Peñaren eta Aizperroren arteko apustua, uztailaren 18an

Uztarria.eus 2020ko eka. 15a, 13:44

Azpeitiko zezen plazan jokatuko dute. Oraindik ez dituzte zehaztu ez ordutegia, ez ikusle kopurua eta ez segurtasun neurriak, baina herritarrek apustuaz gozatzea nahi dute haren sustatzaileek. Joan zen martxoaren 14an ziren apustua jokatzekoak, baina Aizperroren lesioa eta koronabirusa tarteko, ez dute jokatu oraindik.

Zehaztu dute data: uztailaren 18an izango da Kepa Peñagarikano pilotari ohi azpeitiarraren eta Josean Olaskoaga Aizperro arraulari ohi oriotarraren arteko erronka. Bi datarekin zalantzan izan ostean, jarri dute apustuaren eguna, eta Azpeitiko zezen plazan jokatuko dute. Oraindik ez dituzte zehaztu ez ordutegia, ez ikusle kopurua eta ez segurtasun neurriak, baina herritarrek apustuaz gozatzea nahi dute haren sustatzaileek.

Apustua hitzartu zutenetik zehaztuta dituzte apustuan egin beharreko lanak: bi kirolariek ehun kiloko harriari 35 altxaldi egin beharko dizkiote, kanaerdiko sei enbor ebaki beharko dituzte eta 4,5 kilometro osatu beharko dituzte korrika. Joan zen azaroaren 22an adostu zuten apustua Peñagarikanok eta Aizperrok Azpeitiko Mendizabal tabernan; martxoaren 14rako jarri zuten hitzordua. Dena den, otsailaren 27an erronkaren data atzeratzea eskatu zuen Aizperrok, harriarekin entrenatzen ari zela min hartu zuelako, eta martxoaren bukaerarako jarri zuten data berria. Ondoren koronabirusaren krisialdia iritsi zen herrira, eta ezin izan dute oraingoz apustua jokatu.