Izarraitz txistulari taldekoen goiz eresia itzuli da kaleak girotzera

Uztarria.eus 2020ko eka. 14a, 13:23

COVID-19 gaitzak eragindako egoeraren ondorioz, joan den otsailaren 23an egin zuten jaietako azken goiz eresia Izarraitz txistulari taldekoek. Gaur, ekainak 14, kaleak girotzera atera dira berriro Azpeitiko txistulari taldekoak. Ohi bezala, zortzikoa eta kalejira bat jo dituzte Alde Zaharreko kaleetan egin duten goiz eresian. "Ekainaren 1etik aurrera, kultur ekitaldiak egiteko aukera zegoen, eta hainbat herritan hasita zeuden txistulariak dianak jotzen: Tolosan, Errenterian, Donostian... Azpeitian, berriz, gaur egin dugu itzulerako aurrena, normaltasun puntu horren bila edo, bizipoz pixka baten bila irten dugu", azaldu du Garikoitz Mendizabal Izarraitz txistulari taldeko kideak. Bestetan ez bezala, jendea balkoietan eta leihoetan sumatu dutela adierazi du txistulariak, "jendeak begi onez hartu duela esango nuke".

Segurtasun distantzia errespetatuz egin dute kalejira txistulariek. "Lau kide gara txistulari taldean, eta erraza daukagu kalejira egiten dugun bitartean gure artean distantzia errespetatzea. Horretan ez daukagu arazorik", esan du Mendizabalek.

Izarraitz txistulari taldekoek hileko lehen igandetan ez beste igande denetan egiten dute goiz eresia. Baina aurtengo uda "berezia" izango dela aurreikusten dute.