Martxan da Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorriaren Landetako zatia egiteko lehiaketa publikoa

Uztarria.eus 2020ko eka. 12a, 18:05

Bidegorriaren azken zatia egitearekin batera, "trafikoaren ordenazioa hobetzeko hainbat aldaketa" ere egingo dituzte. Hori dela eta, GI-2635 errepideak noranzko bakarra izango du Landeta hiribideko bidegurutzetik aurrera, Urrestillako noranzkoan. Horrez gain, autobus geltokiak ere egokituko dituztela aurreratu du udalak. 

Azpeitiko Udalak martxan jarri du Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorria erabat bukatzeko falta den Landetako lotunea egiteko obren lehiaketa publikoa. Erakundeak azaldu duenez, lotunearen inguruko proiektua inguruko bizilagunen, enpresen eta ostalarien iritziak kontuan hartuta osatu dute.

Aitor Bereziartua Hirigintza zinegotziaren hitzetan, bidegorriaren lotunearen eremua "gune konplikatua" da, eta horregatik izan dituzte kontuan inguruan bizi edo lan egiten duten herritarren iritziak: "Trafiko askoko gunea izateaz gain, bizilagunak, enpresak zein tabernak eta jatetxeak biltzen dira gune oso txikian, eta denen iritziak kontuan izan ditugu azken proiektua egiteko. Hilabeteetako lanarekin eta bilera askorekin osatu dugu proiektua, eta orain, epe motzean gauzatuko delakoan gaude". Bidegorriaren lotunea GI-2635 errepidearen ondotik egingo dute, okindegi zaharraren aurretik kiroldegiraino, Bijota dendaren aurreko espaloitik igaroz. Azpeitia-Urrestilla bidegorriak hor egingo du bat herriko bidegorri sarearekin.

Udalak azaldu duenez, bidegorriaren lotura egitearekin batera, "trafikoaren ordenazioa hobetzeko hainbat aldaketa" ere egingo dituzte. Hori dela eta, GI-2635 errepideak noranzko bakarra izango du Landeta hiribideko bidegurutzetik aurrera, Azpeititik Urrestillako noranzkoan. Horrez gain, autobus geltokiak ere egokituko dituztela aurreratu du udalak. Hain zuzen, Landeta hiribidean egokituko dituzte autobus geltokiak, Mendizabal jatetxearen parean. "Autobus geltokiak egokitzeaz gain, arriskutsua den bidegurutze horri ere irtenbidea eman nahi izan diogu, eta noranzko bakarrekoa izango da obrak egin ostean", adierazi du Bereziartuak.

Obrek 227.810 euroko hasierako aurrekontua dute, eta proposamenak aurkezteko epea uztailaren 6ra arte izango da zabalik. Obrak lizitatu ostean, lanak egingo dituen enpresak hiru hilabeteko epea izango du obrak amaitzeko.