Berrikuntzekin dator 2020ko Sorkuntza Beken deialdia

Uztarria.eus 2020ko eka. 19a, 23:28
Ezkerretik eskubira, Xabier Gantzarain, Eneritz Albizu, Ainara LarraƱaga, Asier Sustaeta, Olatz Prat eta Erika Olaizola, gaurko aurkezpenean.

Kultur sorkuntzako proiektuei bideratutako 12.000 euroez gain, beste 8.000 euro jarri dituzte Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak sorkuntza egonaldiak bultzatzeko. Uztailaren 20an bukatuko da proiektuak aurkezteko epea.

Kultur sortzaile berriei zuzendutako Sorkuntza Beken bosgarren aldiaren deialdia aurkeztu dute gaur Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak. Berrikuntza aipagarriekin datoz, gainera, Azpeitiko Sorkuntza Bekak, edukiari zein baliabideari dagokienez. Aurten ere kultur sorkuntzako proiektuei bideratutako 12.000 euro banatuko dituzte, baina horiez gain, beste 8.000 euro jarri dituzte sorkuntza egonaldiak bultzatzeko. Hain zuzen ere, bi egonaldi 4.000na eurorekin laguntzea da bekaren sustatzaileen asmoa; egonaldiak sei astekoak izango dira, Dinamoa sormen gunean egingo dituzte, eta sortzaileen egonaldia zein sorkuntza prozesurako behar dituzten bitartekoak lagunduko dituz deialdiak. Dinamoan bertan egin dute deialdi berria aurkezteko agerraldia udalaren eta Kultur Mahaiaren ordezkariek eta aurreko urteetan beka jaso duten bi herritarrek, Asier Sustaetak eta Erika Olaizolak. 2020ko deialdiaren oinarriak, berriz, eskura daude udalaren webgunean.

Koronabirusaren ondoriozko geldialdia kalte nabarmena eragiten ari zaie kultur sortzaileei eta jardunari, eta testuinguru horretan dator aurtengo Sorkuntza Beken deialdia. "Egoera honetan, iruditzen zaigu inoiz baino beharrezkoagoak direla beka hauek, eta inoiz baino beharrezkoagoa dela kulturari eta sorkuntzari bultzada bat ematea", adierazi du Eneritz Albizu udaleko Kultura batzordeburuak. Ildo beretik, azpimarratu du Albizuk "baliabideak mantendu ez ezik, areagotu" egin dituztela, guztira 20.000 euro emango dituztelako eta egonaldien modalitatea gehitu dutelako.

Iazko edizioan abiatutako bidetik, Dinamoa indartzea ere bada aurtengo deialdiaren xedeetako bat. Batzordeburuaren hitzetan, "sormena eta sortzaileak babesteko eta sustatzeko" jarri zuten iaz martxan Soreasun kokatutako gunea, eta Dinamoa "sormenaren habia" izatea nahi dute. Ainara Larrañaga zinegotziak gogora ekarri du iaz bekak jaso zituzten artistak izan zirela Dinamoa nolabait estreinatu zutenak, eta aurten ere espazio horren "erabilera bultzatzea" eta Dinamoak "euskal sortzaileen artean indarra hartzea" nahi dutela esan du: "Joan den urtean hainbat proiektu hemen sortu, esperimentatu eta saltseatu ziren, eta batzuk bertan estreinatzeko aukera ere izan zen. Aurten ere hori indarra ematea nahi dugu".

Larrañagak azaldu du, halaber, aurreko urteetan bezala "edozein arte diziplina" lantzen duten sortzaileek dutela beketara aurkezteko aukera

Elkarlanari gorazarre

Elkarlanaren balioa eta garrantzia nabarmendu dituzte gaurko agerraldian. "Gaur egungo Azpeitiko kultur mugimendu biziaren gakoa horretan datza, elkarlanean, eta benetan eskertzekoa da norbanakoek, taldeek, eta batez ere, arlo honetan Kultur Mahaiak egiten duen lana eta ekarpena", esan du Albizuk, "egiteko modu horri balioa eman" nahi diotela gehituta.

