batzarrera arte behin-behineko izaten jarraituko du taldeak.

Baigerako batzordeko kideak irailaren hasieran elkartuko dira berriro egoera zertan den ikusi, balorazioa egin eta hartu behar diren erabakiak hartzeko. "Egoera hobetuko den itxaropenean, orduan ikusiko dugu zein ekintza jar ditzakegun matxan eta zein baldintzatan", zehaztu du jubilatuen elkarteak. Irailaren hasieran, bilera hori egin bezain pronto, jakinaraziko dituzte azken berriak ohiko lekuetan: Baigera I eta Baigera IIko sarreretan ipiniko dituzte agiriak, eta komunikabideetan emango dute informazioa.

Baigera IIko tabernaren esleipenari buruz ere galdetu dute jubilatuen elkarteko kideek udaletxean. "Udalaren erantzuna izan da lehen deialdian ez zela inor aurkeztu, eta orain, interesa azaldu duten batzuekin harremanetan jartzekotan dira, lehenbailehen erabaki bat har daitekeen ikusteko eta guneak zerbitzua ematen jarrai dezan".

Baigerako ordezakariek espero dute herritarrek ulertuko dituztela hartu dituzten erabakiak.