Arte eta Diseinu eskolako ikasleen lanak ikusgai, ostegunetik aurrera

Uztarria.eus 2020ko eka. 16a, 17:59
Arte eta Diseinu ikastegiko ikasleek Gabonetan Sanagustinen jarri zuten erakusketako irudia.

Betharrameko aretoan jarriko dituzte ikasturtean egindako askotariko lanak. Ekainaren 28ra arte egongo da zabalik: astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara; eta zapatuetan zein igandeetan, 12:00etatik 14:00etara. Herritarrek maskara jantzita sartu beharko dute erakusketa aretora.

Aurtengo ikasturte bukaera desberdina izanagatik, Arte eta Diseinu ikastegiko kideek ez dute hutsik egingo, eta ohiko moduan, urtean zehar egindako lanak jendaurrean jarriko dituzte ikusgai. Ostegunetik ekainaren 28ra arte izango dira lanak Betharramen, eta besteak beste, ikasleek egindako marrazkiak, eskulanak, margolanak nahiz egur lanak ikusi ahal izango dira han.

Astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara izango da zabalik Betharrameko aretoa, eta zapatuetan nahiz igandeetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara bitartean. Herritarrek maskara jantzita sartu beharko dute erakusketa aretora, eta eskuak garbitzea beharrezkoa izango da. Koronabirusaren krisialdia hasi zenetik Betharramen egingo den lehen erakusketa izango da Arte eta Diseinukoena.