Koronabirusa Azpeitian

Jesus Mujika: "Gertuko txokoak ezagutzera joko dugu"

Uztarria.eus 2020ko eka. 23a, 12:42
Jesus Mujika.

Osasun krisiak eraginda, berezia izango da aurtengo uda. Ziurgabetasuna nagusi den arren, aurreikuspen batzuk egin ditu Iraurgi Berritzeneko turismo teknikariak 2020ko ekaineko Uztarria aldizkarian Ihintza Ekustondo kazetariak egin dion elkarrizketa honetan.

Koronabirusak nola aldatuko du Azpeitiko turismoa?

Ziurgabetasuna da nagusi uneotan. Osasun egoerari eta gaitzaren bilakaerari guztiz lotuta gaude, eta beraz, ez da erraza aurreikuspenak egitea; ez, behintzat, aurreikuspen zuzenak egitea.

Nolakoa izango da gutxi gorabeherako eszenatokia?

Eskariari dagokionez, nazioarteko bisitari kopurua jaitsi egingo da. Badirudi udan bidaiatzea ahalbidetuko dutela agintariek; Espaniako Estatuaren barruan bidaiatu ahalko omen da, eta Europako Batasunean herrialdeen arteko igarobide seguruak zabaltzea aztertzen ari dira. Beraz, jarduera turistikoa konfinamenduaren hasieran uste zena baino azkarrago dinamizatuko da. Baina sortuko duten beldur eta mesfidantza giroagatik, jendea etxe inguruan gelditzera bultzatuko duten beste bi faktore daude: COVID-19 gaitza bera eta gaitzak ekarriko duen atzerakada ekonomikoa. Festek eta kultur nahiz kirol ekitaldiek erakarritakoak ere aurten ez dira gurean izango. Horrek guztiak herriko ostalaritzan, turismo zerbitzuetan eta museoetan izango du eragina. Bestalde, barne turismoari lotutako eskari kopurua igoko dela aurreikusten da; hau da, eskualdeko biztanleak zein ingurukoak –autoz bi orduko distantziara bizi direnak– gurean ibiliko dira, aisialdiari lotutako jarduerak egiten. Horrek eragin positiboa izango du herriko naturguneetan, aisialdirako espazio irekietan, museoetan eta ostalaritzan. Ikusteko dago nazioarteko turismoaren eta barne turismoaren arteko balantzea nolakoa izango den, baina nazioarteko turismoaren beherakadak azpisektore ekonomikoetan —ostalaritza edo turismo zerbitzuak, kasu— eragingo duen galera ez da barne turismoaren irabaziarekin konpentsatuko.

Eta zer eragin izango du eskaintzan?

Sektorean diharduten eragileek ezarri beharko dituzten osasun eta garbitasun neurriek guztiz baldintzatuko dute beren jarduna. Horri lotuta, ikusi egin beharko da negozioak, orain arteko ereduari eutsiz, gai izango ote diren zabalik eta errentagarri mantentzeko. Eragile pribatuek nahiz publikoek berrasmatu egin beharko dituzte beren zerbitzuak eta eskaintza turistikoa jorratzeko moduak.

Azpeitiarrek zituzten planak nola aldatuko dira?

Nazioarteko bidaiak egiteko asmoa zutenek zaila izango dute beren nahiak gauzatzea. Izan ere, nahiz eta Europako Batasuneko zenbait herrialderen artean mugak zabaltzea posible izan daitekeen, ikusi egin beharko da zer baldintzatan zabaltzen dituzten. Hau da, sarrera-irteerako osasun neurriak aztertu beharko dira, neurri horiek asko zaildu dezaketelako bidaiatzea. Bestalde, ez dirudi Amerikako, Asiako edo Afrikako herrialdeetara bidaiatzea posible izango denik, mugak itxita egongo direlako. Printzipioz, Espainiako Estatuaren barruan mugitu ahal izango da, eta uste da azpeitiar askorentzat ohikoak diren kostako edo mendialdeko jomugetara iristeko arazorik ez dela izango. Beste kontu bat da jomuga horietan ezarrita egongo diren osasun eta garbitasun kontrolek zenbateraino egingo duten erakargarri desplazamendu horiek egitea. Horrek asko eragingo du jendearen asmoetan. Aurtengo uda Euskal Herriko txokoak ezagutzeko aprobetxatuko dugula uste dut, eta benetan, ez da aukera txarra.

