Udal Gobernuak bat egin du arrazakeriaren aurkako biharko elkarretaratzearekin

Uztarria.eus 2020ko eka. 12a, 13:22

Bihar, zapatua, arrazakeriaren aurkako elkarretaratzea izango da plazan, 19:00etan, Elkar-ekinek eta Urolako hainbat afrikarrek deituta, eta Udal Gobernuak bat egin du deiarekin.

Arrazakeriarekin amaitu lelopean elkarretaratzea izango da bihar, zapatua, 19:00tan, Elkar-ekinek eta Urolako hainbat afrikarrek deituta, eta Udal Gobernuak ere bertan izango da. Gainera, herritarrak ere kontzentrazioan parte hartzera gonbidatu ditu erakundeak.

Maiatzaren 25ean AEBetako Minneapolis hirian poliziak George Floyd hil zuenetik, arrazakeriaren kontrako mugimendu eta ekintza ugari izan dira mundu osoan zehar, eta udalak azaldu duenez sexuagatik, arrazagatik, jatorriagatik zein erlijioagatik "inor baztertuko ez den herri bat" izateko lanean dihardu. Erakundeak dioenez, inor bazterrean utzi gabe "guztiek leku bat" izango duten herria dute helburu, eta adierazi du hori lortzeko lanean jarraituko dutela, neurriak ezartzen, hezkuntzatik berdintasuna bultzatzen eta herritarrak sentsibilizatzen.