Uztailaren 12ko hauteskundeez argitaratutako inkestaren inguruko azalpena

Uztarria.eus 2020ko eka. 9a, 10:00

Uztailaren 12an Eusko Legebiltzarrerako egingo diren hauteskundeen inguruko informazio ahalik eta osoena emateko helburuarekin datuen kudeaketarako zerbitzu bat kontratatu dugu, hauteskunde gauean bertan emaitzen bilakaera zuzenean eskaini ahal izateko webgunean. Zerbitzua emango digun enpresak, hauteskunde gauekoarekin batera, aurrez hainbat hedabide argitaratzen hasi diren inkestekin landutako grafikoak eskaini dizkigu. Hiru grafiko dira, bi Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoko estimazioekin eta hirugarrena herriz herriko zerrenda bozkatuenarekin. 

Herriz herriko informazioa interesgarria delakoan, enpresak hornitzaileak bidalitako hiru grafikoak argitaratu genituen atzo bertan, ekainaren 8an. Argitaratu orduko, baina, grafikoen informazioa osatzeko laginaren datuak eskatu genizkionean enpresa hornitzaileari, ohartu ginen hanka sartu genuela. Azaldu ziguten herriz herriko grafikoaren kasuan estrapolazio bat dela, laginean ez dagoela herriz herriko daturik, galdeketa ez dela herri guztietara iritsi. Hori jakinda, ikusirik emaitzak ez zuela oinarri sendorik, erabaki genuen albistea kentzea gure albistegitik. Hala adierazi genion enpresa hornitzaileari, eta jakinarazi genion hurrengo inkestak ere ezingo genituela argitaratu modu berean egingo badira.

Gure akatsa izan da argitaratu aurretik ez ziurtatzea herriz herriko aurreikuspenak egiteko nahikoa oinarri ez zegoela laginean. Barkamena eskatu nahi diegu irakurleei honek sortutako nahasmenagatik.