Nolakoa izango da uda?

Erantzun zehatza jakingo banu... Osasun arazoari irtenbide segurua eman bitartean definituko den "normaltasun berriaren" eta horren barruan ezarriko diren arauen araberakoa izango da hori, eta momentuz, ziurgabetasun egoeran gaude. Ziurtzat ematen da ohikoak diren hainbat jarduera egiteko mugak egongo direla udan. Edukiera mugatuak eta osasun nahiz garbitasun neurri zorrotzak ezarriko dituzte igerilekuetan, hondartzetan, kirol nahiz kultur ekitaldietan, museoetan, ostalaritza zerbitzuetan eta abar.

Mundu zabalean, zer gertatuko da turismoarekin?

Turismoaren Mundu Erakundearen (TME) arabera, 2019an 1.400 milioi turista desplazatu ziren mundu osoan, eta 2020rako aurreikuspenek diote %60-%80 bitartean jaitsiko direla mugimendu horiek. Beherakada horrek 1978ko kopuruetara garamatza; zifra aldetik, ikaragarria da. Bestalde, zifra horiek atzean beste irakurketa edo hausnarketa bat gordetzen dutela uste dut: 1980ko hamarkadaz geroztik gailendu den eredu ekonomiko neoliberalaren barruan eraiki den turismoaren jasangarritasunaren gainekoa. Garbi dagoena da hau amaitzean ez garela lehengora itzuliko; hau da, mundu mailako bidaiak ez dira egun batetik bestera pandemia aurreko zifretara iritsiko, pixkanaka errekuperatuko da. Horrek TMEko partaide diren herrialdeei denbora eman beharko lieke turismo ereduaren gaineko hausnarketa egin eta turismo jarduera eredu jasangarriago batera bideratzeko; turismo eredu hobea eraikitzeko.

Zer joera indartuko dira herritarren artean?

Egin ahal izango diren jadueretan norbera eta ingurukoak zaintzeko joera, edo hala izan beharko luke. Turismoari dagokionez, ezagutzen ez ditugun gertuko txokoak eta bazterrak ezagutzera joko dugu.

Azpeitiko ekonomian eragin handia izango al du turismoaren beherakadak?

Azpeitiko ehun ekonomikoa industriala da gehienbat; beraz, turismoaren beherakadak soilik ez dio gehiegi eragingo Azpeitiko ekonomiari. Hala ere, sektorean eragin handia izango du beherakadak: ostatuetan, bidaia agentzietan eta turismo zerbitzuetan zuzenean eragingo du, eta tabernetan, jatetxeetan eta merkataritzan, zeharka. Zenbaki orokor hotzetatik haratago begiratuta, ezin zaigu ahaztu enpresa horien atzean lanpostuak eta bizi proiektuak daudela.

Iraurgi Berritzenek zer sustatuko du uda honetan?

Lehenaz gain, gehiago zentratuko gara barne turismoan: herritarrek eta ingurukoek asialdiaz gozatzeko aukerak sustatuko ditugu. Hiriburuetan eta kostaldean sor daitezkeen pilaketetatik urrunduko da jendea, eta aire zabalean jarduerak egitea bilatuko du: landetxeetan ostatu hartu, furgoneta eta autokarabanetan mugitu... Herrian eta eskualdean ditugun baliabideak kontuan izanda, askotariko planak sustatuko ditugu: familientzat, naturguneetan jarduerak egitea gustatzen zaienentzat, kultura gogoko dutenentzat… Izarraizko Bira, Urolako Bide Berdea, parkeak eta espazio berdeak, museoak, Loiola, Inaziotar Bidea... osagai bikainak dira proposamen txukunak osatzeko. Gainera, euskara turismo jardueraren erdigunera ekarrita, Uemarekin eta udaletako Euskara sailekin proposamen bat lantzen ari gara, pandemiak utziko duen agertoki turistikora ondo egokituko dena.