Lagun Onak txirrindulari elkartea, egoerara moldatzen

Uztarria.eus 2020ko eka. 20a, 15:26
Jon Arruti eta Gurutz Aldalur, Lagun Onak txirrindulari elkarteko zuzendaritzako kideak.

Lagun Onak elkarteko txirrindulariak nahiz ordezkariak geldirik egon dira orain gutxira arte, osasun larrialdiak eraginda. Txirrindulariak itzuli dira entrenatzera, eta uztailaren 26an jokatuko dute hurrengo proba, saninazioetakoa. Zuzendaritzako kideak ere egoera berrira moldatzen ari dira, "ahalik eta filosofia onenarekin".

Gainontzeko kirol elkarteak eta erakunde asko bezalaxe, Lagun Onak txirrindulari elkarteko ordezkariak ere "geldirik" egon dira oraintsu arte. Martxoaren 15ean ziren Azpeitiko San Jose Txirrindularitza Saria jokatzekoak; herritar guztiak etxean egotera bultzatu eta ekintza guztiak bertan behera gelditu ziren asteburu horretan, hain zuzen ere. Aste guztia zalantzan ibili ostean, bezperan jakin zuten proba gauzatzea ezinezkoa izango zela. Guztia ondo antolatuta zuten, eta lasterketa bertan behera uztea "pena" izan zela azaldu dute Gurutz Aldalur elkarteko lehendakariak eta Jon Arruti lehendakariordeak. Ordutik orain arte egon dira beren eginbeharrak albo batera utzita. Txirrindulariak etxean, eta zuzendaritzakoak geldirik; hori izan da egunerokoa.

Duela gutxi hasi dira berriro Lagun Onakeko zuzendaritzako kideak Bustinzuriko Errebalean duten lokalera joaten; egoera berrira egokitzea tokatzen zaie orain. Urtean bost lasterketa antolatu ohi dituzte, eta horietako lau bertan behera gelditu dira aurtengoan. "San Inazioetako proba egiteko aukera izango dugula uste dugu, uztailaren 26an. Eta irailaren 13an atzeratutako beste lasterketa bat jokatu ahal izango dela aurreikusten dugu". Bi proba horiek kadete mailako txirrindularienak izango dira.

Dena dela, gainontzeko sektoreetan izan den bezala, "nahikoa nahasmen" ibili dute denboraldiaren nondik norakoak adosterakoan. "Hasieran zabaldu zen uztailean berriro hasiko zela denboraldia, eta Eusko Jaurlaritzak aste honetan atera du dekretu bat txirrindularitza probak uztailaren 26ra arte ez direla hasiko esanez". Momentuz, beraz, bi proba horien antolaketan murgilduko dira txirrindularitza elkarteko kideak, eta denborak esango du nola joaten den denboraldia. "Guk dena presta dezakegu, baina jakitun gara posible dela zerbait aldatu eta probaren bat bertan behera gelditzea. Irailean egingo dugun lasterketara, adibidez, Euskal Herri osoko jendea etorriko da, eta ikusi beharko da zer egoeratan dauden beste lurraldeak. Hori egunerokoa izango da, eta horretara moldatu beharko dugu".

Hamabi txirrindulari, sasoiari ekiteko prest

Lagun Onak txirrindulari elkartean hamabi txirrindulari daude egun: kadeteak dira bederatzi eta jubenilak hiru. Eskualdeko elkartea da, eta beraz, Azpeitiko txirrindulariez gain, Azkoitikoak, Zestoakoak eta Beizamakoak ere aritzen dira taldearekin. Kadeteak entrenatzen Mikel Alberdi eta Jon Domingez aritzen dira, eta jubenilekin Domingez bera eta Iñigo Korta. Orain gutxira arte, txirrindulari bakoitza bere etxean aritu da entrenatzen arrabolaren gainean, baina maiatzean hasi ziren errepidera ateratzen.

Lehen egunak "arraroak" izan ziren, Arrutiren esanetan. "Azpeititik ezin ziren atera eta banaka entrenatu behar zuten; oso xelebrea izan zen. Denak herrian bueltaka eta elkarren gainean... Ezin asmatuta ibili ziren. Baina orain ja nahikoa normal ari dira entrenatzen". Uztailaren 26ko proba dute denek jomuga, eta horretarako prestatzen ari dira buru-belarri. "Sasoi pixka bat galdu dute, baina maiatzetik ari dira entrenatzen, eta pare bat hilabete eta erdi dituzte uztaileko lasterketa prestatzeko. Galdu duten hori erraz berreskuratuko dutela uste dut. Sasoi onean iritsiko dira denboraldi hasierara", erantsi du Aldalurrek.

Arrutik uste du bigarren mailako jubenilek izango dutela eragozpen gehiago. "Afizionatuetarako saltoa ematea tokatuko zaie hurrengo sasoian, eta aurtengo denboraldia motz geldituko zaie. Denboraldia osorik egin izan balitz, otsail bukaeratik urrira arte izango zituzketen probak, eta denbora tarte horretan ikasiko zuten guztia ez dute hiru hilabetean berdin barneratuko. Haien formazioari begira, pixka bat motz geldituko zaie denboraldia". Aurtengoan, "kalitatezko egutegia" faltako dela dio Aldalurrek. "Beste urteetan, Lagun Onakek Gipuzkoako Klasikoan parte hartzen du, baita Euskal Herrriko trofeoan ere, beste bi itzuli egiten ditu...  Aurten maila altuko lasterketa horiek faltako dira".

Osasun larrialdiak eragin duen egoerak konplikatu egin du Lagun Onak txirrindulari elkartearen jarduna, beste sektore guztiena bezala, baina haren ordezkariek "ahalik eta filosofia onenarekin" hartu nahi dute datorrena. "Ea denboraldia uztailean hasi eta urrian amaitzeko modua dugun behintzat. Horixe izango da denontzat seinalerik onena".