Lanaland proiektua jarri dute martxan, artileari erabilera berriak emateko helburuarekin

Uztarria.eus 2020ko eka. 22a, 15:03

Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren dirulaguntza lortu du Euskal Herriko hainbat erakunderen artean sortu duten egitasmoak; Urkome da erakunde horietako bat. Material plastikoak eta beste kutsatzaile batzuk ordezkatzeko erabili nahi dute, besteak beste, latxa ardien artilea.

Erabilera tradizionalak galduta edo baztertuta, artilea hondakin eta burukomin bilakatu da aspaldian artzainentzat. Horri irtenbidea emateko, eta bide batez artilea material berrerabilgarri bihurtzeko, Lanaland proiektua jarri dute martxan. Hego eta Ipar Euskal Herriko hainbat erakunde batu ziren iaz proiektuaren lehen zertzeladak eta horren bideragarritasuna finkatzeko. Orain, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren finantzaketa eskuratu berri dute, Poctefa izeneko programaren bidez, eta proiektuari eusteko moduan dira.

"Lanaland proiektuaren helburu nagusia bertako esne arrazetako ardi artilearen balio erantsia handitzea da; izan ere, orain hondakin izaera dauka, eta bertako nekazarientzat kudeaketa arazotsua bihurtu da. Proiektuaren asmoa produktu hori balioztatzeko irtenbide berritzaileak garatzea eta tokiko enpresei hazteko aukera berriak eskaintzea da, ekonomia zirkularraren ikuspegitik". Horrela laburtu dituzte esku artean dituzten asmoak Lanaland proiektuan elkarlanean ari diren erakundeek eta elkarteek. Neiker (Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutua) buru dela, Latxa Esnea kooperatibarekin batera, Urkome (Urola Kostako landa garapenerako elkartea, Araba. Bizkai eta Gipuzkoako landa garapenerako elkartak ordezkatuz), Ekolber (Chambre d'Agriculture des Pyrénées Atlantiques), Baionako Merkataritza Ganbera (Chambre de Commerce et de Industrie Bayonne Pays eta UPPA (Université de Pau et des Pays de l 'Adour) dira Lanaland-en kide. "I+G zentroen eta unibertsitateen, enpresa berritzaileen eta nekazariak ordezkatzen dituzten beste erakunde sektorial batzuen arteko lankidetzaren bidez" lortu nahi dituzte, izan ere, jarritako helburuak.

Artilearen aukerak

Material plastikoak eta beste kutsatzaile batzuk ordezkatzeko erabili nahi dute, besteak beste, latxa ardien artilea.. Euskal Herriko ardi arrazen ezaugarriak eta horien balizko erabilerak aztertuta, lau arlotan kokatu dituzte artilearen berrerabilera gauzatzeko aukerak, eta horiek jorratuko dituzte, proiektu zehatzak garatzeko bidean.

Horrela, artilea ehungintzarako, 3D inprimagailuetarako, ongarrietarako eta plastikoa ordezkatu dezaketen materialen sorrerarako nola erabili landuko dute proiektuaren kideek, "prototipoaren sorreratik merkatuaren azterketaraino garatuz".