Bihar arratsaldean egingo dute Esklabak-Iturtzulo eremuko bigarren faseko etxebizitzen zozketa

Uztarria.eus 2020ko eka. 17a, 16:25
Esklabak-Iturtzulo eremuan egingo dituzten etxebizitzen irudi bat.

19:00etan hasita, 67 etxebizitza zozkatuko ditu erakundeak Soreasu antzokian; 39 babes ofizialeko eta 28 etxebizitza tasatu. 254 lagun daude zozketarako izena emanda. Aurrez izena eman duten herritarrek zozketa Soreasu antzokian bertan jarraitu ahal izango dute, eta COVID-19aren hedapena saihesteko protokoloa ezarri du udalak. Streaming bidez ere emango dute zozketa.

Bihar, osteguna, egingo du Azpeitiko Udalak Esklabak-Iturtzulo eremuko etxebizitzen bigarren faseko zozketa. Hain zuzen ere, 19:00etan hasita, 67 etxebizitza zozkatuko ditu erakundeak Soreasu antzokian; 39 babes ofizialeko eta 28 etxebizitza tasatu. 254 lagun daude zozketarako izena emanda.

Koronabirusaren krisialdiaren deseskalatze fasean egingo dute zozketa, eta horrenbestez, antzokirako sarrera mugatua izango da. Aurrez izena emanda duten herritarrek soilik joan ahal izango dute antzokira, baina gainerakoek ere izango dute jarraitzeko aukera; izan ere, udalak streaming bidez zuzenean emango du zozketa Azpeitia.eus webgunean.

Soreasura joaten diren herritarrek COVID-19 gaitzaren hedapena saihesteko protogolo zehatza bete beharko dute. Hori dela eta, jende pilaketarik sor ez dadin herritarrei antzokira garaiz joatea gomendatu die udalak. Horrez gain, maskara jantzi beharko da eraikinera sartzeko, eta sarreran eskuak garbitu beharko dira. Herritarrek hiru aulkitik batean esertzeko aukera izango dute, eta udalak maskara jantzita izatea gomendatu die herritarrei. Zozketa bukatzean aretoko ezkerreko atetik atera beharko dute Soreasura joaten direnek.

Lehenik babes ofizialeko etxebizitzen zozketa egingo dute, eta ondoren gauzatuko dute etxebizitza tasatuena. Bi kasuetan, onartutakoen zenbaki guztiak sartuko dituzte ontzian, eta zozketa bakoitzari dagokion etxebizitza kopurua esleitzeko adina zenbaki aterako dituzte; hau da, 39 babes ofizialekoen zozketan eta 28 tasatuenean. Azkena ateratzen den zenbakiak itxaron zerrenda hasteko balioko du; izan ere, azken zenbakiaren hurrengoa izango da itxaron zerrendako lehenengoa.

Joan den urtearen bukaeran jarri zuen martxan udalak Esklabak-Iturtzulo eremuko bigarren faseko etxebizitzak esleitzeko prozedura. Zozketa apirilaren hasieran egiteko asmoa zuten, baina COVID-19aren alarma egoera dela eta, prozedura administratibo guztiak etenda egon dira ekainaren hasiera arte. Esklabak-Iturtzuloko lehen fasean babestutako beste 64 etxebizitza zozkatu zituen udalak 2019ko urtarrilean, eta Altuna y Uria etxebizitza horiek eraikitzen ari da dagoeneko.