Olatz Prat Kultur Mahaiaren lehendakariaren esanetan, "ez da kasualitatea" Sorkuntza Bekak bosgarren urtera iristea, "jende eta talde askoren lana dago hor atzean". Beka horiek "hasieratik oso erantzun ona" jaso dutela dio Pratek, "gero eta hobea", eta "funtzionatzen duen formula" dela iruditzen zaio. Udalaren eta Kultur Mahaiaren arteko elkarlana goraipatu du Pratek ere; bi horiei sortzailean gehituta, "gauzak aurrera ateratzeko talde ona" osatzen dute, Kultur Mahaiaren lehendakariarentzat. "Eskertzekoak" dira, Pratentzat, "udalak jartzen dituen baliabideak eta erraztasunak", Sorkuntza Beken kasuan bezala. 2016an eman zituzten lehen aldiz Sorkuntza Bekak, eta lehen lau deialdietan 25 proiektu lagundu dituzte diruz; horietako gehienak Azpeitian bertan sortutakoak izan dira. "Kultura biziko bada, sortzaile gazteak, berriak, sortu behar ditugu, eta azpeitiarrek horretarako aukera eta baliabideak herrian bertan izatea txalotzekoa eta eskertzekoa" dela uste du Kultur Mahaiaren lehendakariak.

Laguntza, konpromisoa, elkarlana...

Asier Sustaetak eta Erika Olaizolak badakite zer den Sorkuntza Beka jasotzea, eta laguntza hori sortzaileentzat zer-nokako babesa den ere bai. Erabaki Produkzioak taldeko kidea eta estreinatzeko zorian den Korosagasti filmaren zuzendaria da Sustaeta, eta film horixe egiten laguntzeko bi beka jaso ditu: gidoia ontzeko lehendabizikoa, 2017an, eta filmaren ekoizpena laguntzeko bigarrena, 2018an. Olaizola, berriz, aktorea da, eta 2019an jaso zuen beka, Panpina antzezlana gauzatzeko. Biek azaldu dute beren esperientzia.

"Aurrekontu handia izan du gure proiektuak eta bekarekin ez dugu proiektu osoa finantzatu, baina bai zati polit bat", kontatu du Sustaetak, eta aitortu du Sorkuntza Beken laguntza "ezinbestekoa" izan dela Korosagastiren proiektua burutzeko: "Beste toki denetan erdi borrokan ibili gara xentimo batzuk lortzeko. Udalak eta Kultur Mahaiak horrelako sorkuntza lanak bultzatzeko aukera ematea ongi etorria da beti. Guri dagokigunez, laguntza hori bi aldiz jaso izana bi aldiz da eskertzekoa". Elkarlanaren balioa azpimarratu duenetako beste bat izan da Sustaeta, laguntza ekonomikoa ez ezik, hori izan baita beren proiektuaren ezinbesteko beste euskarria. "Herri honen beste indarretako bat" da elkarlana egilearentzat, "talde ezberdinen arteko konexio hori".

Olaizolak, bere aldetik, azaldu du iaz jaso zuen bekak buruan zebilkien asmo bat gauzatzeko balio izan ziola. "Bada modu bat barruan daukazun hori errealitate bihurtzeko. Azkenean, beka bat jasotzeak konprometitu egiten zaitu zeure buruarekin, zirikatu egiten zaitu, barrutik kanporako bidaia hori hasteko aitzakia ederra da". Laguntza ekonomikoaren garrantzia gutxietsi gabe, sormen prozesua garatzeko "espazio fisiko bat edukitzea" izan da Olaizolarentzat bekaren ekarpen garrantzitsuena, "sare hori sentitzea, komunikazio hori, ez zaudela bakarrik sentitzea". Dinamoan borobildu zuen Panpina obra eta Dinamoan bertan estreinatu zuen, azken Euskal Antzerki Topaketetan.

Gaurko agerraldian aurreratu du uztailaren 26an izango dela berriro Panpina Azpeitian ikusteko aukera, oraingoan Soreasu antzokian.